Ainhoa Escalada Nuñez moda diseinatzaileak (Larrageta, 2004) filmen unibertsoa bilakatu du inspirazio iturri nagusi. Ilusioz mintzo da bere lanaz, eta jendea sormena lantzera eta garatzera deitu du, baita gauza berriak probatzera ere. Bere lehen bilduma sortu du: House of Guillotina. Horretaz gain, Guillotina marka abiatu ere bai. Max sarietarako hautagaia ere izan da. Burlatan dauka lantegia, eta, bere lanetan bezala, objektu birziklatuak erabili ditu lokala atontzeko.
Zure lehenengo bilduma aurkeztu duzu. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Azkenean erditu naizela sentitzen dut! Ia bi urteko lana behar izan dut marka bat sortzeko eta gauzak ongi egiteko. Prozesu luzea izan da, eta ematen zuen ez nintzela inoiz iritsiko amaierara. Orain oinarria daukadanez, gauza berriak sortzeko gogoa daukat. Oso pozik nago bildumarekin, baina estresak jota lan egin dut, eta uste dut horrek eragina izan duela. Azkenean, ez zen bilduma egitea bakarrik, markaren inguruko gauza guztiak sortzea ere bai.
Zerk inspiratu zaitu?
Oinarri garrantzitsuena, edo nire fantasia, nolabait esanda, banpiroekin loturiko filmak dira. Hala ere, ez naiz estilo horretara mugatzen; koloreak nahastea ere gustuko dut. Egia da lehenengo bildumarako gehiago bilatu dudala banpiro soil baten irudia. Hurrengo bildumetan, berriz, irudi gotikoa eta banpiroa landu nahi ditut, baina estanpatuak edo imajinatuko ez zenituzkeen gauzak sartuta. Nire diseinuen oinarrian, bereziki, arte gotikoa presente egotea nahi dut. Kutsu viktoriarra izatea ere nahi dut.
Moda diseinua arte bisualarekin eta dramaturgiarekin nahasten duzu. Zer ekartzen du nahasketa horrek?
Hori guztia batzen zuen marka bat egotea nahi nuen. Moda artea da, eta desfileetan eta bildumetan lan dramaturgikoa dago, baina beti mugatzen da ehungintzara. Zirraragarria iruditzen zitzaidan dena nahastea. Gainera, ehungintza berrerabiltzeko eta jantziez bestelako erabilera bat emateko modu bat da. Garuna askoz gehiago zukutu behar dut ehungintzako materialekin artelan bat sortzea helburu dudanean. Esfortzu horrek, gero, asko laguntzen dit piezak sortzeko orduan. Atzean dagoen istorioa kontatzeko eta unibertsoa ezagutzeko aukera ematen du. Argazkigintza eta modari buruzko ikus-entzunezko piezak ere interesatzen zaizkit. Jantziak egiteak baino gehiago, horren inguruan dagoen munduak hunkitzen nau.
«Beste zerbait izan den jantzi edo material bat erabiltzeak burua askoz gehiago zukutzea eskatzen du»
Istorioak edo kontakizunak sortzeko balio du?
Bai, uste dut bizitzeko modu terapeutiko bat dela. Atal batera mugatu gabe, barruan duzun guztia botatzeko oso modu ona da. Hau da, jantziari egokitzeko aukera ematen du, eta, lan editorial bat egiten duzunean, jantzi horrek pertsonarengan nola eragiten duen ikustekoa ere bai.
Material birziklatuekin lan egiten duzu. Zergatik hautu hori?
Oso hautu naturala izan zen. Jasangarritasuna presente daukat, baina arrazoi nagusia ez zen hori izan. Berrerabilpen sortzaileko derrigorrezko ariketa bat jarri ziguten gelan, eta ikusi nuen lehenago beste zerbait izan den jantzi edo material bat erabiltzeak burua askoz gehiago zukutzea eskatzen duela. Patroiak egitea eta hutsetik zerbait sortzea oso zaila da, eta gustuko dut, baina are gehiago pentsatzea eskatzen didan zerbait nahi dut. Oraindik asko kostatzen zaizkit patroigintza eta jantzigintza, dislexia handia dut eta. Orduan, lehenagotik eginda dagoen jantzi batetik abiatzeak asko laguntzen dit. Batzuetan, gauzak guztiz alderantziz ikusten ditugunontzat oso lagungarria da. Jasangarritasunaren gaia azaltzen digute, baina mundu bat dago horren atzean. Egia da, era berean, ehungintzak izugarri kutsatzen duela.
Arrazoizko prezioetara hurbiltzeko aukera bat ere bada?
Bai, dudarik gabe. Hori izan da beste arrazoietako bat. Zoritxarrez edo zorionez, ez naiz horrelako gauzak erosteko ahalmena duen familia batekoa. Beraz, aztertzen ari naiz moda sortzailea nola egin, gutxi gorabehera arrazoizkoa den prezio baten truke. Nik neuk moda jasangarria eta diseinuzko moda erosi nahi izan ditut, eta ekonomikoki ezinezkoa izan da. Normala da kostu hori izatea; ez dut kritikatzen, baina oreka bat bilatu nahi dut. Zaila da, baina uste dut posible dela.
«Ilusioz nago, nire bildumak aukera bat, mundu berri bat zabaldu duelako jendearen buruan»
Zer-nolako harrera dauka Iruñerrian eta, oro har, Nafarroan?
Konplexua da. Uste dut Iruñean oso itxiak eta zurrunak garela. Jendeak konfiantzazko gauzetara jotzen du, eta ez da asko landu moda mota hau. Uste dut harrera ez dela inoiz izango diseinuaren arlo honetan normalean izaten dena, berria eta konplexua baita. Hala ere, ilusioz nago, bildumak aukera bat, mundu berri bat zabaldu duelako jendearen buruan. Ekonomikoki ez dut konpentsatu inbertitu dudan guztia, baina helburua ez da hori. Buruak astindu nahi ditut, eta modua egin belaunaldi berriek ikus dezaten hemen ere horrelako estiloak lantzen direla. Ikasketak amaitu nituenean oso galduta nengoen, inork ez baitzuen egiten estetikoki interesatzen zitzaidan zerbait. Lortzen badut jendeak ikustea ez dela beharrezkoa kanpora joatea, lorpen bat izanen da niretzat.
Herri batean bizitzeak nola eragin dizu?
Niretzat izugarria zen ikastolara joatea. Gorroto nuen, eta ez nuen interesekoa zitzaidan deus ikusten. 16 urterekin batxilergoa egin arte, ez nuen modarako interesik, baina sormena bai. Uste dut herri batean bizitzeak ematen duen askatasunagatik izan ez balitz, agian ez nukeela aukerarik eduki izanen zer egin nahi nuen planteatzeko. Zer ez nuen egin nahi ikusteak aukera eman zidan pentsatzeko zer egin nahi nuen.