Dozenaka herritarrek manifestazioa egin dute Baionan, salatzeko Frantziako Gobernuak Yadan legea pasarazteko borondatea duela oraindik ere. Apirilean aurkeztu zuten Frantziako Asanblean, baina eragin zuen polemikaren ondorioz atzera egitea erabaki zuten. Azkenerako, gobernuak bere egin du, eta heldu den uztailaren 1ean aurkeztuko dute Frantziako ministroen kontseiluan, ondoren Asanblean aztertu dezaten. Baiona Palestinarekin kolektiboko kideen hitzetan, «masiboa» izan da Frantzia mailan legearen kontra izan den mobilizazioa. 700.000 herritarrek sinatu dute proiektuaren kontrako izenpe bilketan. Yadan legeari ez! lelopean egin duten mobilizazioan «aurkakotasun osoa» adierazi diote «askatasun suntsitzailea» izanen den testuari. «Erresistentzia antisionistaren alde eta eskubide politikoen murrizketaren kontra antolatzera, borrokatzera eta mobilizatzera deitzen dugu».
Ikusi gehiago
Hilabeteak dira Caroline Yadan diputatu macronistak lege proposamena aurkeztu zuela, eta haserrea fite eragin zuen, antisemitismoa eta Israelgo Estatuaren kritika parekatzen baititu lege testuak. «Antisemitismoa borrokatzearen aitzakiapean, lege horrek herri palestinarrarekiko sustengua oraindik gehiago kriminalizatzeko eta adierazpen zein protesta eskubidea oraindik gehiago murrizteko xedea du. Hala, estatuaren autoritarismoa indartzen duen dinamika sakontzen du», erran dute Baiona Palestinarekin kolektiboko kideek.
Zehaztu dute lege proiektuak, apirilean aurkeztu gisan, sionismoari eta Israelgo estatuari buruzko kritika oro juduen kontrako gorrotoarekin parekatzen duela, eta hori «nahasketa biziki larria» dela deritzote. «Gainera, palestinar herriaren kanporatzea, desjabetzea eta haren eskubideen ukazioa oinarri duen estatu genozida, kolonialista eta supremazista horren existentzia da herri palestinarraren zapalkuntzaren kausa. Horrenbestez, Israelgo estatuak existitzen segitzen dueno, aterabide justu eta iraunkorrik ez da posible izanen», ebatzi dute.
«Eraso errepresiboak»
Palestinarekiko sustenguaren «kriminalizazioarekin» lotu dute Frantziako Gobernuak bere egin duen lege proiektua. «Frantziako Estatuak terrorismoari gorazarre egitearen akusazioa baliatzen du nagusiki, erresistentziarekiko sustengua erreprimitzeko». Azken asteetan izan diren «eraso errepresiboak» salatu dituzte beraz, hala nola Supernova aldizkari marxista-leninistako editoreen atxiloketa, Samidoun eta Iranekin Bat taldeetako kideen atxiloketak eta Gabriel Cardoen militante komunista iraultzailearen atxiloketa. Aipamena egin diote, halaber, elkartasun flotillakoei Loiun (Bizkaia) egindako harreran Ertzaintzak izandako jokabidea ere. «Bortizkeria errepresibo horiek guztiak salatzen ditugu, eta gure elkartasuna adierazten diegu borroka horretan parte hartzen duten pertsona guztiei, palestinar erresistentzia babesten dutenei, eta horregatik estatuek errepresio bidez isilarazi nahi dituzten guztiei».
Baiona Palestinarekin taldeko kideek erran dute ez dituztela onartzen Palestinako herriarekiko elkartasuna «mehatxu, zentsura edo intimidazio» bidez «isilarazteko» saiakerak. «Palestinar herriak bere askatasunaren alde eramaten duen borroka osoki sustengatzen segituko dugu. Herri kolonizatuek zapalkuntzaren eta okupazioaren kontra erresistentzia egiteko duten eskubidea defendatzen dugu. Ez da isilaraziko gaituen legerik, ezta gibelaraziko gaituen intimidaziorik ere».