Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea

Jone Etxeberria: «Baztanen ezin dugu imajinatu euskararik gabeko egunerokorik»

Gaur ospatuko dute Baztandarren Biltzarra, Elizondon. Jone Etxeberria 2023. urtean sartu zen besta antolatzen duen elkartean, eta geroztik «doble» bizi du eguna.

Jone Etxeberria, Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Etxeberria, Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baztandarren Biltzarrak hartuko ditu gaur Elizondoko karrikak. Jone Etxeberria (Elizondo, 2006) Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea besta antolatzeko lanetan aritu da azken hilabeteotan, eta jaiaz gozatzeko irrikan da. Azken egunetako urduritasunak hartu arren, gaurkoa besta egun berezia izaten dela nabarmendu du: baztandar guztien batasuna ospatzeko eta auzolanari balioa emateko egun bat, hain zuzen.

Dena prest duzue?

Lan batzordeak ditugu, eta nork bere erritmoa segitzen du; batzuk lehenago has daitezke lanean, eta bertze batzuek azken astean egin behar dute egin beharrekoa. Erran dezakegu dena bidean dela.

Neurria hartua diozue besta antolatzeko lanari?

Bai, besta eredua ez da aldatu, nork bere egitekoak ditu, eta kontua da nork bereak egitea. Gu duela hiru urte sartu ginen, baina martxa hartu diogu jada.

Sumatu al da azken urteotan jende gaztea sartu dela elkartean?

Bestaren muina ez da aldatu, dagoen bezala ederki funtzionatzen baitu, eta baztandarrek gisa horretan maite baitute Baztandarren Biltzarra. Halere, lan egiteko moduetan sumatu da jende gaztea sartu dela, nik uste. Egokitu gara sare sozialetara, urte jakin batzuetan bestaren kanta sortu dugu... 

Kontseiluak Iruñean egin zuen azken manifestazioa, ekainaren 13an. Baztandarren Biltzarra euskararen aurkako erasoei aurre egiteko besta bat ere bada?

Euskara da Baztandarren Biltzarraren ardatz; Baztanen ezin dugu imajinatu euskararik gabeko egunerokorik, euskaraz aritzen baikara. Hizkuntzaren kontrako erasoak mingarriak dira. Guk euskararen alde ere egiten dugu gure besta, eta sentitzen dugu erasoak gure kontrakoak ere badirela. 

«Baztandarren Biltzarra baztandarrak elkartzeko asmoz sortu zuten. Besta 
arras gurea da»

Bestak bisitari anitz erakartzen ditu. Baztandarren Biltzarra, halere, batez ere baztandarrentzat pentsatutako jai bat da?

Duela 63 urte Baztanen sortutako besta bat da. Baztango herrietako bakoitza bazituen bere bestak, baina ez zegoen deus baztandar guztiak batzeko. Hori da Baztandarren Biltzarraren helburua, asmo hori betetzeko sortu zuten: baztandarrak elkartzeko. Bisitari anitz etortzen da, baina besta arras gurea da.

Baztandarren Biltzarretik kanpo, sumatzen da herrien arteko batasun hori?

Baztango gazteak anitz mugitzen gara herri batetik bertzera. Nork bere martxa du, baina bada lotura bat. Finean, hamabortz herrik osatzen dugu udalerri bakarra, eta horrek lotzen gaitu.

2023an sartu zinen zu Baztandarren Biltzarrean, elkartea desagertzekotan zen urtean. Nolakoa izan da urteotako bidea?

2023an, egoera larria zen. Baztandarren Biltzarra urteko egunik inportanteena da niretzat, gure eguna da, eta galtzekotan egon ginen. Oroitzen naiz Iruñetik bueltan heldu nintzela aitarekin, azterketa bat egin eta gero, eta hari aipatu nion bilera bat bazela, banuela parte hartzeko gogoa baina lotsa ere ematen zidala. Aitak erran zidan joateko. Elkartean sartu aitzinetik, boluntario gisa laguntzen nuen Baztandarren Biltzarrean. Azkenean bilerara joan, eta elkartean sartu nintzen. 

Zaila izan zen hasieran egoerari buelta ematea?

Elkartearen martxa ezagutu behar duzu, eta Baztandarren Biltzarra prestatzeko urratsak ere bai. Urtetik urtera ikasiz joan naiz. Egia da hasieran anabasa izan genuela, jende berria sartu baitzen elkartean, eta guretzat dena hasi zen hutsetik. Baina lortu dugu dena kontrolpean hartzea, eta dena anitzez ere errazagoa da egun.

Zuretzat anitz aldatu da besta, barrutik ezagutu eta antolatzeko lanetan parte hartzen duzunetik?

Bai, barrutik doble bizitzen da. Elkartetik kanpo, bestaren eguna ailegatzen da, eta kito. Baina elkartean zaudenean, bestaren aitzineko urratsak eginez zoaz, mantso-mantso. Besta bera sortu egiten duzu, eta prozesu guztian parte hartu. Besta jada ez da bat-batean ailegatzen den zerbait. Hagitz esperientzia polita da, zoragarria. Hori bai, eguna ziztu bizian pasatzen da!

«Duela hiru urte, auzolanaren krisi bat izan genuen, baina azken urteotan jendeak anitz lagundu du»

Sendo al dago Baztandarren Biltzarra elkartea orain?

Bai, ongi dago. Elkartean bada jendea, eta Baztanen ere bada laguntzeko prest dagoen jende anitz. Duela hiru urte, auzolanaren krisi bat izan genuen, baina azken urteotan jendeak anitz lagundu du.

Baztangoa ere herri gero eta askotarikoagoa da; Baztandarren Biltzarrak lortu du jende berria erakartzea?

Baztandarren Biltzarra elkartean ateak zabalik dira parte hartu nahi duten guztientzat, eta bestan ere bai. Ez du inporta jendea non jaio den, edo nongoa duen jatorria.

Jendeak erantzun dio zuen deiari?

Iazko abenduan bakarrik etorritako gazte migratzaileentzako zentro bat zabaldu zuten Elizondon. Baztandarren Biltzarreko kideak harremanetan jarri gara zentroko arduradunekin, gure asmoa baita gazteok bestan murgiltzea eta boluntario aritzea, bertzeak bertze aukera izan dezaten Baztandarren Biltzarra ezagutzeko. 

Elkar ezagutzeko aukera izatea da xedea?

Horixe da asmoa, hain justu. Beraz, bestan parte hartuko dute, eta dena prestatzeko lanetan ere bai. Hemen bizi dira, eta hemen egiten dute lan, bertze edozeinek bezala. Uste dut Baztandarren Biltzarrak aukera emanen digula hasierako lotsak bazter uzteko ere, eta harremana sendotzeko. Gustura egotea nahiko genuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA