Aztertzaileak eta langileak falta direla salatu du Apana Nafarroako Autoeskolen Elkarteak

Herrialdean 9.000 lagun baino gehiago daude gidatzeko baimena lortzeko azterketa egiteko zain. Langile faltak «eragin negatiboa» du azterketa teorikoen emaitzan.

Autoeskoletako arduradunen protesta, astelehenean, Iruñean, herrialdean 9.000 lagun gidabaimena lortzeko azterketa egiteko zain direla salatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Autoeskoletako arduradunen protesta, astelehenean, Iruñean, herrialdean 9.000 lagun gidabaimena lortzeko azterketa egiteko zain direla salatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gidatzeko baimena lortzeko azterketa egiteko zain dira herritar anitz, eta Apana Nafarroako Autoeskolen Elkarteak garbi du arazoa zein den: aztertzaileak eta langileak falta direla. Haserre dira, eta karrikara atera dira protesta egitera. Goizean goiz hasten ohi dira autoeskoletako kideen protestak, Iruñean. Astelehenero, 08:00ak aldera, Sadarretik atera, eta 09:00ak inguruan Nafarroako Trafikoko Lurralde Bulego Nagusira iristen dira. Abenduan hasi zituzten protestak, eta Eguberrietan geldialdi bat egin ostean, urtarrilaren 12az geroztik astelehenero atera dira kalera. Aldarriak argiak dira: aztertzaile eta langile gehiago nahi dituzte. Apanak emandako datuen arabera, 9.000 ikasle baino gehiago daude azterketa egiteko zain: 3.000 inguru azterketa teorikoa egiteko, 5.700 azterketa praktikoa egiteko eta mila pistako probak egiteko.

Jesus Iriarte Apana elkarteko batzarkidea haserre mintzo da gaiaz. Azaldu du datuak «gutxi gorabeherakoak» direla, azterketa praktikoa egiteko zain dauden lagunen kopuruaren inguruko datuak publikoak baitira, baina ez, ordea, teorikoarenak. «Autoeskoletan jakin dezakegu gutxi gorabehera zenbat dauden, baina gero euren kabuz izena ematen duten ikasleak daude. Trafikokoek badituzte datuak, baina ez dituzte eman nahi izanen, emanez gero Madrilgo arduradunen arreta erakarriko luketelako», esan du.

Azterketa teorikoari dagokionez, prozesua «asko» luzatu dela azaldu du. Izan ere, duela urtebete, azterketa teorikorako hitzordua eskatu, eta ikasleek handik astebetera izaten zuten azterketa eguna. Egun, hiru hilabete behar izaten dituzte azterketa egiteko: «Eguberrietako geldialdiaren ostean, agian, luzatu eginen da, eta gu gara gazteen gurasoen aurrean aurpegia eman behar dutenak». Atzerapenak direla medio, azterketetako emaitzak «askoz okerragoak» direla kontatu du: «Lehen euren burua prest ikusten zutenean, izena eman, eta hurrengo astean egiten zuten azterketa. Orain, ez dakitenez noiz izanen duten azterketa, uzten eta uzten doaz».

Administrazioaren menpe

Azterketa teorikoa egiteko atzerapenen ondorioz, handitu egiten da azterketa praktikoa egin nahi duten ikasleen kopurua ere. Oro har, autoko gidabaimena ateratzeko prozesuak, batez beste, urtebete irauten du. Hiru proba dituzten baimenetan —motorrekoa eta kamioikoa, adibidez—, prozesua luzatu egiten da. «Sobera ditugu irakasleak, ezin baititugu ikasleak prestatu. Ez badakite noiz eginen duten azterketa, ezin ditugu eskola praktikoak egin. Ez dauka zentzurik», kontatu du.

«Ezin badute azterketarik egin, ezin dugu lanik egin. Guk, baina, soldatak berdin-berdin ordaindu behar ditugu»

JESUS IRIARTE Apana elkarteko batzarkidea

Berez, hamahiru aztertzaile egon beharko lirateke Nafarroan, baina soilik bederatzi lanpostu daude beteta. Horietatik bik gaixoaldi luzea daukate: «Batek urtebete baino gehiago darama lanik egin gabe, eta bestea ez dugu inoiz ezagutu. Gaixoaldi laburrak badira, tira, baina gaixoaldi luzeak dituztenekin ez badute deus egiten, ezin dugu jarraitu. Madrilgoek gaixoaldian daudenak aztertzaile gisa kontatzen dituzte, baina ezin badute azterketarik egin, bi gutxiago dira». Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak abenduan iragarri zuen 2026ko urtarrilean beste bi langile egonen zirela. Iriartek salatu du ez dutela esandakoa guztiz bete: «Abenduan bat joan zen, eta beste bat etorri zen hilabete baterako. Bestea gaixoaldia betetzen ari da. Beraz, abenduan bezala gaude».

Aldaketarik ikusten ez dutenez, Nafarroako Gobernuarekin biltzekoak dira. Horrez gain, hitzordu bat dute Madrilen zuzenean Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin hitz egiteko. Asmoa presioa sartzea da: «Administrazioaren menpe gaude guztiz. Azterketa egiteko behar dugun guztia daukagu —ikasleak, autoak…—, baina ez dago aztertzaile nahikorik. Ezin badute azterketarik egin, ezin dugu lanik egin. Guk, ordea, soldatak berdin-berdin ordaindu behar ditugu». Ez da soilik Nafarroako arazoa, baina Iriartek esan du Nafarroan «bereziki larria» dela. Gainera, ikasle asko Euskal Herritik kanpo egiten ari dira gidabaimena ateratzeko azterketa; adibidez, Logroñon (Espainia). Iriartek iragarri duenez, neurririk hartzen ez duten bitartean, astelehenero mobilizatuko dira: «Ematen du hori dela haiek izorratzeko modu bakarra». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.