Engranaje berriak antzoki zaharrarentzat

Iruñeko Gaiarre antzokian berrikuntza lanak egin dituzte. 2023an kutxa eszenikoa berritu zuten, eta iaz, argiztapen sistema. Aurki Max sariak banatuko dituzte han, eta langileek adierazi dute horretarako garairik aproposena dela.

Iruñeko Gaiarre antzokia, berrikuntzen ondoren, maiatzaren 22an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñeko Gaiarre antzokia, berrikuntzen ondoren, maiatzaren 22an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aretoan isiltasuna eta bakea dira nagusi. Eserleku guztiak hutsik daude, eszenatokira begira, hurrengo emanaldia noiz hasiko. Suhesi oihala jaitsita dago, baina segituan igo dute, eta agerian geratu da Gaiarre antzokiko antzeztokia. Iruñeko antzeztokia betikoa da, baina hura inguratzen duten makineria eta engranaje guztiak berri-berriak dira. Izan ere, erreformak egin dituzte azken urteetan; batez ere, trantsizio ekologikoari erantzuteko eta garai berrietara egokitzeko. Aurten, gainera, Max sariak banatzeko ekitaldia Gaiarre antzokian izango da lehen aldiz, ekainaren 16an. Bertako langileek esan dute unerik aproposena dela horretarako, eta ekipo berria izateak asko erraztuko diela lana.

Bi fasetan egin dituzte antzokia berritzeko obrak: lehenengoan, 2023an, kutxa eszenikoa eta tramoia berritu zuten, eta bigarrengoan, iaz, argiztapen sistema. Erreforma guztiak programazioa eten gabe egin dituzte. Horregatik, obrak egiten zituzten bitartean, formatu txikiko ikuskizunak eskaini zituzten, behin-behineko plataforma batean.

«Nire lankideak oso pozik daude. Lehen, egun osoa ematen genuen sokari tiraka, eta orain, makina batek egiten du hori»

SANTOS GARCIAIruñeko Gaiarre antzokiko zuzendari teknikoa

Santos Garcia Gaiarreko zuzendari teknikoak esan du obrak egin zituztenetik lan egiteko modua asko aldatu dela: «Nire lankideak oso pozik daude. Lehen, egun osoa ematen genuen sokari tiraka, eta orain, makina batek egiten du hori». Orain arte, eszenatokian eskegitzen zen guztia eskuz mugitu behar zuten, eta, orain, sistema mekanizatu baten bitartez egiten dute.

(ID_14990954) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-05-22, Iruñea. Santos Garcia Lautre, Gaiarre antzokiko zuzendari teknikoa
Santos Garcia Gaiarre antzokiko zuzendari teknikoa, bara berriei begira, maiatzaren 22an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bara motordunak jarri dituzte, baina eskuko bara batzuk ere mantendu dituzte. Osotara 42 dira… 21 motordunak eta beste 21 eskukoak. Garciak kontatu du aurretik bazituztela motor batzuk, baina oso gutxitan erabiltzen zituztela. Oso zaharkituak zeuden, eta mugimendua beti abiadura berean egiten zuten. Horixe izan da motor berrien hobekuntzarik nabarmenena: «Orain bara bakoitza abiadura ezberdinean mugi dezakegu. Aurrez ordenagailuan programatzen dugu, eta aukerak oso handiak dira», azaldu du Garciak.

Zama handiak mugitzeko, motordunak erabiltzen dituzte, eta gainontzekoak, eskuz. Oholtzaren albo batean daude soka guztiak, bata bestearen ondoan. Orain beltzak dira, baina lehen marroiak zirenez, barkua deitzen zioten txoko horri, itsasontzietako soken antza zutelako. «Honek ez du zama handirik; probatu zuek, nahi baduzue», aipatu du Garciak, soka bati helduz. Beste batek tira egin du, eta ez du iritzi bera. Urteetako esperientzia nabari zaio Garciari.

(ID_14990956) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-05-22, Iruñea. Santos Garcia Lautre, Gaiarre antzokiko zuzendari teknikoa
Gaiarreko soka berriak, maiatzaren 22an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Obra egiteko garaian Gaiarreko eraikinaren parte handi bat berritu behar izan dute, estrukturak eta eraikinak gai izan behar zutelako makineria berriari eusteko. Maialen Marin antzokiko komunikazio arduradunak nabarmendu du oso denbora gutxian egin zutela dena: «Programazioa eten gabe egin genuen, eta hori ez da ohikoena. Gehienetan, antzokia itxi egiten da». Izan ere, halakoetan, kutxa eszeniko guztia biluztu egin behar da, baita oihala kendu ere. Garciak aitortu du antzokia aurretik ez zuela inoiz hain hutsik ikusi.

Argiztapen sistema berriak ere hobekuntza ugari ekarri ditu. Batik bat, foku halogenoak led fokuen ordez aldatu dituzte. Trantsizio energetikoaren erronkari heltzeko asmoarekin egin dute aldaketa. «Antzerki konpainiak ere trantsizio hori egiten ari dira, eta guk haien beharretara moldatu behar dugu», adierazi du Marinek.

«Antzerki konpainiak ere trantsizio energetikoa egiten ari dira, eta guk haien beharretara moldatu behar dugu»

MAIALEN MARINIruñeko Gaiarre antzokiko komunikazio arduraduna

Iruñeko antzokiko langileek nabaritu dute antzerki konpainiak oso pozik daudela egindako berrikuntza lanekin. Kukai dantza taldea, esaterako, maiatzaren 8an han izan zen ikuskizun berria aurkezten. Kukaiko kideek aitortu zuten beste antzoki askotan baldintza teknikoengatik ezin izan zutela emanaldia egin. «Gaiarre oso antzinako antzokia da, ez da auditorium berri bat. Horregatik, erreforma oso garrantzitsua izan da guretzat, edozein areto berrik egiten duena egin dezakegulako orain», esan du Garciak, harro.

1932

 

Egungo Gaiarre antzokia noiz ireki zuten. Gaiarreren lehenengo antzokia 1841. urtean ireki zuten, Iruñean. Principal antzokia zuen izena, eta Gaztelu plazan zegoen. 1931n eraikina eraitsi egin zuten, eta urtebetera zabaldu zuten berriro Gaiarre, Karlos III.a etorbidean: 1932ko maiatzaren 3an.

Berrikuntza lanek Iruñeko Udalaren finantzaketa jaso dute: lehenengo fasean, 500.000 euroren bidez, eta, bigarrenean, 826.948 euro jarrita. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren bitartez, Europako Next Generation funtsen laguntza ere izan dute: 120.000 euro jaso dituzte. Inbertsioa, osotara, 1.676.720 eurokoa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.