Artemisa, greziar mitologian, baso eta muinoen, birjintasunaren eta ugalkortasunaren, ehizaren eta animalia basatien jainkosa heleniarra izan zen. Ilargiaren jainkosatzat ere hartzen zen, Apolo jainkoaren arreba, Eguzkiaren jainkoarena, hain zuzen. Artemis II izenarekin bataiatu dute berriki Ilargiaren alde ezkutua ezagutzeko asmoz antolatu izan duten misio espaziala, zeinetan Christina Koch, fisika eta elektrizitatean ingeniaria eta astronauta izan den Ilargira iristen lehen emakumea. Estatubatuarra, bera.
Honezkero, 57 urte igaro dira Apolo 11 misioaren baitan Neil Armstrong ingeniaria Ilargira lehenbizikoz iritsi zenetik. Lurraren satelite nagusia ukitzen lehen pertsona omen da. Omen, dena gezur hutsa izan zela diotenak badirelako. Hiru urte lehenago errusiarrek Laika txakurra bidali zuten hutsartera Sputnik espazio-ontzian sartuta; ordea, ezin izan zuten animaliatxoa bizirik bueltan ekarri ahal izan.
Gurean dugunarekin nahikorik ez eta guretik kanpo, eta gainera ezkutuan dagoenaren dena delako horren jabetza lortzeko lehiaren ikuskizunari so, ikusterik lortu ez dudan film suediar baten izena etorri zait gogora: euskarara ekarrita, izenburua Mendi bat Ilargiaren alderdi ilunean litzateke eta fikziozkoa bada ere, Sofia Kovalevskaia matematikari eta idazle errusiarraren pertsonaiaren esaldi batetik hartuta dago, etsipenetik dioenean bere lorpen akademikoengatik aintzatespen gisa balizko naturaren istripu horri emango lioketela bere izena. Egun bizirik balego, poz txiki bat jaso izango zukeen. Literatura Nobelarekin saritu zuten Alice Munro idazle kanadarraren Zorion handiegia ipuinean du inspirazio iturri filmak, hain zuzen, Kovalevskaiaren bizitzaren pasarte bat kontatzen duen ipuinean, liburu ospetsu osoari izena ematen dion horretan.
Azkenaldian etsipenerako zantzuak gailentzen badira ere, batek daki zer izango den Ilargiaren alderdi ilunak ekarriko diguna
Esaten dute izarrak egoki lerrokatzen direnean, onerako edo txarrerako, magia dirudiena gerta daitekeela, eta azken garaiotan, balirudike halako zer edo zer badela: Eureka da grezieratik eratorritakoen hilabete honetako beste bat, Donostiako zientzia museoaren izena ere badena, eta azken asteotan kalapita batzuk eragin dituena bere itxieraren albistearen inguruan sortu diren desadostasunengatik. Azkenean, zorionez, agintea dutenek iritzia aldatu eta irekita segituko duela iragarri zuten. «Eureka!» poztasunezko esklamazioa oihukatu zuen Arkimedesek Sirakusan, uretan sartu eta urak gainezka egiten ziola ohartzean. «Lortu dut!»-en pareko espresioa, heuristika hitzaren jatorri berekoa, esanahiak sormena eta irudimenarekin lotura daukana.
Ilargia, izarrak eta grezierazko eleak direla, 1912tik errepikatu ez den eklipsea ikusteko aukera izango da uda honetan, ia-ia etxetik bertatik. Tartean hodei maltzurrik suertatzen ez bada Eguzkiak eta Ilargiak bat egingo dute, ortziari behatzea maite dutenen gozamenerako. Hamaika ikusteko jaioak gara! Beste hamaika entzuteko ere bai! Zorionez, baita ikusi eta entzundako horren aurrean ekiteko ere. Ezina ekinez egiten dela erakusten digu historiak, eta azkenaldian etsipenerako zantzuak gailentzen badira ere, batek daki zer izango den Ilargiaren alderdi ilunak ekarriko diguna.