I+G+B eskumenaren transferentzia adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Maria Txibitek adierazi du autogobernua indartzen lagunduko duela. EH Bilduk eta Geroa Baik akordioaren garrantzia nabarmendu dute.

Txibite eta Remirez, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Txibite eta Remirez, Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urriaren 15a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako presidente Maria Txibitek eman du berria: bere gobernuak eta Espainiakoak akordioa itxi dute I+G+B ikerketa, garapena eta berrikuntza eskumena foru erkidegoaren esku uzteko. «Gure autogobernuarentzat lagungarria da; gure foraltasuna indartzen ari gara», zehaztu du Nafarroako presidenteak. 

Txibitek adierazi du «albiste ona» dela Nafarroarentzat eta nafarrentzat, eta harro agertu da eskumenak autogobernuan sakontzen lagunduko duelako: «I+G+B eskumenari esker, arlo horretan gaitasun handiagoa izango dugu erabakitzeko. Uste dut Nafarroa lan ona egiten ari zela arlo horretan, eta honek aurrera segitzen lagunduko digu, anbizio handiagoa izaten». Izan ere, gogoratu du Nafarroa «lurralde berritzaile eta indartsu bat» dela, eta barne produktu gordinaren %2,34 inbertitzen duela esparru horretan.

Nafarroako Parlamentuko bilkurara sartu aurretik egindako adierazpenetan, lehendakariak ez du xehetasun gehiago eman. Javier Remirez presidenteordea eta Juan Luis Garcia Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalerako kontseilaria aritu dira Madrilekin negoziatzen, eta haiek azaldu dituzte itunaren nondik norakoak, prentsaurreko batean.

Eskualdaketari dagokion balorazio ekonomikoa egiteko, Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari dagozkion diru sailei erreparatu diete. Egun, 829 milioi euroko balioa lukete kontuan hartu dituzten diru sailek, eta hortik 13,3 milioiren balioa dutenak pasatuko dira Nafarroako administrazioaren esku egotera. 

Zehazki, ikerketa eta garapen zientifiko eta teknologikoaren ordenazioa, planifikazioa, promozioa eta sustapena hartuko ditu bere gain Nafarroak, baita lurralde hartan garatzen diren I+G+B proiektuen onarpen, exekuzio, jarraipen eta kontrol lanak ere. 

Hain zuzen, Foru Hobekuntzaren 44. artikuluko zazpigarren puntuaren arabera, Nafarroari dagozkio «ikerketa zientifiko eta teknikoa, Estatuari dagozkion sustapen eta koordinazio orokorrerako ahalmenei kalte egin gabe». Hala, Nafarroako Gobernuaren eskuduntzatik kanpo geratuko dira Estatuaren interes orokorrari lotutako proiektuak. 

Nafarroako Gobernuaren arabera, bi aldeek adostu dute lurraldeko ikerketa azpiegitura indartzen jarraitzea, eta horretarako bi gobernuen arteko lankidetza sustatzea. Horiek hala, bien arteko batzorde tekniko bat osatuko dute, ituna betetzen dela bermatu eta lankidetzarako mekanismoak ezartzeko; bertan, ordezkari kopuru bera izango dute Nafarroak eta Espainiak. 

Lehendakariak aurreratu du hurrengo egunetan elkartuko dela transferentzien inguruko batzordea, adostutakoa betetzeko «aurreikusitako pausoak» emateko asmoz. Hala, espero dute urtea amaitu aurretik argitaratuko dutela Espainiako eta Nafarroako aldizkari ofizialean. 

Geroa Bai izan da Txibiteren hitzei erantzuten lehena. Pablo Azkona eledunak «ontzat» jo du akordioa: «Eskumenak lortzearekin lotuta dagoen oro ona da Nafarroako Foru Erkidegoarentzat». Gogoratu du eskumen aldaketa hori Nafarroako gobernu programan jasota zegoela, eta gehitu du alderdia mahaian egongo dela, transferentzien batzordean «letra txikia eta akordioaren osotasuna» balioztatzeko.

EH Bilduk ere bide beretik jo du. Ohar batean, koalizio subiranistak nabarmendu du «garrantzi estrategiko handiko» eskumena dela I+G+Bari dagokiona, eta uste du transferentzia lagungarri izango dela lurraldeko «enpresen ekonomiarako eta lehiakortasunerako». Koalizioak, gainera, eskualdaketa gauzatzeko bidean izandako rola nabarmendu nahi izan du: «Lorpena ezker subiranistak Espainiako Kongresuan egindako lan politikoaren ostean iritsi da; EH Bilduk behin baino gehiagotan eskatu dio Espainiako Gobernuari Foru Hobekuntzan jasotako transferentzia hori gauza zezala».

PP eta Guardia Zibila

Kazetariek galdetuta, trafiko eskumenaren transferentziaz ere aritu da Txibite. Izan ere, Nafarroako PPko kudeaketa batzordeko presidente Sergio Sayasek oraintsu adierazi du Alderdi Popularrak xede duela Guardia Zibilak lan horiei eustea Nafarroan. Txibitek, baina, erantzun du bere esku dagoena egingo duela Nafarroako Gobernuaren eskumena babesteko: «Francok kendu zigun, eta bi araudi aldaketa egin behar izan ditugu Nafarroak berriz ere eskumen horiek izateko».

Horiek hala, PPk eta UPNk azaroaren 29ko bozetara batera aurkezteko sinatu duten akordioa gogora ekarrita, Txibitek adierazi du alderdi erregionalistari galdetu behar zaiola ea zer iruditzen zaizkion Sayasen hitzak. Izan ere, UPNk ohar batean adierazi zuen autogobernuaren defentsan aritzeko konpromisoa azaldu dutela bi aldeek. Txibiteren hitzetan, baina, kontrako norabidean doa Sayas. «Zein da UPNren jarrera horren inguruan?».

Legealdi honetan eskualdatu dituzten hiru eskumenetatik bata trafikoarena da, eta beste bat gaur adostutakoa. Bestea AP-68 errepidearen kudeaketari lotutakoa da. Txibiteren lehen agintaldian, berriz, espetxeetako osasun sistema eta bizitzeko gutxieneko diru sarreren kudeaketa eskualdatzea adostu zuten. Era berean, bi aldeak negoziazio mahaian daude; besteak beste, martxan dituzte unibertsitate beken kudeaketari eta lan ikuskaritzari dagozkien eskumenen gaineko elkarrizketak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA