Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Aski da

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete igaro da Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, dozenaka kuadrillak lurra esnatzeko eskatuz kaleak zeharkatu zituztenetik; hilabete igaro da mitifikatutako Agateren sufrikarioak berriz aho-gingila dardararazi zuenetik eta lehenengo aldiz Agate indarkeria matxistaren biktima gisa tratatzearen eta, horrekin batera, Agate berrirudikatzeko beharraren aldeko aldarria ikusi nuenetik.

Gogora dezagun K.o. III. mendean Agatek uko egin ziola kontsul erromatar batekin bortxaz ezkontzeari eta, horren ondorioz, kontsulak hura prostituzio-etxe batean sartu ostean, torturatu eta espetxeratu zuela; hantxe bularrak tenaza goriekin ebaki zizkioten, eta kartzela horretan hil zen.

Aurtengo gorazarreak eta eskakizunak, ordea, hilabete behar izan du zeruak atertzeko eta eguzkiari tarteka-marteka porlana zein belarra argitzen uzteko; dena den, eguzki-izpiek gure lurra argitu ez ezik, emakumeon oinazeak bere horretan trinko eta zabal dirauela ere ageriko egin dute.

Otsailaren 6a Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta, hortik astebetera, otsailaren 14an, honako hedabidean, Nafarroan 4.000 emakume inguru mutilazio genitala jasateko arriskuan daudela plazaratu zen. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaur egun bizirik dauden 300 milioi neskatok eta emakumek baino gehiagok dituzte genitalak mutilatuta; urtero lau milioi neskatok izaten dute praktika hori eta praktika horrek dakartzan kalte konponezinak nahiz heriotza jasateko arriskua.

Haatik, ez ditzagun halakoak geure zilborrari so egin gabe eta buru gainetik begira gaudelarik arbuiatu; izan ere, ezaguna da Europan gero eta emakume gehiagok aluko ezpain txikiak itsusitzat jo eta berauen simetria eta estetika hobetze aldera maiz erredukzioan eta moztean oinarritzen den kirurgia intimoa eskatzen dutela.

Dena den, hori ez zen otsaileko albiste bakarra izan, otsailaren 14ko BERRIA irakurri ostean, lau egun berantago, otsailaren 18an, jakin genuen Nafarroako Auzitegiak gizon bati iragan uztailean neska adingabe bat bortxatzeagatik zortzi urteko espetxe-zigorra ezarri ziola.

Horrez gain, hurrengo egunean, otsailaren 19an, Nafarroako Auzitegiak, beste behin, bost urteko espetxe-zigorra ezarri zion bikotekide ohia bortxatu zuen gizon bati.

Orduek aurrera egin, eta, bi egunen buruan, otsailaren 21eko arratsean, jakin genuen Sarrigurenen gizon batek emaztea labanaz hil zuela eta bere amari eraso ziola hura erraina babesten saiatu zenean. Erailketa gertatu zenean, bikotearen lau seme-alaba adingabeetako bat etxean zen.

Ez dut sufrikario gehiago mitifikatzerik nahi, ez dut edonolako indarkeria gehiagok gure gorputza eta izana zeharkatzerik nahi

Odolez beteriko otsaila izan da gurea, bai erreferenteei dagokienez, baita biktimei dagokienez ere. Zenbat Agate daude? Zenbat Agate gara? Agate K.o. III. mendean existitu zela diote; ordutik, hemezortzi mende igaro dira, eta begira zer den zeharkatzen eta inguratzen gaituena; zerk ez duen denborak iraungi.

Ez dut sufrikario gehiago mitifikatzerik nahi, ez dut edonolako indarkeria gehiagok gure gorputza eta izana zeharkatzerik nahi, ez dut ez xaflek, ez bisturiek, ez bortxak, ez armek, ez dena delakoek gure gorputzak gehiago zeharkatzerik nahi; ez dut Agate gehiagorik nahi. Aski da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA