Euskaraldia abiatzeko hitzalditik tiraka

Zabalik elkartea
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herri guztian bezala, Amikuzen ere erronka bereziak ditugu. Euskara guti entzuten dela erraten da, baina euskara egun guztiz mahai gainean da hemen ere: ikastolan azken 56 urte hauetan belaunaldia belaunaldiari segi euskalduntzen gaituzte, eskola elebidunetan haurren erdiaz goiti euskararekin harremanetan da; ez da aski, murgiltzea behar dugu eskola guztietan eta haur guztientzat, berdintasunaren izenean.

Zer da egiteko molde hori haurren arteko desberdintasunak ezartzen dituena, elkar ez ulertzeko haziak ereinez adin ttipitik haste? Zer jendarte mota eraiki nahi dugu? Ez ote da «vivre ensemble»-aren izenean aho beteka ari garenean, denei euskaraz bizitzeko parada, elkar ulertzea, maila berean ezarri behar?

Berdin helduekin, gau eskolaren beharra dugu, eta edonork euskara dohainik ikasteko erraztasunak behar ditu, arrazoi berengatik.

Anitz galdegitea dea, gure herrian, euskararen herrian, euskaraz mintzatzeko bermeak ukaitea?

Hiru belaunaldi aski izan dira euskara gal dadin gure artean. Hizkuntz politika horretara egokitua izan da: frantses hutsezko murgiltze eredu baztertzailea inposatua, euskararen desprestigio kanpaina bidegabea, frantses hutsezko administrazio, lan mundu eta aisialdiak. Hiru belaunaldi gurea mendratzeko, dinamika kontua da, deus ez baita estatikorik elebitasun gisa saltzen diguten diglosia egoeran.

Euskararen orokortzea ere hiru belaunaldiz egitea pentsatu behar dugu. Batetik, ondoko belaunaldiekin eginez apustua, baina gaurkoak ere xedearen partaide eginez.

Jende bat izutzen du proiektu honek. Alabaina, frantsesaren inposatzean euskaldunek pairatu dugun trauma psiko-soziologiko-kulturala frantsesdunek berek ere bizi ahal izanak beldurtzen ditu. Uste baitute berek inposatu moldean baizik ez dela egiten ahal, bidegabeki.

Guk, elebidunek, badakigu gure burumuinek bi eta gehiago hizkuntza ohatzen ahal dituztela problemarik gabe. Ez da beharrezkoa jendea setiatzea, umiliatzea eta gaizki tratatzea.

Euskaraz bizitzea ez bada Euskal Herrian lortzen ahal, non eginen da orduan? Ala azaleko atxikimendu baten gibelean hizkuntzidio, kulturzidio eta etnozidio baten aldeko postura bat da gordetzen azken finean?

Euskaldunak sortuko dituen egiazko hizkuntz politika bat dugu helburu. Urrun gara. Bidean goazela, ez utzi geroko, urrun delako estakuruan; egin dezagun jada bagina bezala, beti, denetan, denekin eta edonola, euskaraz emanez lehen hitza, bigarrena, hirugarrena, belaunaldiz belaunaldi...

Elkar mugituz eginen dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.