2026ko mendi jarduerarik eta ibilbiderik onenen sariak, 'Pyrenaica'-ren mendeurreneko sariak, Padura taldearen 75 urteak…

Euskal Mendizale Federazioaren 30. gala egin dute Arrigorriagan, Padura mendi taldeak bere 75. urteurrenean antolatuta. Mikel eta Jon Inoriza anaiak eta Oihana Kortazar izan dira sarituetako batzuk. 'Pyrenaica' aldizkariaren sariak ere banatu dituzte.

Euskal Mendizaletasunaren 30. Gala
EMFko sarituak, Pyrenaica aldizkariaren lehiaketetako sarituak, federazioko eta Padura taldeko ordezkariak, familia argazkian. UNAI ZABALETA
ramon olasagasti
2026ko urriaren 16a
22:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Mendizaletasunaren 30. Gala izan da ostiral iluntzean Arrigorriagan. Euskal mendizale komunitatearen urteko topagune nagusia izaten da gala, eta hainbat mendizalek eginiko ibilbideari eta ekarpenari aitortza egiten zaio. Lonbo Aretoan izan da ekitaldia, eta 2026ko EMF Sarien irabazleak izan dira protagonista.

Euskal Mendizaletasunaren 30. Galak esanahi berezia izan du aurten, Padura mendi taldearen 75. urteurrenarekin bat egin baitu. Kluba bera arduratu da aurtengo gala antolatzeaz, eta ospakizuna aukera paregabea izan da Arrigorriagako mendizaletasunaren historian errotuta dagoen elkarte horri 75 urteotako ibilbidea aitortzeko.

Mikel eta Jon Inoriza anaientzat Andres Espinosa saria

EMFren urteko aitortza nagusia, Andres Espinosa saria, Mikel eta Jon Inoriza anaientzat izan da. «Alpinista eta eskalatzaile nabarmenak dira biak ala biak, eta nazioartean ezagunak dira harkaitzean, izotzean eta muturreko eskian egindako zailtasun handiko espedizio eta igoerengatik. Biak alpinismoaren eta eskaladaren belaunaldi gazteko erreferenteen artean daude», goretsi dute EMFko ordezkariek saria ematerakoan.

Oihana Kortazarrentzat Loli Lopez Goñi saria

Oihana Kortazar Aranzeta mendiko lasterkariak jaso du Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak saria. Emakumeek mendizaletasunean egindako ibilbidea eta jarduera nabarmentzen ditu EMFk sari horren bidez. «Kortazarrek ibilbide oparoa egin du mendiko lasterketetan, eta nazioarteko titulu garrantzitsuak lortu ditu», EMFko ordezkariek nabarmendu dutenez. 2011n Skyrunningeko Munduko Kopako eta Europako txapeldun izan zen, eta Zegama-Aizkorri maratoian ere birritan izan da irabazle, 2011n eta 2012an, hain zuzen. «Azken urteetako garaipenek, berriz, erakusten dute goi mailan jarraitzen duela: 2023an FEDMEren Espainiako lineako mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen —bere ibilbideko bosgarrena—, eta 2024an FEDMEren Espainiako ultra txapelketa».

Eñaut Izagirrerentzat urteko jarduera onenaren Antxon Bandres saria

Eñaut Izagirre glaziologoak jaso du urteko jarduera onenaren Antxon Bandres saria. Izagirrek espedizio eta ikerketa ugaritan parte hartu du, bereziki Darwin mendikatean. EHUn Geografiako irakasle gisa egiten duen lana doktoregoarekin uztartzen du, «eta hainbat sari eta aitortza jaso ditu alpinismoaren, esplorazioaren eta glaziologiaren esparruetan», EMFko arduradunek saria ematerakoan azpimarratu dutenez.

Aintzatespen horren bidez, glaziarren bilakaera eta etorkizuna aztertzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du EMFk, baita mendi federazioek ingurune horiek ezagutzeko eta kontserbatzeko duten konpromisoa indartu ere. «Alde horretatik, Izagirreren lanak ingurune horietan gertatzen ari diren eraldaketak ulertzen eta mendizaleak haiek babestearen garrantziaz jabetzen laguntzen du».

Baltasar Zapatero eta Jose Nieto: ibilbidearen EMF sariak

Ibilbideari dagokion saria aurten bi mendizalek jaso dute: Baltasar Zapaterok eta Jose Nietok, mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako lana aitortzeko. Baltasar Zapatero Barakaldoko Arroletza mendi taldeko bazkide historikoa da; 93 urterekin, aktibo jarraitzen du, eta klubeko erreferenteetako bat da. Orobat, aitzindaria izan da mendietako postontziak argazkitan jasotzen eta haien txartelen bilduma egiten.

Nieto, berriz, Arrigorriagako Padura taldeko kidea da 1974tik, hainbat urtean presidente izandakoa eta gaur egun ere Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Txema Novalek ‘Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak’ Saria jaso du. Noval Seraingen (Belgika) jaio zen, eta Burlatan bizi da 1965etik. Mendizale amorratua da, eta bizitzan zehar herriko hainbat kirol- eta boluntariotza-ekimenetan parte hartu du. Euskal Herriko Mendi Biltzarraren egitura juridiko osoa antolatzeaz arduratu zen, eskuzabaltasunez eta inolako ordainik jaso gabe.

'Pyrenaica' aldizkariaren mendeurreneko sariak

Pyrenaica aldizkariaren urteroko sariak ere banatu dituzte galan, Euskal Mendizale Federazioaren agerkariarentzat bereziki esanguratsua izan den 2026 honetan, Pyrenaica-k ehun urte bete baititu euskal mendizaleen ahotsa eta memoria izaten.

Pyrenaica-ko Blogaren X. Lehiaketan, Esther Merinok jaso du lehen saria, Los dólmenes de Kuartango (Araba) lanagatik.

Pyrenaica-ko XLIII. Mendi Argazkien Lehiaketan, Jose Inazio Izagirrek eskuratu du lehen saria, Betato eta Telera-Partacua udazkenean argazkiarekin; eta Jose Antonio Ramosek bigarrena, Cultivando bajo los colosos lanarekin.

Pyrenaica-ko XLII. Mendi Artikuluen Lehiaketan, Haizea Ramirez eta Unai Razkin izan dira irabazleak, 63 eguneko ibilaldia. 8000koen erreinuan barrena lanagatik. Bigarren saria Beatriz Jauregik jaso du, La vía, no tan verde, del Duero portugués artikuluagatik; eta hirugarren saria, ex aequo, BERRIAko bi kolaboratzailek jaso dute: Ivan Ruizek, Sanabriako zeharkaldia. Lau eguneko abentura, izotzak moldatutako mendietan zehar lanagatik, eta Karlos Aretxabaletak, Balellaza orratzak. Bisaurin. “Azken poeta” lanagatik.

Pyrenaica-ren Mendeurreneko Kontakizun Lehiaketan, euskarazko lehen saria Eneko Arregik jaso du, Ilunabar arrosak lanagatik; eta gaztelaniazko lehen saria, Carlos Gonzalezek, Antoto lanagatik.

Horrez gain, urte luzez aldizkarian kolaboratzaile aritu diren bi laguni ere aitortza egin diete: Arantza Lazurtegi eta Alberto Mella mendizaleei.

Boluntarioen lanari aitortza

Padura mendi taldeak protagonismo berezia izan du ekitaldian. Batetik, 75 urte hauetako historia eta bilakaera jasotzen dituen ikus-entzunezko bat proiektatu dute; bestetik, urteurrenaren harira antolatutako jarduerak biltzen dituen bideo bat ere jarri dute.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak «pozik» hartu du euskal mendizaletasunarentzat hain garrantzitsua den ekitaldia herrian, beretzat ere «lasaitasuna aurkitzeko, naturarekin harremanetan egoteko eta besteekin elkartzeko gunea» baita mendia. Saridunak zoriondu ditu, baita Padura taldea ere, bere 75. urteurrenean, «gero eta indibidualistagoa den gizarte batean talde izaerari eusteko eta komunitatea sendotzeko egiten duen lana nabarmena baita», haren hitzetan. Era berean, goretsi egin du federazioetan eta mendi taldeetan eskuzabal lan egiten duten boluntarioen jarduna: «Zuen lanari esker, mendiaz gozatzen, mendia zaintzen eta partekatzen jarrai dezakegu».

Josu Ruiz de Azua Padura taldeko presidenteak Arrigorriagak mendiarekin duen lotura estua nabarmendu du, eta, Pyrenaica-ren mendeurrenaren harira, aldizkaria «gure mendizaletasunaren paperezko bihotza» dela adierazi du.

Ricardo Hernani EMFko presidenteak euskal mendizaletasunaren oinarri diren kluben eginkizuna aldarrikatu du: «Ikasteko, elkartzeko eta auzolanean aritzeko guneak dira mendi taldeak, herria egiten dutenak». Padura mendi taldea eta Pyrenaica aldizkaria zoriondu ditu, eta mendizale belaunaldi ugariek osatutako «ondare kolektiboa» nabarmendu du. «Gure hitzek oihartzuna dute, baina gure ekintzek definitzen gaituzte», adierazi du. Juan Mari Feliu ere gogoan izan du: «Haren ondarea konpromisoaren eta gizarteari egindako ekarpenaren erakusgarri da».

Galaren amaieran, EMFk eta Pyrenaica-k saritutako lagun guztiak batu dira agertokian, familia argazkian, 2026ko galari amaiera emateko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA