Iazko urriaren 31n, Etxauriko alkate Idoia Aritzalak jakinarazi zuen «proiektu agrovoltaiko bat» eraikitzeko proposamen bat aurkeztu zietela herrian. Proiektu hori Sarbil mendilerroan gauzatzekoa zen; zehazki, Etxauri, Oltza Zendea eta Orkoien herrietako hainbat lursailetan. Hala ere, berriki jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak bertan behera utzi du Sarbilgo proiektu fotovoltaikoa, iritzita ez dela bateragarria eremu horretako «ingurumen balioekin», ezta bertako biodibertsitatearekin ere. Proiektua aurkeztu zutenetik, horren aurka agertu dira Etxauriko eta inguruko herrietako hainbat bizilagun. Cabezon de Etxauri Bizirik izeneko kolektiboa ere sortu dute, Sarbilen planteatutako «makroproiektu energetikoen aurka antolatzeko beharrak» mugituta. Tentsioa izan da Etxaurin proiektuaren harira; kolektiboa kritiko agertu da batez ere Etxauriko Udalarekin eta bertan dagoen alderdi politikoarekin, EH Bildurekin. Orain, baina, oso bestela, proiektua bertan behera utzi dutela jakinda, «Sarbilen aldeko garaipena ospatzea» tokatzen dela nabarmendu dute.
«Albistea jasota oso pozik gaude, eta pisu bat kendu dugu gainetik. Tentsio handiko hilabeteak izan ditugu». Hori adierazi du Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboko kide Katixa Urzaizek. Gogoratu du Sarbilgo proiektua aurkeztu zutenetik manifestazioak egin dituztela, Etxauri inguruko udalekin harremanetan jarri direla laguntza eskatzeko, eta hainbat komunikatu ere zabaldu dituztela, besteak beste. Kolektiboak iazko azaroan egin zuen lehen komunikatua; bertan salatu zuten Etxauriko Udalak urte eta erdi zeramala proiektuaren sustatzailearekin hitz egiten, «bere asmoak plazaratu gabe». Gainera, adierazi zuten Etxauribarren ez zegoela proiektu fotovoltaiko horren beharrik, eta «makroproiektua» egiteko proposatutako kokapena «onartezina» dela ingurumenaren ikuspegitik.
«Albistea jasota oso pozik gaude, eta pisu bat kendu dugu gainetik. Tentsio handiko hilabeteak izan ditugu»
KATIXA URZAIZ Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboko kidea
Apirilean, berriz, Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboak 266 orriko dokumentu bat aurkeztu zion Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari, eta 23 alegazio jaso zituzten bertan. Dokumentu horretan, besteak beste, proiektu fotovoltaikoa Sarbilen ez egiteko arrazoiak biltzen dituzte. Kolektiboak ematen duen arrazoietako bat da mendilerroan fauna eta flora babestuak daudela. Animaliei dagokienez, besteak beste, Bonelli arranoa, sai zuria eta arrano beltza aipatzen dituzte. Beste arrazoietako bat Sarbilgo lurzoruari loturikoa da. Azaldu dute mendilerroa sistema karstiko baten gainean dagoela, sistema horrek hausturak, barrunbeak eta arrakala sare zabal bat dituela, eta horietatik lurpeko ura ibiltzen dela. Halako lursailak aldatzeak ondorio «konponezinak» ekar ditzakeela ohartarazten dute.
Apirilean ere, sinadurak bildu zituzten aurkezturiko dokumentua babesteko, eta guztira 2.500 sinaduratik gora jaso zituzten.
Etxauriko Udalari kritikak
Iazko urrian ezagutarazitako proiektu fotovoltaikoa bigarren aldiz aurkeztutakoa dela azaldu du Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboko kide Xabier Izkuek. «2022an aurkeztu zuten lehen aldiz, baina ez zuen inongo babes politikorik izan». Azken aldi honetan, berriz, kolektiboak esan du proiektuak Etxauriko Udalaren «lankidetza eta laguntza irmoa» izan dituela.
Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboak salatu du «argi eta garbi» geratu dela ez dutela «modu zintzoan» sustatu proiektua, baizik «gardentasun eta parte hartze txikiz». EH Bildu alderdiaren kudeaketa «arduragabea» izan dela ere adierazi dute, eta proiektuaren inguruan gezurrak esan direla; esaterako, gobernantza partekatua izango zela, eta proiektua «agrovoltaikoa» zela. Katixa Urzaizek uste du Etxauriko Udalak ez duela izan herritarrekin hitz egiteko borondaterik, eta horrek mindu duela jendea gehien.
«Hasieratik esan genuen Nafarroako Gobernuak proiektua ez bazuen baimentzen, ez zela egingo»
IDOIA ARITZALA Etxauriko alkatea
Etxauriko alkate Idoia Aritzalarekin ere hitz egin du Nafarroako Hitza-k. Aritzalak nabarmendu du behin baino gehiagotan azaldu dutela Nafarroako Gobernuaren eskumena dela halako proiektuei baimena ematea: «Hasieratik esan genuen Nafarroako Gobernuaren baimenik gabe ez zela proiektua egingo». Udalak gogoeta prozesu bat abiatu zuen apirilean, herritarren iritzia entzuteko asmoz. Alkateak esan duenez, udalak, sustatzaileak eta beste talderen batek parte hartu zuten prozesu horretan, baina Cabezon de Etxauri Bizirik kolektiboak, ordea, uko egin zion bertan parte hartzeari. Kolektiboko kide Urzaizek zehaztu du prozesu hori «oso berandu» egin zutela, eta ordurako «erabaki guztiak» hartuta zeudela. Aritzalak nabarmendu duenez, udalak «batzar ireki» bat egingo du, «dena ixteko» eta haiek egindako lana herritarrei azaltzeko.
Eredu posible bat
Izkuek uste du etorkizunean proiektu fotovoltaikoa berriz aurkeztu dezaketela Sarbilen; hala ere, zaila ikusten du horrelako proiektu batek aurrera egitea. Horrez gain, Urzaizek esan du «oso positiboa» dela horrelako «garaipenak» ikustea. «Kolektibo asko daude gai antzekoekin borrokan; hortaz, horrelako proiektuak herriaren indarrarekin geldiaraz daitezkeela ikustea oso positiboa da guretzat, baita beste kolektiboentzat ere», adierazi du.
Cabezon de Etxauri Bizirik taldeko kideak pozik badaude ere, kolektiboak azpimarratu du Sarbilgo «makroproiektuaren» kudeaketa «arduragabeak» eta «opakuak» inpaktu fisiko, psikiko eta sozial «garrantzitsuak» utzi dituela inplikatutako guztiengan. Horrez gain, esan du bizilagunen, kolektiboen, kontzejuen eta udalen arteko kohesio soziala hautsi dela.
2019TIK AURKEZTUTAKO PROIEKTUEN ERDIAK ATZERA BOTA DITU GOBERNUAK
Sarbil mendilerrokoa ez da bertan behera utzi duten egitasmo fotovoltaiko bakarra. Azken bi legealdietan, Nafarroako Gobernuak atzera bota ditu enpresek aurkeztutako parke fotovoltaikoen proiektuen erdiak. 187 kasu aztertu dituzte; horietatik 89 atzera bota dituzte, 76 baimendu, eta hogei tramitatzen ari dira. Proiektu eolikoen kasuan, are gehiago bota dituzte atzera. Azken sei urteetan aurkeztutako proiektu eolikoen bi herenek ez dute baimenik lortu. Orotara, 178 egitasmo aurkeztu dituzte; horietatik 119 bertan behera geratu dira, 24 baimendu dituzte, eta 43 tramitatzen ari dira.