Izeia berriro dantzan Atarrabian

Izeia dantza eta musika taldeak 2001ean estreinatu zen izen bereko ikuskizuna berritu du. 25 urte geroago, Izeia iratxoa Yague txistulariaren doinuekin arituko da.

  'Izeia' ikuskizunaren argazkiak. IZEIA DANTZA ETA MUSIKA TALDEA
'Izeia' ikuskizunaren argazkiak. IZEIA DANTZA ETA MUSIKA TALDEA
Naiara Santano
2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izeia izeneko iratxoaren mundua birrindu da. Erabateko suntsipena izan da, besteak beste, gizakiak naturari eragindako kalteengatik. Musikak eta dantzak gidatuta, iratxoak bere mundua eraikiko du, Izeia, doinu zaharren oihartzuna ikuskizunean. Istorioak 25 urte dituen arren, gazte talde batek berritu egin du. Gaur eta bihar estreinatuko dute Atarrabiako Kultur Etxean, 20:00etan.

Duela urtebete hasi ziren buruari bueltak ematen Maider Arkauz (Atarrabia, 2004) eta Iosu Bidaurreta (Atarrabia, 2007). Biak dantzariak dira, eta, beste hainbeste dantzari eta musikariekin batera, beraien pasioarekin lotutako ikuskizun bat sortzeko lanean hasi ziren. Atarrabian bertan aurkitu zuten inspirazioa, Ismael Yague txistulariaren Izeia diskoan. Diskoak ez ezik, doinu horietan oinarritu zen Izeia ikuskizunak ere inspiratu zituen dantzari gazteak. 2001ean estreinatu zen. Horrela, Izeia dantza eta musika taldea sortu zuten.

Bidaurretak azaldu duenez, Yaguerekin hitz egiten hasi zirenean, Izeia taldekoak konturatu ziren 2026an ikuskizunaren 25. urteurrena izango zela. Horregatik, espektakulua berritzeko «aukera ezin hobea» zela pentsatu zuten.

Izen beraren inguruan eraikitzen da ikuskizun guztia: Izeia. Eszenatokiko protagonista bera ere, Izeia izeneko iratxo eta zuhaitz baten arteko nahasketa da. «Izeiaren munduak izango duen birsortze prozesuaren bitartez kontatzen da istorioa», adierazi du Arkauzek. Iratxoarekin batera, beste hamar dantzari eta lau musikari igoko dira oholtzara; denen lehenengo aldia izango da Izeia ikuskizunean. Zuzendariak, ordea, duela 25 urtekoak dira: Ismael Yague izango da musika artezkaria, eta Izaskun Iturri, dantzarena.

Hitzik gabe

Koreografien nolakotasunaren inguruan galdezka, Arkauzek eta Bidaurreta azaldu dute dantza guztiak aurtengo ikuskizunerako sortuak izan direla, eta horrek ikaskuntza prozesuan eragin duela. «Pauso batzuk ez genituen inoiz egin, eta hamaika mila aldiz errepikatu behar izan ditugu», gogoratu dute. Dena den, koreografien oinarrian lehen estreinaldiko dantzak daude, «ikuskizun hura ikusi zutenek espektakulu berriarekin harremana ikus dezaten», dio Bidaurretak. 

 'Izeia' ikuskizunaren argazkiak. IZEIA DANTZA ETA MUSIKA TALDEA
'Izeia' ikuskizunaren argazkiak. IZEIA DANTZA ETA MUSIKA TALDEA

2001eko ikuskizunak berrikuntza nabarmen bat izan zuen. «Euskal dantzak dantza garaikideagoekin uztartu ziren, eta hori oso berritzailea izan zen», azaldu du Arkauzek. Ildo horri jarraitu diote aurtengoan ere. Euskal folklorearen doinu tradizionalei eutsi diete soinu zein dantzetan. Dena den, soinu garaikideagoekin nahasiko dituzte.

Arkauzen aburuz, jantziek ere «protagonismo puntu bat» dute, dantza bakoitzak bere jantzia baitu. Azaldu du «denetariko» jantziak izango dituztela soinean: «Arropa arruntak, baina baita ikuskizun honetarako berariaz sortutako arropa ere».

Musikari dagokionez, Yagueren Izeia diskoko abestiak joko dituzten arren, konposizio berriak ere sortu dira. Gainera, estreinaldian gonbidatu bereziak izango dituzte, baina ikusleei sorpresa emate aldera, Arkauzek eta Bidaurretak ez dute pistarik eman.

Ikus-entzunezkoekin osatuko da espektakulua. «Istorioaren ildoa ulertzen» lagunduko dutela argitu du Bidaurretak: «Dantzen oinarri izango dira, eta iratxoak ere izango du eragina haietan». Ez du testurik ikuskizunak, ezta beharrik ere, istorioa Izeiak, dantzariek eta musikak kontatuko baitute. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA