Ainara Uribarri eta Ibai Angulo izan dira irabazle Aloñako Igoeran

Oñatiarrak garaipen sendoa eskuratu du, eta azpeitiarrak sasoi betean dagoela berretsi du Oñatiko proban. Nafarroa Extrem lasterketan, berriz, gipuzkoarrak izan dira garaile: Noelia Lataburu eta Ander Amonarriz.

Aloñako Igoerako podiuma. GOIENA
Aloñako Igoerako podiuma. GOIENA
ramon olasagasti
2026ko apirilaren 27a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko mendi lasterketa ederrenetako bat da Aloñako Igoera, bai ibilbidez eta bai giroz. Infernua esaten diote batzuek, sua izaten baita 22 kilometro eta erdiko ibilbidean (1.868 m+) eta deabrua bera ere irabazleekin helmugaratzen baita, suzia piztuta, baina Oñati zaintzen duen harresi menditsua, infernua baino gehiago, agertoki ederra da lasterketa baterako. Halaxe izan zen atzo ere: goizeko lainoak gorabehera, goiz erdirako argitu zuen egunak, eta eguraldi paregabearekin osatu zuten proba izena emanda zeuden 335 korrikalariek. Eta mendian proba ikustera bildu zirenek ere egun ederraz gozatu ahal izan zuten.

Emakumezkoetan, nabarmena izan zen Malen Osaren hutsunea, eta Oihana Kortazar iazko garailea ere ez zen Oñatin izan. Beraz, Ainara Uribarri jotzen zuten gehienek faborito, eta herriko alabak ez zuen hutsik egin. Uribarrik hasieratik hartu zuen aurrea, eta sendo eutsi zion aldeari. Lara Estebanez izan zen bigarren, ia sei minutura, eta Adirane Peñagarikano hirugarren, zazpi minutura. Jaitsieran azkarrena Estebanez izan zen, eta, beraz, beretzat izan zen Sagas saria.

Gizonezkoetan, Irazu Aranburu aurre hartuta ibili zen lehen kilometroetan, eta Aloñako gainean ere bera izan zen aurrena. Haren atzetik gertu ibili ziren une oro Ibai Angulo eta Imanol Goñi. Artzanburu tontorrean (12,8 km), Aranburu igaro zen aurrena, baina Oñatirako jaitsiera luzean harrapatu eta gainditu egin zuten Ibai Angulok eta Imanol Goñik. Herriko kaleetan, Angulo helmugaratu zen lehena, deabruarekin batera. Sasoi beteko dago azpeitiarra; aurreko astean Kilimon Traileko lasterketa laburrean ere bera izan zen garaile. Goñik ere lasterketa bikaina osatu zuen. Berak egin zuen jaitsiera azkarrena eta eskuratu zuen Sagas saria..

Aloñako igoerako sailkapen guztiak lotura honetan.

2026ko Nafarroa Extrem probaren irabazleak
Nafarroa Extrem probako lehen hiru emakumezkoak. JOSU INZIARTE

Noelia Lataburu eta Ander Amonarriz, Zubiriko Nafarroa Xtrem proban

Zubiriko Nafarroa Extrem izan da asteburuko beste lasterketa nagusietako bat. GR322 zidorraren ibilbidean jokatu zen proba larunbatean, Kintoko baso ederretan (35 kilometro eta 1.800 metroko goranzko desnibela). Bi gipuzkoar gailendu ziren lasterketan: Noelia Lataburu irurarra (4.22.20) eta Ander Amonarriz hernaniarra (3.06.23). 500 korrikalari pasatxo zeuden izena emanda egutegian jada sendotuta dagoen lasterketa horretan, eta horietatik 305 helmugaratu ziren banakako modalitatean, eta 56 bikoteka.

Hala emakumezkoetan nola gizonezkoetan, estua izan zen lehia, eta azken kilometroetan erabaki zen auzia. Emakumezkoetan, Elixabete Agirre iruindarra joan zen aurretik probaren lehen bi herenetan, 20. kilometrora arte, minututik gorako aldearekin zenbaitetan. Atzetik, ordea, Noelia Lataburuk indarrak hobeto neurtu eta aurre hartu zion azken herenean, eta ia bi minutuko aldearekin lortu zuen garaipena. Bigarren izan zen Agirre (4.24.13) eta Marianne Rebouças bergararra hirugarren (4.31.54).

2026ko Nafarroa Extrem probako lehen bost gizonezkoak
Nafarroa Extrem probako lehen bost gizonezkoak. JOSU INZIARTE

Gizonezkoetan, Markel Urigoitia otxandiarrak (Bizkaia) aldea hartu zuen lehenbiziko kilometroetan. Atzetik, taldetxo bat: Ander Amonarriz, Hodei Lujanbio, Unai Martinez eta Iñaki Olano. Adi gailurra jo ondoren, Urigoitiak lasterketaren buruan jarraitzen zuen, baina lasterketaren azken zatian, Saigots eta Zubirirako jaitsieran, Amonarrizek aurre hartu zion Urigoitiari, eta helmugan, gainera, 2024an Iñaki Olanok lortutako marka (3.14.38) zortzi minutu pasatxoan hobetzea lortu zuen. Urigoitia bera izan zen bigarren (3.09.03), eta Unai Martinez hirugarren (3.10.11).

Bikoteka, emakumezkoetan, Orbaizetako (Nafarroa) Miren Vizcay eta Lea Kromer (5.18.30) gailendu ziren; gizonezkoetan, Irungo (Gipuzkoa) Alejandro Luna eta Oihan Sayar (3.35.56); eta bikote mistoetan, Ilargi eta Odei Perez Oronoz anai-arreba iruindarrak (4.14.18).

Sailkapenak esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA