«Erre da zegoena, eta erretako lur horietan zerbait berria sortu behar da», esaldi hori erabili du Oier Fuentesek (Bera, 1985) Erre proiektua deskribatzeko. Ez da ari, ordea, aurtengo uda beroan erre diren mendi eta zelaiez, industria musikalak eragin duen prekaritateaz, lehiakortasunaz eta kontsumoaz baizik. Horren ihesbide moduan jaio zen Beran Erre proiektua: Euskla Herriko musikari, kolektibo eta musikazaleak elkartu nahi dituen komunitate autogestionatua.
Hasieran «streaming eredu berri baten bilaketa» helburu zuten arren, Fuentesek gogora ekarri duenez, «hausnarketa asko» egin eta gero, hurrengo galderari erantzun bat emateko saiakera bihurtu zen proiektua: «Zergatik ez ditugu guk gure tresnak sortu eta kudeatzen?». Egun, hori da proiektuaren funtsa, eta tokiko musikari eta kolektiboak laguntzen dituzte beren sorkuntza eta ekinaldiak aurrera ateratzen.
Kolektibo, artista eta entzuleen artean «komisiorik gabeko harremanak» eraiki nahi dituztela adierazi du Fuentesek. Hau da, esaterako, musikari hasiberri batek kolektiboaren laguntza jaso dezake eta, aldi berean, entzuleek musikari horrekin gertuko harremanak eraiki ditzakete. Hori horrela, Erre «kanpotik lan egiten duen agente huts» bihurtzen da. Azken finean, Fuentesek nabarmendutakoaren arabera, helburua «elkar laguntzeko sare bat osatzea» baita.
Streamingaren interesetatik at
Komunitatearen webgunean hurrengo esaldia dago: «Erre, gaur egungo streaming plataformek sistema betikotzen dutelako». Hain zuzen ere, streaming plataformek sortzen dituzten kalteei buruz mintzatu da Fuentes: «Ez dugu erabakitzen zein musika entzun ezta nola entzun ere, algoritmo baten menpe gaude, eta algoritmoak interes batzuk betetzeko eginak daude».
«Ez dugu erabakitzen zein musika entzun ezta nola entzun ere, algoritmo baten menpe gaude, eta algoritmoak interes batzuk betetzeko eginak daude»
OIER FUENTES Erre proiektuko kidea
Streaming plataforma erabilienetako bat da Spotify, eta, era berean, hura izan da playlisten kultura gehien zabaldu dutenetako bat. Jendeak «playlist zehatz batean sartzen diren abestiak» entzun nahi dituela dio Fuentesek, eta horrek musikaren «sorkuntza prozesuan eragin zuzena» duela. Gainera, musikarien eta musikazaleen harremanean «elkarren arteko urruntasuna» sortzen duela gehitu du. Urruntasun horri aurka egiteko, Errek salmenta zuzena eta deskarga digitala jarri nahi ditu martxan luze gabe.
Hala ere, afera ez dago musika entzuten den formatuan, streamingean edo biniloetan; Fuentesen aburuz, arazoa «gibelean» dago. Hau da, «streamingaren antolaketan eta horren atzean dauden interesetan». Izan ere, algoritmoak eta atzetik dauden interesek erabakitzen dute zein doinuk izango duten arrakasta eta zeinek ez. Hori horrela, artista baten musikak biraltasuna lortzen badu, plataformak berak nola edo hala saritu egingo du. Egun ohikoak diren doinuetatik ateratzen diren artistei, ordea, gehiago kostatzen zaie ikusgaitasuna lortzea, promozio eta biraltasun hori lortzeko baliabide gutxiago baitituzte.
Hori ikusirik, Erre proiektua «interes horietatik kanpo» kokatzen den «saiakera» bat da, besteak beste, «tokiko musikariak masa erraldoi horretako puntu txiki bat izateari uzteko».
Musikaren mundu digitaleko garrantziaz eta egoeraz jabetuta, Erreproduktorea izeneko streaming plataforma sortu dute. Bertan, Erreko musikari eta kolektiboek beren musika katalogoa kudeatzen dute. Fuentesek azaldutakoaren arabera, entzuleek «kontzientzia lasai» edukitzeko leku bat da, musika «distrakziorik gabe» entzutekoa. Izan ere, horregatik ez du ez publizitaterik eta ezta algoritmorik ere atzean. Fuentes: «Erreproduktorea, musika kontsumitzeko espazio bat izan beharrean, musika aditzeko leku bat da». Alabaina, argi du garrantzitsuena mundu fisikoa dela, «auzoetan harreman zuzenak eraikitzea».
Jatorri berezia
Proiektuaren aurkezpen ofiziala sorterrian egin zuten, Beran, joan den ekainaren 19an. Berak, itxuraz, Nafarroako iparraldeko ohiko herri bat dirudi, etxe dotorez eta naturaz inguratuta, baina badu zerbait berezia egiten duena: kultura musikala. Ehun erreferentzia diskografiko baino gehiago aurkitu daitezke bertan, eta hori ez da batere ohikoa 4.000 biztanle ere ez dituen herri batean. Hain justu, horren froga da Pablo Salgado Mendez idazleak Bera liburuan jasotako ikerketa ere, besteak beste. Fuentesek dio beratarra izateak musikaren kulturaren errealitate desberdinak ikustea errazten duela, baina ohartarazi du bestela ere agerikoa dela proiektua martxan jartzeko «behar eta kasualitate multzoa».
Izan ere, musikaren kontsumo hutsetik eta prekaritatetik ihes egiteko sortu zuten Katalunian La Instrumental proiektua ere, eta, Euskal Herrian, Piz and Lohi komunitatea edo Musikariak Palestinarekin egitasmoa ere badira horren adibide. Azken hori Spotifyk Israelekin dituen harremanei boikot egiteko sortu zen, eta hainbat artistak plataforma uzteko behar izan zuten azken bultzada izan zen.
Denak egitasmo txikiak dira, Erreren moduan, eta, Fuentesen arabera, horrek ere bere garrantzia du: «Proiektu txikiak gara, baina elkarren artean elikatuz handi egin gaitezke». Modu horretara, akaso, «kontra» duten «munstroari» aurre egingo dioten esperantzarekin.
Egun, Bilboko, Mungiako (Bizkaia) eta Iruñerriko musikari eta kolektiboak daude Erreren barruan, besteak beste. «Bere sorkuntzak kudeatu nahi dituenarentzako ateak irekiak» dituztela adierazi du Fuentesek. Era berean, musikari eta kolektiboak «zuzenean sostengatu» nahi dituzten entzuleek Erre proiektuan bazkidetzeko aukera izango dute aurki.