Alzania upategiko arduraduna. Nafarroako Upategien Elkarteko presidentea.

Jose Manuel Etxeberria: «Mahatsa sobera dago: ardoa ez bada saltzen, akabo festa»

Berriki Nafarroako Upategien Elkarteko lehendakari izendatu dute Etxeberria. Ardogintzak garai zailak baditu ere, baikor dago: «Mugitu egin behar dugu, eta borrokatu».

(ID_14175969) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-08-16, Los Arcos. Jose Manuel Etxeberria, Alzania upategiko arduraduna,  Nafarroako Upate...
Juan Manuel Etxeberria, Los Arcosen, Alzania upategian. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko irailaren 9a
05:00
Entzun

Jose Manuel Etxeberriak (Iruñea, 1971) 2000. urtean sortu zuen Alzania upategia, bere emazte Maria Saenz Olazabalekin batera. Biak dira enologoak, eta euren upategia altxatu zuten: Alzania, Los Arcosen. «Amets bat bete dugu», aitortu du. Berriki, Nafarroako Upategien Elkarteko lehendakari izendatu dute. Ilusioz eta indarrez hartu du kargua. Ardogintzan garai zailak badituzte ere, baikor ikusten du etorkizuna.

Hasi zinenetik hona, gauzak asko aldatu dira ardogintzan? 

Bai. Hastapeneko garaia eztanda baten modukoa izan zen. Hainbat upategi egin ziren, etorkizuna baikortasunez ikusten zen, ardoaren kontsumoak hobera egingo zuela ikusten zen... Orain, alderantziz gaude. Kontsumoa beherantz ari da, eta ardoa sobera dago. Mahats ekoizpena bere onetik aterata dago, eta gu, ekoizle txikiak izanik, argi ditugu gauzak: gutxi ekoitzi eta kalitatezko ardoa egin, originala, jendeak gustuko izango duena.

Jarduera dibertsifikatu duzue. Enoturismoa egiten duzue, eta olioa ekoitzi.

Enoturismoa gorantz ari da, eta hori indartu nahi dugu. Erakargarria da: jendeak gustuko du familia upategi bat bisitatzea landa eremuan, mahastiz inguratua. Ikasi daiteke eta ikusi zer den ardogintza, eta osagarri bat izan daiteke guretzat. Olioari dagokionez, ni Arroizkoa naiz, eta Arroitz olioaren herria da. Nire familiak olioa egiten du [Trujal Mendia]. Jarduera txikia da, baina odolean daramagu arroiztarrok.

Zergatik eman duzu Nafarroako Upategien Elkarteko lehendakaria izateko pausoa?

Elkartetik kanpo geunden upategi batzuek kezka hori genuen. Hori da bitxia: zenbait upategi berri sartu gara, baina bultzada bat eman nahi genion Nafarroako ardogintzari, eta baikortasun apur bat ipini. Egoera ez da ona, baina gu baikorrak gara. Zer egin daiteke? Ikus dezagun. Azken batean, upategi guztiok helburu komun bat dugu: hobeto saltzea eta gure irudia hobetzea. Horri loturik, administrazioak sektorean jarritako diru publikoa bideratu dadila sustapenera eta salmentetara. Diru gehiegi bideratu da ekoiztera, eta hori aldatu behar da. Dirua saltzeko eman behar da. Mahatsa sobera dago: ardoa saltzen ez bada, akabo festa.  

«Ardoa sobera dago, mahastiak sobera daude. Urtero, saldu halako bi ekoizten da»

Nafarroan, ardo beltzaren alorrean badira bi sor-marka: Errioxa eta Nafarroa. Bakoitzak bere kontseilu arautzailea du. Zer funtzio jokatuko du elkarteak horretan?

Elkarte barruan, adibidez, Errioxa sor-markaren aterki barruan aritzen diren upategiak daude. Administrazioari begira, baina, lurralde batean gaude: Nafarroan. Laguntzak eta sustapena negoziatu behar ditugu Nafarroako Gobernuarekin, eta azoketan lurraldeka sailkatzen dituzte upategiak. Denok bide berean egin behar dugu indarra.

Sektorea nola dago?

Gaizki. Munduan egoera txarra da. Bordele inguruan, mahastiak kentzen ari dira —9.000 hektareatik gora kendu dituzte, eta, beharrezkoa bada, 15.000 hektareara iritsiko dira—, Australian ere bai. Ardo beltzaren kontsumoa behera egiten ari da.

Ardo gorria eta zuria hobeto daude?

Ardo gorriari dagokionez, salmentek %7 egin dute behera urte hasieratik. Agian, bi aldiz estropezu egin dugu harri berean. Kontseilu arautzailea ardo gorriarekin tematu da, eta upategi asko ez gaude ados. Ardo gorria sustatu beharrean, ardo zuria sustatu beharko litzateke gehiago. Oso ardo zuri onak daude Nafarroan. Salmentek %22 egin dute gora urtarriletik ekainaren amaierara arte. Errealistak izan behar dugu. Ardo motak aldatzea sustatu beharko litzateke, mahats beltzetik zurira pasatzeko. Sobera dagoela ardo beltza? Alda dezagun apurka mahats mota. 

Gehiegi produzitu da ala urte txarren ondorioa da gaur egungo egoera?

Ez; nire ustez, gehiegi produzitu da. Errealistak izan gaitezen. Ardoa sobera dago, mahastiak sobera daude. Urtero, saldu halako bi ekoizten da. Ez da posible. Datuek hori diote: urtero mahatsa botatzen da. Nafarroan, urtetik urtera mila hektarea gutxiago ekoizten dira, eta orain 9.000 hektareatik behera gaude. 6.000 inguru izango ditugu azkenean. Jendeak ezin badu bere mahatsa saldu, kendu egiten du mahastia. Zergatik izango duzu mahastia? Dirua galtzeko edo ezer ez irabazteko? Tontoarena baizik ez duzu egiten. Nafarroan ardo asko dago sobera.

Azken hiru urteetan, mahatsa eta ardoa botatzeko neurriak hartu dira. Zer iruditzen zaizkizu?

Ezin dira onartu. Puntualak izan behar lukete, eta amaitu behar dira, egiturazko arazo bat baita. Agonia luzatu besterik ez dute egiten. Ezin da dirua eman mahatsa botatzeko. Eta hurrengo urtean? Ez du zentzurik. Ezin bada mahatsa saldu, ken dadila eta jar dadila hor beste labore bat. Kontuan hartu behar da urtero milioika euro ematen direla mahatsa botatzeko. Astakeria bat da.

«Kontsumitzaileak harro egon behar du Nafarroako ardoez. Etxekoari ez diogu garrantzirik ematen»

Uste duzu beharrezkoa dela mahastiak kentzea, Bordelen egin duten bezala?

Bai, eta hala egingo da. Mahastiak kenduko dira, nahitaez. Ez dago besterik. Guztiok dakigu hori. Apurka egiten ari gara, eta Nafarroan bertan isilean ari dira mahastiak kentzen urtero. Diru laguntzak egon zein ez. Batzuk itxaroten ari dira laguntzak emateko. Hobe da dirua horretarako ematea, urtetik urtera mahatsa botatzeko dirua ematea baino.

Zer harrera dute atzerrian Nafarroako ardoek?

Urte asko daramatzagu esportatzen. Nafarroako ardoa Errioxakoa baino lehen hasi zen esportatzen. Errioxako ardoak erraza zuen Espainian saltzeko; Nafarroakoak, aldiz, zailago zuenez, kanpoan bilatu zuen tokia. Lehenago esportatu zuten. Ingalaterran, Alemanian... mundu guztiak daki kalitatezko ardoa dela. Supermerkatuetan eta ostalaritzan ikusten da Nafarroako ardoa.

Azokek nolakoa garrantzia dute?

Oso garrantzitsuak dira. Joan egin behar da eta bertan egon. Nafarroak bertan egon behar du, haren izena ikus dadin.

Eta Nafarroan bada lanik egiteko?

Bai. Geure buruarengan sinetsi behar dugu. Kontsumitzaileak harro egon behar du Nafarroako ardoez. Etxekoari ez diogu garrantzirik ematen. Jarduerak egin behar ditugu irudi hori nabarmentzeko eta hobetzeko, eta Nafarroako ardoari buruz nafarrek eurek duten pertzepzioa hobetzeko. 

Baikorra zara?

Hodei beltzak ditugu gainean, baina mugitu egin behar dugu, eta borrokatu. Ongi egiten duenak aurrerantz egingo du.

Los Arcosen, Jose Manuel Etxeberria, Alzania upategiko ardo botila bat duela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jose Manuel Etxeberria, Los Arcosen, Alzania upategiko ardo botila bat duela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.