Eskolara joateko ibilbideko arriskuez ohartarazi dute Lokizaldean

Urriaren 13an eskolako autobusak istripu bat izan zuen, eta familiek salatu dute oraindik azalpenik ez dutela jaso. Hezkuntza Departamentuak garraioaren kudeaketa eskualdeko udaletxeen esku utzi nahi duela gehitu dute.

Lokiz Guraso Elkarteak urriaren 19an deitutako elkarretaratzea. LOKIZ GURASO ELKARTEA
Lokiz Guraso Elkarteak urriaren 19an deitutako elkarretaratzea. LOKIZ GURASO ELKARTEA
Naiara Santano
2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzin (Lokizaldea) eskolako guraso elkartekoak haserre daude, ez baitute inongo azalpenik jaso joan den urriaren 13an eskolako autobusak izandako istripuari buruz. «Zorionez» zauriturik ez zela egon adierazi duten arren, haurrek egunero egiten duten ibilbidean aldaketak egitea ezinbestekotzat jo dute. Istripuaren harira jaso duten azken berria ere ez zaie batere gustatu: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tokiko udalen esku utzi nahi du landa eremuko eskola garraioaren kudeaketa. Albiste horrek zuzenean eragingo lioke Lokizaldeari. 

Lokizaldeko Eskolako autobusak egiten duen ibilbidearekin hasi ziren kexak. Izan ere, oraingo ikasturtean haurrek Antzingo eskolatik etxera itzultzeko egiten duten bidea ordu erdi baino gehiago luzatu da: lehen, hamabost minutu irauten zuen, orain 50. Zergatik? Berez, arrazoi «pozgarri» bat dela oroitarazi du guraso elkarteak: beste haur bat hasi da joaten eskolara. Arazoa da autobusak Metautengo bailararaino joan beharra duela, eta ibilbidea luzatu. 

Lokizaldeko haurren inguruan duten kezka agerikoa da. Bide berriak haurren nekea areagotzeaz gain, «bidearen baldintzak betetzeagatik presaka egiten duten bidaiaren arriskuak» ere pairatu behar dituztela argitu dute gurasoek. Horren isla izango litzateke duela aste gutxiko istripua. Itzulerako bidean autobusa errepidetik atera, eta soro batean sartu zen. Hirurehun metro egin zituen soroan barrena errepidera iritsi baino lehen. 

Ika-mikak nagusi 

Familiei ez diete azalpenik eman istripuaren inguruan, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, ezta garraioa kudeatzen duen enpresak ere. Hori horrela, guraso elkartekoek «intzidentzia» bat jarri diote Hezkuntza Departamentuari Antzingo zentroaren bidez.  Ez dute erantzunik jaso. Gainera, jakin berri dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tokian tokiko udalen esku utzi nahi duela eskolako garraio publikoaren kudeaketa.  

Hori ikusirik, Lokizaldeko biztanleek elkarretaratzea egin zuten urriaren 19an. Argi utzi dute auziaren gainean duten jarrera: «Bailara zein herri despopulatuetako herritarrak izanagatik ere, ez gara isilduko, eta ez diegu uko egingo dagozkigun zerbitzuei».

Eskolako garraio publiko duinaren borroka joan den irailaren 10ean hasi zuten: elkarretaratzeak, sinadura bilketak… Berrehun erreklamazio orri baino gehiago helarazi zizkioten guraso elkartekoek Hezkuntza Departamentuari urriaren 5erako. Egoerari irtenbidea emateko proposamen bat ere aurkeztu zuten: eskolako bidea egiten duen ohiko autobusaz gain, taxi bat ere arituko litzateke garraioan, ibilbidea bitan banatuta. 

Hezkuntza Departamentuak ez du proposamena onartu, 35/2022 foru agindua argudiotzat erabiliz; familien aburuz, «gorritu ere egin gabe». Foru aginduak hurrengoa dio: «Eskola garraio kolektiboa antolatu eta kudeatuko da ibilbidean gutxienez lau erabiltzaile baldin badaude. Batxilergoan gutxieneko hori bederatzi erabiltzailekoa izango da». Guraso elkartekoen erantzuna argia da: «Gurea bezalako eskualde despopulatu baterako ez du balio». Gehitu dute Nafarroako landa eremuari muzin egiten ari zaizkiola.  

Azken albisteak ikusita, Guraso Elkartekoentzat argi geratu da «administrazioak uko egiten diola landa eremuaren kudeaketari». Hori ikusita, egitasmo gehiago egingo dituztela adierazi dute, «haurren ongizatea eta herri zein bailarekiko errespeturako eta iraupenerako oinarrizkoak diren zerbitzuak eskatu eta lortzeko». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA