laura peganos rodriguez
IRITZIA

Argi bila

2026ko urriaren 2a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñean pasatu nituen urteak gogora ekarrita, kristal lauso batetik ikusiko banitu bezala sentitzen naiz. Garai hartako Iruñeko ekintza sozial irmoek mundu-ikuskera sakona, zorrotza eta analitikoa esnarazi zuten nigan. Zoritxarrez, Kolonbiak ez zuen jakin nola bideratu bere alaba iriolea. Ez, errukirik gabe utzi nituen atzean gure herriko desagertuak eta hildakoak, eta nik hegazkina hartu nuen, alde egin nuen, harri bat bezain gogor, hotz. 

Han bizi nintzenean, deus gertatuko ez balitz bezala egiten nuen. Gaur, gupidaz begiratzen diot neure buruari. Nola ez erotu horrelako bortizkeria, hainbeste odol, hainbeste heste, hainbeste gorpuren aurrean? Nola jasan hura arima galdu gabe, nola bizi bizitzan hil gabe? Beti galdetzen diot neure buruari nolakoa izango zen nire bizitza Euskal Herrian, lehen urte haietan pentsamendu abertzaleko jendea ezagutu ez banu. 

Zintzoa izateko, ez dut erantzunik. Antzinako greziarrek bezala, gustatzen zait pentsatzea patuak berea egiten duela. Dena den, egin dudan bidea egina dago eta ez naiz damutzen, ez. Izan ere, oso eskertuta sentitzen naiz. Bihotza ukitu didate Nafarroako herriaren borrokek. Beti liluratu nauen euskararen erresistentziaz gain, Nafarroako Potasaseko langileen borroka eta frankismoaren aurkako erresistentzia ezagutzea izan zen nigan lokartuta zegoen esanahi handiko zerbaiten hasiera. Gero iritsi ziren urte haietako grebak, leloak, auzolana, militantzia… eta nik ume batek bezala so egiten nien harriduraz eta isilik. Gauza horiek guztiek aztarna oso sakona utzi didate, betirako. Nafarroa, itxuraz, inoren lurraldean ez dagoen herri ia-ia baztertua iruditu zait batzuetan. Eta zergatik ez esan, etsai giro puntu bat badu. Hala ere miretsi egiten dut. Ze zaila den gatazka batean mugan bizitzea. 

Gaurko mundua ikusita, Kolonbia ikusita, Euskal Herria ikusita eta faxismoaren atzaparrak hartzen ari diren indarra, ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina batzuetan galduta sentitzen naiz nazioarteko ezkerreko mugimenduaren aurrean. Nahiz eta kalean manifestazioak antolatu, eta ezkerreko alderdiek instituzioetan parte hartu, nahiz eta informazio alternatiboa irakurri eta herri mugimendua jarraitu, ezin dut neure burua kokatu egungo testuinguruan. Ez dakit zer pentsatu. Zein da gaurko langile klasearen borroka? Non ote dago mundu hobea eraikitzeko oinarria? Zein da gaurko iraultza? Non ote dago gaurko kontrakultura? Zer da gaurko disidentzia? 

Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina batzuetan galduta sentitzen naiz nazioarteko ezkerreko mugimenduaren aurrean

Nor aldatu da? Iruñea ala gu? Ala biak? Ez dakit zuek baina sentitzen dut astiro-astiro despolitizazioaren prozesua egiten hasi garela. Ez dakit zuek baina ni itsumustuka nabil aurkezten diguten errealitatea aztertzean. Ez dakit zer sinetsi eta zer ez sinetsi jada. Hitz egin dezakegu odoluste ideologikoaz Euskal Herrian? Ze momentutan gerta zitekeen? Zein da murtxikatu gabe irentsi dugun amua? Geratu al gara errelato propiorik gabe Euskal Herrian? 

Edozein modutan, nik argia bilatzen jarraituko dut libre sentiarazten nauen eta mundu zuzenago eta hobe batekin amets egiteko aukera ematen didan leku bakarrean; sorkuntzan eta antzerkian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA