1917an, Lesakan, euskal musikari ekarpen handia egin dion akordeoilari, bertsolari eta konpositore bat jaio zen: Pepito Iantzi. Hainbat urtez Los Xey musika taldeko kide izan zen, eta, talde horrekin, Euskal Herriko toki askotan abestu eta jo zuen. Nazioartean ere aritu zen taldearekin; besteak beste, Mexikon, Kuban, Brasilen eta Argentinan. Toki askotan utzi du arrastoa Iantzik, eta toki horietako bat, nola ez, Lesaka da. 2017tik, Lesakako Musika Bandak proiektu bat gidatu du Iantziren ondarea «berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko». Urte hartatik hona, zenbait proiektu egin dituzte. Iantziren bizitzaren eta ibilbide artistikoaren inguruko ikuskizun bat egin zuten 2017an, eta akordeoilariaren bostehun partitura baino gehiago biltzen dituen liburu bat argitaratu zuten 2020an. Uztailaren 3an, berriz, proiektua borobildu dute; izan ere, Iantziren musikarekin egindako disko bat aurkeztu dute herrian. Horrez gain, musikaria jaio zen kaleari haren izena jarri dio Lesakako Udalak.
Iantziren omenez egindako diskoa ezagutarazteko, Lesakako Musika Bandak kontzertu bat eman du. Musika bandaz gain, kontzertu horretan parte hartu dute, besteak beste, Lesakako hainbat trikitilarik, Oinkari dantza taldeak, Neli Iantzik —Pepito Iantziren ilobak— eta euskal musikaren panoramako hainbat artista ezagunek. Artistei dagokienez, kontzertuan egoteaz gain, Lesakako Musika Bandako zuzendari Mikel Iriartek esan du hainbat artistak diskoko abestiak egiten ere parte hartu dutela bandarekin batera. Diskoa lantzen aritu dira, besteak beste, Xabier Zabala, Garazi Navas, Iñaki Dieguez, Joxan Goikoetxea eta Aitor Furundarena. Iriartek azpimarratu du Lesakako Musika Bandarentzat «kristoren ohorea» izan dela musikari horiekin jotzea.
Pepito Iantziren omenez egindako diskoak akordeoilariaren musikaren «aukeraketa zabala» biltzen duela dio Lesakako Musika Bandak. Gainera, aipatu dute lehen aldiz grabatu diren obrak daudela. Diskoan entzun daitezke kalejirak, balsak, fandangoak eta bestelako abestiak. Lesakako Telletxea eta Xagu liburu dendetan eskura daiteke diskoa, eta hainbat musika plataforma digitaletan ere entzun daiteke.
Lan handia
Aurkeztu berri duten diskoarekin, 2017an hasitako proiektuari amaiera eman dio Lesakako Musika Bandak. Iriartek esan du «lan handia» egin dutela azken hamar urteetan, nahiz eta pandemiaren ostean «etenaldi txiki bat» egin zuten.
Bandako zuzendariaren eta Xabier Zabala konpositorearen ekimenez hasi zuten proiektua. Iriartek kontatu duenez, Lesakako Musika Bandak hainbat proiektu egin ditu Zabalarekin, eta, duela hamar urte, 2016ko abenduan, Zabala ohartu zen 2017an ehun urte betetzekoak zirela Pepito Iantzi jaio zenetik. Hori dela eta, Zabalak Iriarteri aipatu zion zerbait egin behar zutela Iantzi omentzeko. Dena den, bultzatzaile nagusiak Iriarte eta Zabala izan baziren ere, Antxon Gisasolak ere garrantzia izan zuen proiektuarekin hasteko. Iriartek Zabalaren bitartez ezagutu zuen Gisasola. Musika bandako zuzendariak esan duenez, Gisasola Iantziren «azken ikaslea» izan zen —Iantzi akordeoi irakaslea ere izan zen—. Horrez gain, kontatu du Gisasolak Iantziren «partitura pila bat» zituela, eta akordeoilariaren bizitza ere ezagutzen zuela.
«Hamar urtez egon gara proiektu honetan murgilduta, eta amaiera bikaina eman diogu disko honen aurkezpenarekin»
MIKEL IRIARTE Lesakako Musika Bandaren zuzendaria
Horiek horrela, 2017ko abenduan, jarduera berezi bat antolatu zuten Lesakan, Iantziren jaiotzaren 100. urteurrena ospatzeko: Pepito Iantzi. Beti bizi izeneko ikuskizuna. Lesakako Musika Bandak dioenez, emanaldi hark «maisuaren bizitza eta ibilbide artistikoa oholtzara» eraman zituen, «musika, antzerkia eta ikus-entzunekoak uztartuz». Lesakan estreinatu bazen ere, ikuskizunak arrakasta izan zuen, eta Iruñean eta Donostian ere egin zuten.
Emanaldi hori egin ondoren, Iriartek kontatu du Antxon Gisasolak Iantziren partitura «pila bat» aurkitu zituela. Hori dela eta, 2020an, beste proiektu bat aurkeztu zuten: Pepito Iantziren bostehun partitura baino gehiago biltzen dituen liburu bat. Lesakako Musika Bandak dioenez, liburu horretan agertzen diren partitura ugari ordura arte argitaratu gabeak ziren. Horrez gain, bandak dio bilduma hori «erreferentziazko lan» bihurtu dela «akordeoilari, trikitilari eta folk talde askorentzat», eta euskal dantza talde «ugariren» errepertorioaren parte ere badela.
Amaiera bikaina
«Hamar urtez egon gara proiektu honetan murgilduta, eta amaiera bikaina eman diogu disko honen aurkezpenarekin». Hori adierazi du Iriartek. Proiektua borobiltzeko disko bat egitea zergatik erabaki duten ere azaldu du bandako zuzendariak: «Hagitz ezagunak diren Joxan Goikoetxeak, Iñaki Dieguezek eta Aitor Furundarenak askotan jo dituzte Pepitoren obrak, baina pentsatu genuen erromantikoa izanen zela haren herriko bandak obra horiek interpretatzea». Dena den, Iriartek esan du bandak «beti» jo izan dituela Iantziren kantak; esaterako, sanferminetan Mozkorrenborda kalejira jotzen dute.

Auzolanean egindako proiektu bat izan dela nabarmendu du Iriartek, eta esan du «hagitz harro» daudela lortu dutenarekin. Gainera, Iriartek azaldu duenez, landu duten proiektuaren bitartez Lesakako «jende gazteak» Pepito Iantzi zein izan zen jakin du «pixka bat», eta «jende heldua» konturatu da zer egin zuen haien bizilaguna izan zenak. Lesakako Musika Bandako partaideei dagokienez, Iriartek esan du orain «partaide guztiek» ikasi dutela nor izan zen Iantzi, eta hark nolako arrakasta izan zuen musika munduan.