Bidaia bat historiaurrera

Ikaburuko Leizearen Eguna ospatuko dute gaur, Urdazubin. Historiaurreko tekniken erakustaldiak, bultzagailu jaurtiketako txapelketa, artisau azoka eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte.

Urdazubiko Ikaburuko leizea. NAFARROAKO HITZA
Urdazubiko Ikaburuko leizea. NAFARROAKO HITZA
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtxumea errekak milaka urtez egindako higadura lanari esker sortu ziren Urdazubiko leizeak. Zenbait kobazulok osatzen dute multzoa, eta horien artean dago Ikaburukoa. Ikaburu baserritik hurbil dagoelako du izen hori, hain zuzen. Bisitatu daitekeen kobazulo bakarra da, eta urte osoan dago zabalik. Gainerakoak itxita daude, barruan dagoena ikertzen ari direla eta. Nafarroako ipar-mendebaldean daude; zehazki, Urdazubiko erdigunetik 1,3 kilometrora. Gaur Ikaburuko Leizearen Eguna ospatuko dute, eta egitarau zabala antolatu dute denboran atzera egin eta historiaurrean murgiltzeko. 2015etik antolatzen dute besta.

10:00etan hasiko da eguna, historiaurreko bultzagailu jaurtiketako txapelketarekin. Lehen aldiz eginen dute, Goio Hualdek nabarmendu duenez. Hualdek bisita gidatuak egiten ditu kobazuloan: «Bada jendea Euskal Herrian eta Europan horretan aritzen dena, eta ez dakigu nor etorriko den, baina baten bat bai. Ziurrenik hark irabaziko du». Edonork parte hartu ahal izanen du txapelketan, eta jaurtigailurik ez dutenentzat jaurtigailuak izanen dira.

 Urdazubiko leizeen inguruko saio bat. NAFARROAKO HITZA
Urdazubiko leizeen inguruko saio bat. NAFARROAKO HITZA

Txapelketak iraun bitartean, 11:00 aldera, historiaurreko bizimoduaren eta tekniken erakustaldia eginen dute. Iñaki Libanok gidatuko du saioa, Edestiaurre arkeologia elkarteko presidente eta arkeologo esperimentalak. Azalduko du silexa edo suharria nola erabiltzen zuten tresnak egiteko eta sua pizteko. Leizearen inguruko berezitasunak ere azalduko ditu, baita bertako marrazkien inguruko informazioa eman ere.

Leizea bisitatzeko aukera ere izanen da, baina betiere espazioa «errespetatuz» eta taldean, Hualdek azaldu duenez: «Jendea etor dadila nahi dugu, baina kontrola ezarrita. Arau anitz daude lekuari bere horretan eusteko; adibidez, beti gidari batekin sartu behar da, ezin da barruan jan, eta ezin da ezer ukitu». Haren ustez, turismo «kontrolatuak» eskualdean lana sortzen eta herriak bizirik iraunarazten lagundu dezake: «Bizitzeko aukera bat sortzen du».

Babesteko neurriak

Gaur egun, Urdazubiko Udalak kudeatzen ditu leizeak, baina urte luzez pribatuak izan dira: «Monasterioa, bere lursailak saldu, eta turistei leizea erakusten hasi zen. Duela 90 urte inguru jada bisitariak etortzen ziren. Duela 35 urte, laguntza batzuei esker, udalak erosi zituen. Orain, beste modu batera erakusten dira».

Leizeetan egindako indusketetan, besteak beste, silexezko arpoiak, hezurrezko jostorratzak, janari hondarrak, gizaki baten ehorzketaren aztarnak, animalien hezurrak eta marrazkiak aurkitu dituzte. Uste dute Goi Paleolitoko aztarnak direla. Horrez gain, 1808an, Independentzia Gerran, babesleku gisa erabili zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA