«Sutondoan, hainbat hilabete lehenago albo batera utzitako ametsetan murgildu da Pedro. Orduan, Huarazen leku bat egiteko asmoari heldu nahi izan zion bihotz-arima, mendirako zaletasuna lanbide bihurtuta». Alberto Zerain alpinista handiak (Gasteiz, 1961 – Nanga Parbat, 2017) Andanzas por la Cordillera liburuan (Informart, 1998) idatzitako pasarte bat da. Peruko Cordillera Blancan eginiko ibiliak jaso zituen Zerainek liburu hartan, eta Aramaioko Udalak antolatutako Sagitario saria irabazi zuen kontakizunarekin. Liburuko Pedro hori, berez, Alberto Zerain bera da, haren alter ego-a. 1981. urtean, 20 urterekin Peruko Cordillera Blancara eginiko bidaian, lekuarekin maitemindu zen Zerain, eta 1983an itzuli zen hara, soilik joaneko hegazkin txartelarekin, gidari lanetan aritzeko asmoarekin. Perun ezagutu zuen Patricia Prevost emaztea, baina, Sendero Luminosoren jarduera zela eta, giro politikoa oso tenkatua zegoen garai hartan, eta atzerritzarrentzat arriskutsua zen han geratzea. Ondorioz, Gasteizera bueltatzea erabaki zuten Albertok eta Patik.
Bizitzaren joan-etorriko bidaiak zer diren, Jon Zerain Prevost (Gasteiz, 1996) goi mendiko gidari izateko ikasketak egiten ari da orain, non eta Perun, amaren jaioterrian, aita zenak hainbeste maite zuen Cordillera Blancan, haren liburuko Pedro hura bezala. «Txikitatik etorri izan naiz familiari bisita egitera, hiru urtean behin edo. Eta heldu ahala, herrialdea gehixeago ezagutzen ibili naiz neure kabuz. Azken urteotan, Huarazen ibili naiz asko. Hemen dago nire jatorria», adierazi du Zerainek.

Jon Zerainek iaz ezagutu zuen Josue Sanchez lagun perutarra, Ruben Zuazo lagun gasteiztarrarekin zebilela. Iazko udan, hirurek elkarrekin igo zuten Tocllarraju mendia, eta orduan aipatu zion Sanchezek Goi Mendiko Ikasketen Zentroko hautaprobetan izena emateko aukera. Berezia da Sanchezen istorioa ere: Lima hiriburukoa da berez, San Martin de Porres auzo xumekoa, eta 18 urtera arte, gidari eskolan sartu zen arte alegia, sekula mendirik zapaldu gabea zen. «Bost urte eskasean, ordea, 23 urte dituen honetan, haren bizimodua bihurtu da jada. Goi mendiko gidaria da», jakinarazi du Zerainek.
Istorio honetako hirugarren protagonista, Raymond Eckland, kaliforniarra da, estatubatuarra. 31 urte ditu, bera da hiruretan zaharrena, eta eskarmentu handia du arrokan eta izotzean eskalatzen, Yosemiten hainbat eskalada egindakoa baita, besteak beste. Zerainek eta Sanchezek aurtengo abuztuan ezagutu zuten Eckland, harkaitzean eskalatzen zebiltzala, eta ondo hartu zuten elkar. «Irailaren hasieran, Paron aintzirara joatea proposatu zidan Rayk, han inguruko mendi batzuk igotzeko, eta, besteak beste, Artesonraju igo genuen biok elkarrekin». Josue mendian lanean zebilen orduan, baina, hamar egunen buruan, Josuek berak egin zien proposamena, asmo handikoa, gainera: Chacraraju mendia (6.108 m) igotzea. Iaz, Sanchezek eta Nathan Heald estatubatuarrak bide bat zabaldu nahi izan zuten mendi horren hegoaldeko aurpegian, baina ezin izan zuten asmoa gauzatu.
Kikiltzen duen mendia
Zorrotza, tentea, oldartsua da Chacrarrajuren aurpegiera. «Edonor kikiltzen du azpitik begiratze hutsak, baita haren ospeak eta berezko zailtasunak ere», dio Zerainek. Udaren hasieran, burutik pasatu ere ez zitzaion egingo Zeraini Chacrarrajun sartzea, baina ekainetik abuztura Ulta, Artesonraju eta beste zenbait mendi igo ondoren, «jauzi nabarmena» sumatu du, eta horregatik ausartu zen Sanchezen proposamenari baietz esatera.

Hiru mendizaleak irailaren 7an heldu ziren 69. Aintzirara, Chacrarrajuren magalera, hurrengo goizean gorantz abiatzeko asmoarekin. Baina biharamuneko elurrak eta eguraldi makurrak denda barneko metro koadro eskasetan errendiarazi zituen. Hirugarren egunean eguraldiak hobera egin, eta gorantz jotzea erabaki zuten Zerainek, Sanchezek eta Ecklandek. «Justu egun horretan iritsi zen Andre Prevost lehengusu limatarra 69. Aintzirara. Glaziarreraino lagundu zigun eta ondoren kanpalekura itzuli zen».
«Perun mendian ibiltzeak beste kutsu bat du niretzat, amaren aldetik herrialde honetakoa naizelako, askotan egon naizelako, aita gaztetan Huarazen bizi izan zelako, eta harentzat leku garrantzitsua izan zelako»
JON ZERAIN PREVOST Alpinista
Glaziarra arrakalaz josita zegoen, eta ustez lau bat ordutan egingo zuten bidea egiteko zazpi behar izan zituzten azkenean. Nolanahi ere, arratsaldearen azken hatsean, Chacrarajuko hegoaldeko hormaren azpian muntatu zuten denda. «Gaua oskarbi geratu zen. Elurra urtu eta dendaren kanpoan egin genuen afaria, zeru izarratuaren azpian». Izotz eta elur, distira berezia ageri zuen mendiaren hego aurpegiak haien gainean.
Biharamunean, 04:00etan abiatu ziren gora. Errimaia izan zen lehen oztopoa: bertikala eta altuera dezentekoa izateaz gain, oso irekia ageri zen: «Babesteko aukera gutxi ematen zuen, gainera. Eskuinera, ezkerrera, hor ibili ginen hura gainditzeko lekurik egokienaren bila, eta lortu genuen azkenean. Errimaiaren ondoren, izotzezko tarte bat etorri zen, eta gero misto zail bat. Tarte horretan mantso joan ginen».
Goian hodei batzuk ageri baziren ere, egunsentiak egun dotorea iragartzen zuen. Hiru mendizaleak kanal moduko batean barneratu ziren. «Hor ere askoz azkarrago joatea espero genuen. ‘Seguru elkarri loturik joan gaitezkeela’, pentsatzen genuen gure artean. Baina ez: malda uste baino tenteagoa zen, eta elur gogorra edo izotza zegoen tarte gehienetan. Horren ondorioz, luzeka joan behar izan genuen une oro, torlojuekin edo hesolekin bilguneak egiten eta sokarekin elkar segurtatuz. Eskalatzen, azken batean», azaldu du Zerainek.

Kanal horren amaieran, harkaitz harresitxo bat zuten zain, eta harresi horren erdian izotzezko mingain bat. Haren azpian muntatu zuen bilgunea Zerainek berak, harri handi baten babesean. 15:30 inguru izango ziren izotz jauzi baten azpira iritsi zirenean. «70 metro inguruko jauzia zen, oso bertikala, tarteren batean 90 gradukoa ere bai. Nik lehen hamabost metroak egin nituen, eta, gero, Rayk bere burua eskaini zuen tarterik zailena egiteko. Izotz jauzi hori izan zen bidearen zatirik ikusgarriena. Izotzak kalitate handia zuen, eta babesteko aukera ematen zuen, baina eskalatu egin behar zen».
Iluntzen hasita zegoen izotz jauziaren goialdera atera zirenerako. Orduak egin zituzten, erabat gautu eta gero, bibaka egiteko leku egoki baten bila eta bila, igo, jaitsi, orain eskuinerantz, orain ezkerrerantz... «Azkenean, esertzeko aukera ematen zuen lekutxo bat topatu genuen, kobazulo moduko bat, eta han igaro genuen gaua. Ez zen atsegina izan. Gogoan dut Ray gainean neukala, Josue ere erdi gainean. Botak kendu gabe sartu ginen zakuan. Eskerrak manta termikoak genituen».

Biharamunean, 04:30 aldera, bibakaren kokagunetik hamabi bat metroko rappel bat egin, eta bideari heldu zioten berriro. Ez zioten oso argi antzematen zein izan zitekeen biderik egokiena mendiaren goiko ertzera ateratzeko. «Hasieran, Josuek kanal nagusitik gora egin zuen, baina serac handiek itxi zioten bidea. Nik eskuineragotik jo nuen beste lerro baten bila, baina hura ere ez zen egokia. Eskuinerago joan behar zen. Azkenik, mistoko tarte batzuk eta azukre elurrezko azken luze bat gaindituta, ertzera atera ginen». Nekeak erasan zien tarte horretan. «Bi egun neramatzan ia begirik bildu gabe, eta tarteren batean, segurtatzen ari nintzela, loak hartzen ninduen».
Emakume ederra
Ertzera ateratzeko bidea bilatzen ari zirela, begitazio bat nola, Ray Ecklandi iruditu zitzaion emakume aurpegi bat ikusi zuela elurretan, emakume baten silueta. Argazkia atera, eta aurrera jarraitu zuten hiru andinistek. Azukre elurrezko luzearen ondoren, gune lau moduko batera atera ziren. Chacrarajuren mendebaldeko tontorra ez zen urrun. Lainoa jolasean ibili zitzaien zeharbide horretan, errezela itxi eta zabaldu, baina «aparteko arriskurik hartu gabe» jo zuten gailurra. Irailak 11 zituen, 11:45 ziren. «Bizipen hunkigarriak izan genituen tontorrean, baina goian bost minutu egin genituen doi-doi». Gorakoan garbi samar ikusi zuten igotako bide beretik egingo zutela jaitsiera. «Nahiko segurua» iruditu zitzaien rappelak egiteko.
«Gure artean hasi ginen esaten Chacraraju emakume bat zela, ondo zaindu gintuela. Siluetan ere antzematen da aurpegiera lasaia duela. Eta horrelaxe atera zen bidearen izena: kitxuaz, 'shumaq' emakumea da, eta 'warmi' polita»
JON ZERAIN PREVOST Alpinista
Jaitsieraren azken zatian sartzen ari zirela, «zirrara berezia» bizi izan zuen Zerainek. «Igoeran, kezkatan nengoen Andre lehengusuarekin, gure berririk batere izan gabe nola egongo ote zen. Ez genekien ikusten gintuen ala ez, tarteka hodeiak sartzen baitziren. Glaziarrera iristeko hiru bat rappel falta zitzaizkigula, jada ilunpetan, urrunera ikusi nuen haren argia dendatik ateratzen. Gaueko bederatziak-edo izango ziren. Orduan, keinu batzuk egin nituen kopetako argiarekin, eta hark ere, beste horrenbeste. Niretzat hunkigarria izan zen lehengusuak jakitea onik ginela, gailurretik bueltan gentozela bide bat zabalduta... Uste dut malko batzuk atera zitzaizkidala. Eta hari ere bai, gerora kontatu zidanez». Andrerekin 23:30ean elkartu ziren, 69. Aintzirako dendan.
Biharamunean, Shumay herrian, lagun perutar batzuekin ospatu zuten igoera. Garagardo batzuk edaten eta igoeraz hizketan ari zirela, Rayk gogora ekarri zuen emakume baten silueta ikusi zuela, emakume perutar baten irudia. «Eta gure artean hasi ginen esaten Chacraraju emakume bat zela, ondo zaindu gintuela, begirune handiz. Siluetan ere antzematen da aurpegiera lasaia duela. Eta horrelaxe atera zen bidearen izena: kitxuaz, shumaq emakumea da, eta warmi polita. Shumaq warmi: Emakume polita». Bidearen ezaugarriak, hauek: 850 m, ED, WI4+, M5, 90º, VI.
Gerora jakin dute inork ez zuela biderik zabaldua Chacrarajuko mendebaldeko tontorreraino 2004tik, hau da, aspaldi Huarazen bizi den Aritza Monasterio elgoibartarrak eta Pavle Kozjek eta Marjan Kovac esloveniarrek Dorreetako Jauna bidea zabaldu zutenetik. «Poz handia» eman zien horrek. 2004ko hartan, Aritza Monasterio bilakatu zen lehen perutarra Chacrarajuren mendebaldeko gailurrera iristen, ordurako euskal herritarra ez ezik perutarra ere bai baitzen. «Perun bertan jaiotakoen artean, berriz, Josue izan da lehena. Eta ni ere, euskal herritarra eta perutarra naizen aldetik, aurrenetakoa izan naiz», jakinarazi du Jon Zerainek.
«Poz handia» pizten du halako bide bat zabaltzeak, Zerainek nabarmendu duenez. «Batez ere, gainditutako zailtasun, gogortasun, gau txar eta abarren gainetik, behar baino arrisku handiagoak hartu ez izanaren irudipena dudalako. Uste dut erabaki onak hartu genituela une oro, ez genuela tontakeriarik egin edo gehiegi arriskatu. Ez ginen etengabe lepoa jokatzen ibili».
Eta poz handia sortzen dio bere lehen bidea Perun zabaldu izanak ere. «Nire sustraiak Perun ere badaude. Ni hemen egoteko eta ni hona itzultzeko arrazoia hori da, azken batean. Perun mendian ibiltzeak beste kutsu bat du niretzat. Amaren aldetik herrialde honetakoa naizelako, askotan egon naizelako, aita gaztetan Huarazen bizi izan zelako, eta harentzat leku garrantzitsua izan zelako. Arrazoi horiek guztiak batuta, Perun bide zail bat irekitzea berezia izan da niretzat. Ez da edozein gauza».