Trastoteka, erremintak elkarri uzteko

Gailuak alokatzeko zerbitzu komunitario bat da Geltokiko Trastoteka. Helburua da eredu ekonomikoa eraldatzea, baliabideak herritar ororen esku jartzea eta erabilera partekatua sustatzea.

Hainbat tresna, Iruñeko Geltokiko Trastoteka zerbitzuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hainbat tresna, Iruñeko Geltokiko Trastoteka zerbitzuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2026ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitzurrak, luzagarri industrial bat, haririk gabeko bozgorailu bat, taka-taka ortopediko bat, elurretako kateak, kalibrea, eskorga, papera mozteko makina, beira ebakitzeko tresna, gasezko su txiki bat, hidrogarbigailu txiki bat, Allen giltzen sorta bat, maleta txiki bat eta beste gauza asko aurki daitezke Trastotekan. Ia hirurehun objektuz osatutako zerrenda bat daukate, eta denak har daitezke maileguan. Liburutegi baten antzera funtzionatzen du, baina liburuak hartu beharrean, egunerokoan noizean behin behar izaten diren gauzak daude. Trastoteka Geltokin dago, Iruñeko autobus geltoki zaharrean, Tafallesa zenaren bulegoan. Asteartetik ostegunera eta 16:30etik 19:30era egoten da zabalik, eta larunbatetan ere bai, 11:00etatik 14:00etara.

Gabriele Sini da Trastotekaren arduraduna, eta ilusioz mintzo da zerbitzuaz: «Oso polita da ikustea jendeak zerbitzua erabiltzen duela. Batzuetan kosta egiten zaigu gauzak elkarri uztea, ohituta baikaude nork bereak izatera. Ez da beharrezkoa dena etxean izatea, ordea; polita da gauza komunitarioak izatea ere». Tresnak alokatzeagatik prezio sinboliko bat ordaintzen da, mantentze lanak ordaintzeko. Gehienez hiru euro izaten dira: «Leku batzuetan alokatzeko aukera egoten da, baina oso garestia izaten da». Zerbait alokatzen den bakoitzean ordaindu beharrean, urtean 20 euro ordainduta supererabiltzaile deritzona izateko aukera ere badago. Gaur egun, hirurogei inguru dira. Horrez gain, guztira zazpiehun pertsona inguru ibili dira Trastotekan 2023tik, sortu zutenetik alegia.

Gabriele Sini, Geltokiko Trastotekako arduraduna. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gabriele Sini, Geltokiko Trastotekako arduraduna. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Duela hiru urte sortu zuten Trastoteka, baina Sinik azaldu du 2018tik zutela helburu Trastoteka sortzea, Geltokik ateak zabaldu zituenetik alegia. Hasierako urteetan, gailuak biltzen, erosten eta lekua atontzen ibili ziren. Xedea da eredu ekonomikoa eraldatzea, baliabideak eskuratzeko bidea erraztea eta erabilera partekatua sustatzea. «Batzuek ezin dituzte tresnak erosi, baina euro baten truke eraman ditzakete. Erabiltzaile batek, adibidez, etxea eraberritu du Trastotekako gailuak erabilita. Ez da beharrezkoa dena erostea. Kontsumoa murrizteko modu bat da», kontatu du. Orokorrean, gauzak astebetez alokatu daitezke, baina makuluak edota antzekoak alokatuz gero, epea luzatzen dute.

Oinarrizkoa ikasi

Tailerrak ere egiten dituzte, oinarrizko gauzak ikasteko; adibidez, iturgintzari edo elektrizitateari lotutakoak. Nabarmendu du «ederra» dela jendea galdezka etortzea: «Ni prest nago ahal dudan guztia azaltzeko. Adibidez, arrazoi patriarkalengatik tresnak erabiltzen ikasteko aukerarik izan ez duten emakume zahar asko etortzen dira tailerretara». Azkenik, nabarmendu du, kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, gauzei beste bizialdi bat emateko aukera ere eskaintzen duela Trastotekak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA