Accionak aurkeztutako dokumentua «lege iruzurra» izan daitekeela ohartarazi du EH Bilduk

Eduardo Montes Acciona Construcciones enpresaren Ipar Eremuko gerenteak idatzi baten bidez adierazi du «enpresaren ordezkari» gisa hitz egin duela. Jose Manuel Entrecanalesek ikerketa batzordea saihesteko estrategiarekin lotu du mugimendua Araizek.

Eduardo Montes Acciona Construccioneseko Ipar Eremuko gerentea, ikerketa batzordean. JESUS DIGES / EFE
Eduardo Montes Acciona Construccioneseko Ipar Eremuko gerentea, ikerketa batzordean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2026ko otsailaren 18a
16:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eduardo Montes Acciona Construcciones enpresak Ipar Eremu delakoan duen gerentea da. Gaur goizean, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea hasi aurretik, Montesek azaldu du «enpresaren ordezkari gisa» jardungo duela. Hori egiaztatzen duen idatzi bat aurkeztu du. EH Bilduko Adolfo Araizek kritikatu du agiri hori «lege iruzurra» izan daitekeela, legebiltzarrak bere izen-abizenez deitu duelako Montes, eta ez Acciona Construccioneseko lege ordezkari gisa. Jose Antonio Entrecanales Acciona taldeko presidenteak ikerketa batzordea saihesteko estrategiarekin lotu du mugimendua Araizek, eta horregatik eskatu du agiria ez dadila aintzat hartu.

Eduardo Montesekin batera, Accionako beste arduradun bat egon da agerraldia ikusten, kazetarien harmailan. Saioari adi-adi egon da, eta parlamentariek —batik bat UPNko Javier Esparzak— egindako aipu batzuk entzutean ezezko keinua egin du buruarekin, konforme ez zegoen seinale. Montes, berriz, urduri zegoela nabari zen. Legebiltzarkideen itaunketari egoki erantzun eta aldi berean Accionari begira hanka ez sartzeko oreka zaila gorde behar zuela ematen zuen.

Ikerketa batzordeak deserosotasuna eragin du Accionaren barruan. Hasi aurretik, Montesek ohar bat irakurri du adierazteko deialdian akats bat zegoela: «Ni ez naiz Accionaren Ipar Eremuko arduraduna, ni Acciona Construccionesen Ipar Eremuko gerentea naiz. Ñabardura garrantzitsua da». Gehitu duenez, Acciona Construccionesek «pertsonalitate juridiko propioa» du, eta taldearekiko «berezko antolamendua eta baliabideak ditu». Bertako lege ordezkari gisa jardun duela irakurri du segidan.

Araizen itaunketa

Montesek aurkeztutako agiri horri ez diote jaramon handirik egin UPNk eta PSNk, baina EH Bilduko Adolfo Araizen txanda iritsi denean, zalaparta piztu da. «Zergatik aurkeztu diguzu agiri hori: zure ekimenez aurkeztu duzu?», galdetu dio, eta estutu egin du. «Zerbitzu juridikoek eman didate», aitortu du. EH Bilduko parlamentariak galdetu dio ea idatzi duen edukia edo sikiera irakurri al duen: «Zintzoki, ez dakit zer dioen. Goizean eman didate. Zergatik esan behar dizut kontrakoa». Araiz: «Zu al zara Accionako lege ordezkaria?», galdetu dio, azpimarratuz Accionako arduradun nagusiaren funtzioa dela hori. Montes, gero eta urduriago: «Ez naiz abokatua, nik egindakoagatik erantzuten dut, ahalik eta hobekien». Ea agiri hori zertarako behar zuen galdetuta, Montesek aitortu du ez zekiela. Etortzeko baimenik behar al zuen galdetuta, noraezean, berriro esan du ez zekiela.

Parlamentua bi aldiz saiatu da azken asteetan Jose Manuel Entrecanales Acciona taldeko presidentea ikerketa batzordera deitzen. Acciona taldeak argudiatu zuen administrazio kontseiluari zegokiola erabakitzea nor joango den. Gaineratu zuen Acciona Construccionesi zegokiola auzi horri buruz kontu ematea, eta ez Acciona taldeari. Urtarrilaren 20an eta iragan astean, bI ordezkari bidali zituen, baina parlamentuak ez zuen hori ontzat jo, nor joango den erabakitzea berari zegokiola eta deialdia espresuki Entrecanalesi egin ziola argudiatuta. Parlamentuak fiskaltzari jakinarazi dio guztia, balitekeelako «desobedientzia» delitua egotea.

Horren ondotik etorri da Montesek aurkeztutako agiria, eta Araizek iradoki du hori ontzat joz gero Entrecanalesen tesiarekin bat egingo lukeela parlamentuak. «Norbaitek lege iruzurra egin du zu Acciona Construccioneseko lege ordezkari gisa aurkeztuta», esan dio Montesi behin hark funtzio hori ez zuela betetzen egiaztatuta. Froga gisa galdetu dio ea Entrecanalesek agindurik eman al zuen Belateko enpresa elkartean Servinabar enpresa egon zedin. «Ziur nago Entrecanales jaunak ez duela hori egin», erantzun du Montesek. 

Eskuak garbitu ditu

Montesek agerraldian zehaztu duenez, Acciona Construccionesen egituran bera ez da goi mailako agintaria, eta lizitazioa eta adjudikazioa amaitzen direnean hasten da haren egitekoa. UPNko Javier Esparza saiatu da galdetzen nolatan sartu zen Accionaren eta Osesen arteko elkarte batean Servinabar bezalako enpresa txiki bat. Montesek azaldu du berak ez zuela parte hartu negoziazio horretan. Haren esanetan, negoziazio hori Justo Vicente Pelegrini zuzendariaren egitekoa zen, eta hark «autonomia» zuen horretarako —Pelegrini gaur egun auzi judizialean ikertu gisa dago—.

Montesek aurkeztutako agiria irakurtzeko betarik gabe hasi du Esparzak bere galdeketa: «Haren edukia jakin izan banu, galderak beste modu batera egingo nituen. Guk nahi genuen zuk hitz egitea, eta ez Accionak, zure ahotan. A zer egoera latza zurea. Baina zertara zentozen baldin bazenekien, ez iezaguzu adarra jo, ez baitzaitu inork sinesten. Enpresak eskatu dizu haiek defenditzeko, eta zuk hala egin duzu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.