Sare bat bidean laguntzeko

Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak 30 urte beteko ditu udan; 34 erakunde biltzen ditu, eta lanean hasi dira jada, urteurrena baliatuz, egoera zaurgarrian direnentzat heldulekuak aldarrikatzeko.

ELIKAGAI BANKUA
Bi pertsona Nafarroako Elikagai Bankuan lanean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko otsailaren 09a
05:00
Entzun

Datu hotzek diote Nafarroan herritarren %14,5ek —96.000 pertsonak— pobrezia edota gizarte bazterketa pairatzeko arriskua dutela; %6,8 pobrezia larrian direla, eta %60,6k soldataren %40 baino gehiago baliatzen dutela etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzeko. Duela 30 urte, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sarea sortu zutenean, herrialdeko biztanleen %6 ziren pobrezian. Geroztik, herritarrek 2008. urteko krisia eta koronabirusak eragindakoa pairatu dituzte, bertzeak bertze; gora egin du pobrezia eta bazterketa pairatzeko arriskua duten herritarren kopuruak, eta gora egin dute, era berean, pertsona horiek artatzeko eta bidean laguntzeko baliabideek.

Herritarren kopuruak egin du gora, oro har, eta gizartea erabat aldatu da, bertzeak bertze, migrazioen eraginez. Hori dela eta, «ezinezkoa» da 1994ko datuak egungoekin alderatzea. Horixe nabarmendu dute pobreziaren aurkako sareko kideek. Azken 30 urteotako aldaketen lekuko izan dira, eta aldaketa horietara egokitu dute garaian garaiko euren lana, herritar guztiek bizitza duin baterako duten eskubidea bermatzeko asmoz.

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sarea 1994. urteko ekainaren 29an sortu zuten, zehazki. Egun, era askotako 34 erakunde biltzen ditu. Urteurrena ospatzen hasi dira jada, joan den astean egin baitzuten urte osoko egitarau bat abiatu duen lehen ekinaldia: elikagaien eta etxebizitzaren auziak jorratzeko bi mahai inguru egin zituzten, Iruñeko Civican aretoan. Datozen hilabeteotan, gainera, osasunaren, hezkuntzaren eta generoaren gisako gaiak landuko dituzte.

Erakundeak bideratzaile

Sareko kideek erakundeen arteko elkarlanari eman nahi diote balioa, bai eta erakundeon eta administrazioaren artekoari ere. Batez ere, pobrezia eta gizarte bazterketa ez direla berezkoak nabarmendu nahi dute eta gizarteak ezin dituela onartu. Datu hotzen atzean dauden pertsonak jarri nahi dituzte erdigunean, eta pertsona horiek lagundu pairatzen dituzten zaurgarritasun egoeretatik ateratzeko bidean. Are gehiago, erran dute pertsona horiek pobrezia eta bazterketa atzean uzteko euren prozesuetan subjektu aktiboak izan behar dutela: «Erakundeoi dagokigu haien beharrak eta aldarrikapenak zabaltzeko espazioetara sarbide bat ematea», erran du Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareko zuzendari Edurne Redinek.

Karrikan bizi direnentzat neurriak eskatzeko protesta, iazko azaroan, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKUetxe plazan.
Karrikan bizi direnentzat neurriak eskatzeko protesta, iazko azaroan, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU

Bideratzaile izan behar dutela, hain zuzen. Gizartearekin eta pobreziaren eta bazterketaren ezaugarriekin batera aldatu da gizarte lanaren esparruan ari diren erakundeen eginbeharrekoa. «Sarea sortu zenean, pobrezia, batez ere, txaboletan bizi zirenen errealitatearekin lotzen zen. Estatuaren gizarte zerbitzuak garatzeko bidean ziren, oraindik ere, eta baliabideak urriak ziren. Arlo horretan aurrera egin dugu», azaldu du Pobreziaren eta Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareko kide Jon Etxeberriak. Administrazioak baliabide gehiago ditu, eta sareko erakundeak ere «profesionalizatu» dira, Etxeberriak nabarmendu duenez. Horrek ez ditu arazo guztiak konpondu, halere: «Oraindik bada hotza edo beroa pasatzen duen jendea; karrikan bizi den jendea. Kudeatzeko zailagoak diren egoerak ere baditugu orain gure aurrean, gainera».

Izan ere, esparru materialaz harago, gizarte bazterketarekin lotura zuzena duten bertzelako elementu batzuk kontuan hartzeko beharra nabarmendu dute sareko kideek, pobrezia eta gizarte bazterketa jada ez baitira bakarrik baliabide ekonomikorik ez izatea. «Lehen, pobrezia lotzen genuen oinarrizko beharrak asetzeko aukerarik ezarekin. Zeintzuk dira, baina, oinarrizko behar horiek? Zer hartzen dugu kontuan, zehazki?», galdetu du Edurne Redinek. Gizarte lanaren esparrutik, adituak begirada zabalduz joan dira, eta, egun, Europan pobrezia eta gizarte bazterketa nolabait neurtzeko erabiltzen den Arope adierazleak baliabide ekonomikoak hartzen ditu kontuan, baina baita lan egiteko aukera, osasuna —buruko osasuna barne—, etxebizitza, hezkuntza eta gisako bertzelako arlo batzuk ere.

Enpleguaren esparruan, adibidez, azken hamarkadetan «aldaketa handia» izan da: «Lanak jada ez du bermatzen pobrezia eta gizarte bazterketa atzean utzi ahal izatea. Lan prekario anitz dago, eta herritar anitzi anitz zailtzen zaie lan egiteko aukera. Zaintzaren arloko lanak, bertzeak bertze, beti izan dira prekarioak, eta egoerak okerrera egin du», salatu du Redinek. Etxebizitzaren inguruko arazoak ere jarri ditu erdigunean, eta nabarmendu du prezioek anitz egin dutela gora, eta etxebizitza, eskubide baino gehiago, «luxu» bat dela egun.

«Pobrezia heredatzen da egun; jaiotzen garen tokiak eta testuinguruak baldintzatzen dute gure etorkizuna, neurri handi batean». 

EDURNE REDINPobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareko zuzendaria

Hezkuntzaren esparruari ere bereziki egin nahi izan dio so Redinek; batez ere, pobrezia eta gizarte bazterketa ez betikotzeko bete dezakeen rolagatik. Pobreziaren aurkako sareko zuzendariak aitortu du, dena den, hezkuntza oraindik ez dela gai izan pobreziaren transmisioaren dinamikak apurtzeko: «Pobrezia heredatzen da egun; jaiotzen garen tokiak eta testuinguruak baldintzatzen dute gure etorkizuna, neurri handi batean».

Zer jan izateko

Nafarroako Elikagai Bankua, Paris 365 jantoki soziala kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioa eta Tuterako Villa Javier jantokiaz arduratzen den Tudela Comparte elkartea dira Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sarea osatzen duten 34 erakundeetako hiru. Erakunde horietako ordezkari Alba Ekiza, Myriam Gomez eta Manuel Campillo aritu ziren sareak urtarrilaren 30ean antolatutako lehen mahai inguruan. Gomezek eta Campillok nabarmendu zuten Iruñeko eta Tuterako jantoki sozialetan «askotarikoa» dela erabiltzaileen soslaia. Gomezek, Paris 365 elkarteko koordinatzaileak, herritar anitzek pairatzen duten «ziurgabetasuna» azpimarratu nahi izan zuen: «Herritar anitzek ez dakite biharamunean zer jan izanen ote duten; ziurgabetasun horrekin bizi behar dute».

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sarearen mahai ingurua, Iruñean, urtarrilaren 30ean: ezkerretik, sareko Gara Gonzalez, Alba Ekiza, Myriam Gomez eta Manuel Campillo. AITOR KARASATORRE / FOKU
Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sarearen mahai ingurua, Iruñean, urtarrilaren 30ean: ezkerretik, sareko Gara Gonzalez, Alba Ekiza, Myriam Gomez eta Manuel Campillo. AITOR KARASATORRE / FOKU

Tuterako Villa Javier jantokiko Manuel Campillok onartu du proiektu hori martxan jarri zutenean, duela zortzi urte, «inozo samarrak» izan zirela: «Uste genuen jendeari zer jan emanda pobrezia bazter uztea lortuko genuela». Orain garbi du: «Gure helburua ezin da izan jendeari jaten ematea; pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskua dutenak euren bidean laguntzea da gure eginbeharrekoa».

«Gure helburua ezin da izan jendeari jaten ematea; pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskua dutenak euren bidean laguntzea da gure eginbeharrekoa». 

MANUEL CAMPILLOTuterako Villa Javier jantoki sozialeko kidea

Nafarroako Elikagai Bankuak hornitzen ditu Paris 365 eta Tuterako Villa Javier, bertzeak bertze. Bankuko gizarte langilea da Alba Ekiza, eta Paris 365 eta Villa Javier proiektuetako arduradunek erakunde horietara jotzen duten herritarrak artatzeko sortutako dendak aipatu ditu landu beharreko bide gisa: «Erakundeetara jotzen duten pertsonek nahi dituzten elikagaiak hartzeko aukera dute denda horietan, eta hori inportantea da. Nafarroan, 11 erakundek sortu dituzte gisako biltegiak elikagaiak banatzeko; bankuko elikagaiak jasotzen dituzten herritarren %23-25ek bide horretatik hartzen dituzte, hain zuzen», kontatu du.

Otsailean, osasuna izanen da pobreziaren aurkako sareko kideen ardatz.

Egitaraua

    Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak urte osoan eginen ditu 30. urteurrena ospatzeko ekinaldiak. Hilabete bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute.

     
    • Otsaila. Osasuna. Otsailaren 20an eginen dute saioa, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Espazio soziosanitarioa birdiseinatu izenburupean..
    • Martxoa. Etxebizitza.
    • Apirila. Adingabeak.
    • Maiatza. Lana eta formakuntza.
    • Ekaina. Gizarte parte hartzea.
    • Uztaila. Migrazioa.
    • Abuztua. Eskubide digitalak.
    • Iraila. Hezkuntza.
    • Urria. Pobreziaren kontrako hilabetea.
    • Azaroa. Generoa.
    • Abendua. Giza eskubideak.

     

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.