MARTTA IRIGOIEN

Zenbat kosta du(gu)?

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekonomika irakasleak galdegin zigun: «Zenbat emanen zenidakete kanpoko arbola horren ez mozteko?». Berehala, ikasle guziek burua kanpora itzuli, arbolari behako bat eman, eta beren artean estimuak egiten hasi ziren: «50 euro» batek, «Mila euro» besteak, «Ba, moztu, berdin zaigu [irriak]». Ene inguruan ditut, ekonomia ikasketak egin ondoan, business munduan arituko diren gazteak. «Oraina eta geroa». Sesiturik egon nintzen, eta, etxera sartuta ere, marmarka nenbilen.

Sistema kapitalista honetan bar-bar-bar, denak du balioa, merkatu balioa. Ekonomiaren zirkuituan ibiltzeko, gure begiek guziei die prezioa ematen. Baina naturak, isilik, merkatuaren hizkuntza hori ez du mintzatzen. Bai ala bai, haren ustiapena eta suntsiketa mugagabea justifikatzen ditugu.

Arbola horiek etxe berriaren eraikuntzan oztopatzen dute? Ondoko minutuan, pala mekanikarekin, brau, ez da gehiago arazo bat. Belar tzar horiek gure etxeko sargia zikintzen dute? Ondoko minutuan, pozoi hedagailuarekin pxit, ez da gehiago arazo bat. Gure ingurumena, berezkoa balitz bezala hartzen dugu.

Enpresa eta gobernu batzuek, arazo honi ihardukitzeko entsegu batzuk egiten dituzte. IKEA enpresa Hiriburun instalatu zenean, bertako azekia, landare eta animaliak xintxikatu zituenean, bere minak konpentsatu nahi (behar?) izan ditu, beste eskualde batean hainbat arbola landatuz. Batak bestea ordezkatzen balu bezala.

Oro har, egun, enpresek eta gobernuek, kutsatzeko dretxoa erosten dute —adibidez, karbono kredituarekin—, beren irudia zurituz gainera. Goazen buru-belarri sistema bururaino xurgatzera!

Zenbat emanen nizuke kanpoko arbola horren ez mozteko? 

Deus ere ez. Tirrit. Ez moztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.