Baztango Osasun Plataforma kalera aterako da hilaren 17an

Elkarretaratzera deitu du: 19:30ean eginen dute, Elizondoko osasun etxearen aurrean. Plataforma iazko irailean sortu zuten, Elizondon medikurik gabe gelditu eta gero.

Baztango Osasun Plataformako kideek egindako elkarretaratzea, iazko irailean, Elizondoko osasun etxearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Baztango Osasun Plataformako kideek egindako elkarretaratzea, iazko irailean, Elizondoko osasun etxearen aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko irailaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik badelako zer hobetu; Baztango Osasun Plataforma horrexegatik aterako da karrikara hilaren 17an, Elizondon: elkarretaratzea egin dute, 19:00etan, osasun etxearen aurrean. Plataformak urte bat bete du, iazko irailean sortu baitzuten, Elizondon medikurik gabe gelditu eta gero. Egoerak hobera egin duela nabarmendu du plataformako kide Izargi Zumarragak, baina arazoa ez dutela erabat konpondu. 

Elizondoko osasun etxeak ez du herri hori bakarrik barne hartzen, baizik eta eremu zabalago bat: Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubi, hain zuzen. Elizondon hiru medikuk egon behar dute. Iaz hiru ziren urte hasieran, baina maiatzean bakarra gelditu zen, eta hura ere tokiz mugitu zen irailean. Egoera horrek kezka handia sortu zuen herritarren artean, eta Nafarroako Osasun Plataformako kideekin bilera bat egin eta gero, antolatzea erabaki zuten. Hamaika mobilizazio egin dituzte azken hilabeteotan, eta lanean segitzeko asmo sendoa dute. Egun, hiru mediku daude berriz Elizondon, baina haietako bakarra da familia medikua, eta hura, hain justu, lanaldi erdiz baino ez da ari. «Bertze bi medikuen postuak ere ez dira finkoak; noiznahi joan daitezke», azaldu du Zumarragak. Hiru medikuetatik bakar bat ere ez da euskalduna.

Ordezkorik ez

Baztango Osasun Plataformako kideek garbi dute osasungintzak «egiturazko arazo bat» duela, eta Elizondon, oraingoz, «behin-behineko» konponbide bat baino ez dutela lortu. Zumarragak oroitu du mediku batek oporrak hartzen dituenean edo gaixotzen denean ez dutela ordezkorik jartzen, eta gainerako langileen ardura izaten dela hutsunea betetzea.

Baztan ez da salbuespen bat, egoera antzekoa baita herrialde osoan: medikuak falta dira han eta hemen. Baztango Osasun Plataformak osasun sistema publikoaren eta kalitatezkoaren alde egin nahi du, eta asmo horrekin antolatu du irailaren 17ko elkarretaratzea. Mobilizatzen jarraitzeko asmoa du; baztandarrak, gainera, bertze plataforma batzuekin elkarlanean aritzen ahaleginduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.