Nafarroako Parlamentuak fiskaltzara joko du Acciona enpresako presidente Jose Manuel Entrecanales salatzeko. Accionako burua ez da joan parlamentura, bi aldiz deitu duten arren herri lanen lizitazio eta adjudikazioei buruzko ikerketa batzordean deklaratzera. Fiskaltzara jotzeko erabakiak Mahaiaren oniritzia beharko du, dena den; martxoaren 2ko bileran onartuko dute, itxura guztien arabera. Soilik Vox azaldu da Entrecanalesen jarrera fiskaltzan salatzearen aurka.
Era berean, ikerketa batzordeak erabaki du ez duela aintzat hartuko Accionak Eduardo Montesi emandako «baimen berezia». Acciona Construcciones enpresaren Ipar Eremuko gerentea joan den astean aritu zen ikerketa batzordean. Deklaratzen hasi aurretik, Montesek azaldu zuen «enpresaren ordezkari gisa» jardungo zuela. Hori egiaztatzen zuen idatzi bat aurkeztu zuen.
Horren harira, parlamentari batzuek —besteak beste EH Bilduko Adolfo Araizek— adierazi zuten bazitekeela agiri hori «lege iruzurra» izatea, legebiltzarrak izen-abizenez deitu baitzion Montesi, eta ez Acciona Construccioneseko lege ordezkari gisa. Jose Antonio Araizen ustez, mugimendu horrek lotura du Entrecanales Acciona taldeko presidenteak herri lanen lizitazio eta adjudikazioei buruzko ikerketa batzordea saihesteko estrategiarekin. Azkenerako, batzordeak ez du onartu Montesek aurkeztutako agiria.
Bi saio antzu
Parlamentua bi aldiz saiatu da azken asteetan Entrecanales Acciona taldeko presidentea ikerketa batzordera joan zedin. Acciona taldeak argudiatu zuen administrazio kontseiluari zegokiola erabakitzea nor joango den. Gaineratu zuen Acciona Construccionesi zegokiola auzi horri buruz kontuak ematea, eta ez Acciona taldeari. Urtarrilean, enpresak bi ordezkari bidali zituen, baina parlamentuak ez zuen ontzat jo hori, argudiatuta legebiltzarrari zegokiola nor joango den erabakitzea, eta espresuki Entrecanalesi egina ziotela deialdia. Parlamentuak fiskaltzari jakinarazi zion guztia, iritzitza posible zela «desobedientzia» delitu bat izatea tartean. Orain, berriz, parlamentuak fiskaltzara joko du Acciona enpresako presidentearen aurka.
Jose Manuel Entrecanalesek hedabideen bidez izan du albistearen berri, eta, horren ondoren, idatzi bat igorri dio Nafarroako Parlamentuari, adierazteko fiskaltzara jotzea «neurrigabekoa» dela. Idatzi horretan, Accionako burua «ezadostasun juridiko-administratiboei» buruz aritu da; haren arabera, parlamentuak fiskaltzan halako salaketa bat aurkeztea zera da, erakunde horrek bere gaitasunak «neurrigabe erabiltzea».
Ikerketa batzordearen helburua da Nafarroako Gobernuak urteotan guztiotan Accionari eta Servinabarri adjudikatutako kontratu publikoak ikertzea. Auzi judizial bat dago irekita, Santos Cerdani, Jose Luis Abalosi eta Koldo Garciari leporatzen baitzaie komisioak kobratzea.
Entrecanalesi dagokion erabakiaz gain, beste deliberazio bat hartu du batzordeak. Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Realeko presidente Jokin Aperribai ikerketa batzordera deitzeko eskaera. SAPA enpresako burua legebiltzarrean mintzatu zedila eskatu du Voxek, baina batzordeak ez du onartu.