Bertsolaria

Txomin Ezponda: «Xalbadorrek arrazoia xoragarriki erabiltzen zuen»

Txomin Ezponda Xalbadorrekin hasi zen oholtza gainean bertsoak kantatzen. Haren bikaintasunaz mintzatzeaz gain, 2006 bitarte bertsolaritzak lagunak eman dizkiola kontatu du; txapelketan baino gehiago plazan ibiltzea gustatu zaio.

Txomin Ezponda bertsolaria, Ahetzen. PATXI BELTZAIZ
Txomin Ezponda bertsolaria, Ahetzen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Ahetze
2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe aitzinean xutik eta adi egon da Txomin Ezponda bertsolaria (Jatsu, Baxenabarre, 1937) kazetariaren zain. Bertsolaritza klasikoko azken ordezkarietarik bat da, Treku, Xalbador, Xanpun, Alkhat eta Mendiburu izan baitzituen ohiko oholtzakide. Eta elkarrizketan hori azpimarratu du behin eta berriz: «Denak hilak dira!». Baina, ahalaz irri eginez eta anekdotak kontatzeko zalutasunez, Xalbadorrekin bizi izanikoa eta bertsolari gisa 2006 bitarte egin ibilbidea ekarri ditu gogora. 

Xalbadorren omenaldi egunean han zinen, bertsolari gisa. Nola bizi izan zenuen egun hura?

Ezin sinetsirik gelditu nintzen. Mixel Labeguerie zen arratsaldeko saioaren aurkezlea, ez banaiz oker, eta Xalbador ikusi genuen ateratzen. Uste genuen pixa egitera joana zela, baina ez zen itzuli. Labeguerie medikua zen, eta haren gibeletik joan zen. Memento baten buruan itzuli, eta saioa geldiarazi behar izan zuen. Hortik gutira iragarri zigun Xalbador hil zela. Uste dut denbora hartan pleini zela bihotzetik, eta egun horretan, gainera, emozio anitz zuen. Jende andana bildu zen Urepelen, eta iruditzen zait hori dena sobera zitzaiola. «Enetako ederregia eta handiegia da», erran zigun goiz hartan.

Zuen belaunaldiarendako erreferentzia bat zatekeen, ezta?

Nik aditu ditudan bertsolarietan ederrena izan da. Bat-batekoan denetarik ibiltzen zuen. Bertsolari ederra zen, bere hizkuntza eta Euskal Herria oroz gainetik maite baitzituen.

Oholtza anitzetan ibili zineten elkarrekin?

Xalbador eta Mattin ezin bereiziak ziren, eta garai hartan Xanpun eta ni haiekin ibiltzen ginen kermezetan kantari. Apezek egiten zituzten ekitaldi horiek, eta haietan bertsotan aritzen ginen anitz. Zikiroetan eta herriko bestetan ere bai. Anitz aldiz gurutzatu izan dugu elkar, baina Xalbador eta Mattin deitzen zituzten lehenik, eta gu gero, saio handiago bat osatzeko beharra bazen. Mattin irriz eta arinkeriatan aritzen zen anitz, eta bestea, berriz, serioagoa zen, baina xoragarriki erabiltzen zuen arrazoia. Egun guziz bertsotan ari zen, eta bere euskara ederra lantzen zuen. Bakan ikusi izan dut hain hizkuntza aberatsa zuen bertsolaririk.

«Mixel Labeguerie zen arratsaldeko saioaren aurkezlea, ez banaiz oker, eta Xalbador ikusi genuen ateratzen: uste genuen pixa egitera joana zela, baina ez zen itzuli»

Hain zuzen ere, Xalbadorrekin oholtzaratu zinen lehen aldikotz.

[Irri egin du] Ni dantzaria nintzen. Kabalkadetan ibiltzen nintzen, eta, ordukotz, lagunen artean bertsotan aritzen nintzen, ez ontsa, baina zerbait, bizpahiru lerro ahal bezala! Donibane Garazin aritu ginen dantzan egun hartan, eta Xalbador bakarrik gelditu zen taula gainean, Mattin ez baitzitzaion jin. Kermeza eguna zen, eta bizpahiru bertso kantatu ondoan galdegin zuen ea bazenetz norbait bertsotan zekiena. Eta lagunek erran zidaten: «Are, espantuka ari haiz gurekin, eta orain zer?», eta hala-hala igan ninduten taulara, dantzariz beztiturik. Han bertso batzuk kantatu, eta Xalbadorren ezagutza egin nuen.

Markatu zaituen bertze bizipenik izan zenuen harekin?

Otsalde bertsolariaren omenaldi egunean. Mezaren ondotik joan nintzen, Mattin eta Xalbador han ziren, eta ametsetan ere ez nuen pentsatzen bertsotan eginen nuela egun horretan. Labeguerie diputatu zen garai hartan, eta erran zidan kontent zela bertsolari gazte berri bat izateaz. Galdegin zidan ea bizpahiru bertso ez nituenetz kantatzen ahalko. Xalbador bezainbat txalotu ninduten gaztea nintzelakotz, ez hura baino hobea nintzelako [irriz hasi da].

Garai hartan bertsoa herriko besta guzietan zela dirudi.

Segur aski, jendea euskaldunagoa zelako. Herri guzia euskaraz ari zen, eta, horri loturik, bertsoa errazago zabaltzen zen. Konparazione, urte guziz Eiheralarren kermeza egiten zen, eta urte guziz bertso saio bat izaten zen herrian.

Txomin Ezponda bertsolaria, Ahetzen. PATXI BELTZAIZ
Txomin Ezponda bertsolaria, Ahetzen. PATXI BELTZAIZ
Zure haur denboran etxeetan bertsotan aritzen zen gehiago?

Izan ogi jotze, zerri hiltze edo horrelakoetan, gehienetan bertsoa bazen; kiskun-kaskun aritzen ginen, baina bazen bertsotan aritzeko giro aproposa. 24 urte nituen plazan hasi nintzelarik. Radio Adour irratian lan egiten zuen Maite Barnetxek, eta jendeak igortzen zizkion bertsoak leitzen zituen igandeetan. Aste batetik bertzera gai bat edo bi ematen zituen, eta gaiari erantzunez behar genituen bertsoak izkiriatu eta igorri. Halaxe hasi nintzen bertsolaritzan murgiltzen.

1983an Nafarroako txapelketa irabazi zenuen. Bertsolari gisa nola bizi izan duzu txapelketa giroa?

Egiari zor, bertsotan hitzematen duzu joanen zarela, eta batzuetan ez zaizkizu ideiak burura jiten, edo ez duzu gogorik baina bertsotan egin behar duzu. Behin izana naiz txapeldun eta bertze aldi batez bigarren, baina ez nintzen biziki prest txapelketarako. Eta gauza bat erranen dizut: jujeak hastio nituen. Zazpi edo zortzi gizon ziren, eta anitzetan ez zekiten gauza handirik gure euskalkiaz eta gure erreferentziez. Iruditzen zait folklorearekin lotzen zela txapelketa denbora hartan.

Txapelketan parte hartzeko, nola lantzen zenuen alde teknikoa?

Besteak anitz entzunez, eta nik xantza ukan dut doinuak erraz ikasten nituelako: bizpahiru aldiz aditu eta barneratzen nuen doinu bakoitza. Egun guziz pasatzen nituen buruan, eta gero automatikoki heltzen zitzaizkidan. Bertzalde, liburuak leitu eta aktualitateaz jakinean izaten nintzen.

«Jujeak hastio nituen. Zazpi edo zortzi gizon ziren, eta anitzetan ez zekiten gauza handirik gure euskalkiaz eta gure erreferentziez»

Txapelketaz bertzelako plazetan ibiltzea nahiago zenuen, beraz?

Nik besta giroko bertsoa maite nuen, otordu baten inguruan antolatzen den bertsoa. Gero, oraino ere ene buruari plazer egiteko kantatzen ditut bertso batzuk, memoriaren argia atxikitzeko, baina lagun guziak galtzen dituzularik, den-denak hilak direlarik, ez duzu egiten ahal berriz, ez baituzu gogorik. Pentsa garai hartan nola hasi ginen! Bizpahiru aire ikasi, eta haiekin kantuz aritzen ginen arratsalde osoan!

Hego Euskal Herrira joan ohi zineten bertsotan aritzera, ezta?

Ni saioen aditzera joaten nintzen gehiago. 1967ko txistuen momentuan han nintzen, Donostian. Ontsalaz, txapela egun hartan Xalbadorrek behar zukeen. Uztapidek berak erran zigun, Saran, Xalbadorrek behar zuela txapela. Hark irabazi zuen, publikoa eta epaimahaikide gehienak hangoak zirelakotz. Saio zoragarria izan zen, baina Xalbadorrek sufritu zuen.

Nola ikusiak ziren Ipar Euskal Herriko bertsolariak han?

Beti ttipiago, maila apalagokoak ginen; haiek ziren jaun eta jabe guri konparaturik, haiek zuten manatzen, eta gu bigarren klasekoak ginen [irriz hasi da]. Baina ez du inporta! Han ere lagun zoragarriak egin ditut! Lopategi, Lazkao Txiki, Lizaso, Amuriza, horiekin denekin aritu gara, nagusiak haiek ziren, baina ontsa ari ziren zinez!

«Beti ttipiago, maila apalagokoak ginen; haiek ziren jaun eta jabe, haiek zuten manatzen, eta gu bigarren klasekoak ginen. Baina ez du inporta! Han ere lagun zoragarriak egin ditut!»

Bertsolaritzak lagun sare bat eman dizu?

Hori dit gehienik eman. Saio ofiziala egiten genuen usu, eta gero, hura finiturik, beste saio bat egiten genuen anitzetan, entzuleen artean ostatuan ginela. Bertsolaritzaren medioz, lagun anitz egin ditut, eta lagun onak; orain denak hilak dira. Zer nahi duzu, 2006an erretiratu nintzen plazetatik. 

Zuen denboran etxean hasi zineten bertsotara hurbiltzen, zeuen kabuz. Harrezkeroztik aldaketa handiak sumatu dituzu?

Egun, bertso eskolak badira, eta gazte anitz ere bai. Ikusi dut beste aldaketa bat: hastapenean librean baizik ez ginen ari, eta ondotik Mixel Itzaina hasi zen gaiekilako saioak lantzen. Nahiago nuen gaiekin aritu, luzaz librean aritzea nekagarri baitzen.

Bertso eskolek zer ekarri dute?

Jakitate bat. Guk ez genuen bertsoari buruzko jakintza osoa. Konparazione, Amets Arzallusekin egin izan ditut saio franko, eta gure aldean perfektuak dira egun, kasik sobera!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA