‘Champions of the Golden Valley’ pelikulak irabazi du Mendi Filmeko Sari Nagusia

Dokumental sarituak nabarmentzen du Afganistanen komunitateak zer garrantzi duen gerrako basakeriari aurre egiteko. Oscar sarietako hautagaia da. Euskal Herriko lau film ere saritu dituzte: ‘Izarren zaunka’, ‘Sustraiak’, ‘Itsasora’ eta ‘Cantos y flores’.

'Champions of the Golden Valley' filma
‘Champions of the Golden Valley’ filma. BEN STURGULEWSKI
ramon olasagasti
2025eko abenduaren 13a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Champions of the Golden Valley filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia zinema jaialdiaren 18. ekitaldiko Sari Nagusia. Ben Sturgulewski zuzendariaren lana Afganistango Baniyam eskualdean kokatuta dago, eta urtero han egin ohi zen mendi eskiko txapelketa berezia da kontakizunaren ardatza. Zeharka, muturreko mugimenduek herrialdean eragindako gerraren basakeria eta errefuxiatuen egoera gordina ere jorratzen dira. «Eskiatzeari buruzko film bat baino zerbait gehiago da. Gerraren basakeria eta migratzaileen zailtasunak, beldurra eta bakardadea ere jorratzen dira, komunitatearen eta adeitasunaren boterea agerraraztearekin batera», azpimarratu dute epaimahaikideek. Balioak transmititzea ez ezik, filma «beroa, dibertigarria eta hunkigarria» izatea goraipatu dute epaian.

Iaz estreinatu zen pelikula, New Yorkeko Tribeca zinemaldian, eta, harrezkero, sari garrantzitsu asko jaso ditu mundu osoan barrena. Bilbon amaitu du jaialdietako ibilbidea, Mendi Filmen, eta, orain, Oscar sarietarako dokumentalik onenaren hautagaitzan jarri dute indarra Sturgulewskik eta pelikularen ekoizle Katie Stjernholmek. Bi-biek Mendi Filmeko agertokian aurkeztu zuen beren lana, ostiral gauean, eta publikoak txalo zaparrada hunkigarria eskaini zien.

Euskal Herriko lau film hamabi sarituen artean

Euskal Herriko zinemagintzak ere aitortza zabala izan du aurten: hamabi sarietatik lau Euskal Herriko egileek zuzendutako filmentzat izan dira. Aurten aurkeztutako 55 lanetatik hamabi Euskal Herrian eginak ziren, eta uzta oparoa jaso dute nazioarteko erakusleiho horretan. Nagore Ezeiza eta Iker Uranga gipuzkoarren Izarren zaunka lanak euskarazko filmik onenaren EITB saria jaso du; Luis Arrieta nafarraren Sustraiak. Raíces perdidas lanak kultura eta natura filmik onenaren saria; Julen Elorza gipuzkoarraren Cantos y flores pelikulak, kirol eta abentura filmik onenaren saria, eta Mikel Urdangarin kantariaren Itsasora lanak, berriz, soinu bandarik onenaren saria.

Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga Txindokiko 'Izarren zaunka' bidean
Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga Txindokiko 'Izarren zaunka' bidean. IÑIGO SANTIAGO

Palmaresa eta epaimahaiaren justifikazioa

Sari Nagusia
Champions of the Golden Valley

Aurtengo Sari Nagusiaren irabazlea film bero, dibertigarri eta hunkigarria da, gogora ekartzen duena baliabide mugatuak izanik ere posible dela alaitasuna aurkitzea, batez ere elur maldak dauden inguruetan. Eskiatzeari buruzko film bat baino zerbait gehiago da, ordea. Champions of the Golden Valley filmak gerraren basakeria, eta migratzaileen zailtasunak, beldurra eta bakardadea irudikatzen ditu, baita komunitatearen eta adeitasunaren boterea agerian utzi ere. Filmaren mezu unibertsalak arrastoa utzi zuen epaimahaiko kideen artean kredituak amaitu eta handik denbora askora ere.

Zuzendaririk onena
Jonathan Glassberg (Girl Climber)

Jonathan Glassbergek, protagonistarenganako errespetuz eta kontakizun liluragarri bat osatuta, modu oso indartsuan erretratatu du munduan duen lekua definitzeko borrokan ari den emakume bat. Eskalada jarduera sekulako erronka da, baina baliabide bat baino ez da, erakusteko emakume gazte batek zer-nolako bidaia pertsonala egin behar dyeb bere helburuak lortzeko. Emily Harringtonek bere ametsei jarraitu ahal izateko estereotipoak nola hausten dituen erakusten du Girl Climber-ek.

Gidoirik onena
Oiarzabal. Entre Juan y Juanito

Film honetan, lortu dute artxiboko hamaika irudi eta elkarrizketa antolatu eta zentzua ematea. Gainera, Euskal Herriko mendizalerik handienetako baten bizitzako 50 urte baino gehiago laburbiltzen dituen kontakizun sendoa eskaintzen du.

Argazkilaritzarik onena
See What I Saw: Karakorum

Film hau, azalpenik gabe, leku bat ezagutzeko gonbidapen deigarria da. Konposizio bikain bat oinarrian dela eta gizatasun samurra erakutsiz, ikuspuntua aukeratzera gonbidatzen ditu ikusleak, irudi bikainak tartekatuta.

Epaimahaiaren Saria
Best Day Ever

Mendian eta naturan ibiltzeak pizten duen pozaren eta askatasunaren erakusgarri da filma. Txirrindularientzat, bizikleta ez da garraiobide hutsa, bizimodu bat baizik. Best Day Ever filma auzolanaren indarraz ari da, bide irisgarriak eraikitzeko baliagarri izan den talde lanaren indarraz, hain zuzen ere.

Unai Basurko, Mikel Urdangarin eta Jabi Baraiazarra 'Itsasora' filmaren aurkezpenean
Unai Basurko, Mikel Urdangarin eta Jabi Baraiazarra, 'Itsasora' filmaren aurkezpenean. E. MORENO ESQUIBEL

Soinu bandarik onena
Itsasora

Gutxirekin asko lor daitekeela erakusten du filmak, maisuki eta ezin hobeto integratutako soinu bandari esker. Filmeko melodia ederrak ahaztezin bihurtzen dira. Argazki harrigarria islatzen da Itsasora filmean, eta, gainera, soinu banda itsasgizonen eta belaontzietako gizonen soinua da, itsasoaren bihotzetik zuzenean hartua.

Euskarazko film onenaren EITB saria
Izarren zaunka  

Adiskidetasuna, eskalada eta abenturazale baten ohar filosofikoak soka berean biltzen ditu pelikulak, eta irudiei poesia darie. Eskalada antidoto indartsua izan daitekeela erakusten du film labur honek, bereziki Euskal Herrian.

Mendiko filmik onena
K2 mon amour

Liv Sansoz eta Zeb Roche egileen eskutik, K2 mon amour filmak agerian uzten du unerik onenak ez direla mendizaleak gailurrera iristen direnekoak, baizik eta norbera nahi duen lekuan eta norberarentzat garrantzitsuak den jendearekin dagoenekoak. Filmak motor gisa aurkezten du maitasuna, abenturaz betetako bizitza baten eragile, eta espedizio handi bat istorio intimo bihurtzen du.

Eskaladako filmik onena
Old Man Lightning

John Sherman Vermen bizitzan barnako bidaia bat da, bizizale baten bidaia. Halaber, pelikulan argi erakusten da zer ikuspegi berezia duen denborak giza gorputzean duen eragin geldiezinari buruz. Erlojuari atzera eginarazteko ahaleginean bereak eta bi egiten saiatuko da, era heroikoan, eta bidean garaipen gozoak ere lortuko ditu, lorpen efimeroak izanda ere. Azkenean, Vermek erakusten du zorte pixka batekin bizitzako gauzarik onenak bilatzen eta benetan gozatzen ikas daitekeela.

Kirol eta abentura filmik onena
Cantos y flores

Ultra lasterketak ez dira norberaren gaitasunak probatzeko modu bat soilik; askori bakea eta kontsolamendua ekartzen dizkiete, eta helburu bat lortzeko bidea ere badira. Cantos y flores filmean, Karina mendi lasterkariak atsekabea gainditu eta bere sustraiekin berriro konektatzea lortuko du. Gogora ekartzen du mendian denbora pasatzea —batez ere lagunekin— sendagai guztietan onena izan daitekeela.

Juanjo Moreno, Javier Bermejo 'Txispi', Abderahmane Bari, El Bachir Saidi eta Luis Arrieta, urriaren 29an, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Juanjo Moreno, Javier Bermejo 'Txispi', Abderahmane Bari, El Bachir Saidi eta Luis Arrieta, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan. IÑIGO URIZ / FOKU

Kultura eta natura filmik onena
Sustraiak, raíces perdidas

Film indartsu honek eskaladan babesleku bat aurkitu duten hiru etorkinen bizitza erakusten digu. Eskaladak modua eman die zenbait migratzaileri gizakiok berezko dugun kidetasun beharra asetzeko. Mundua gero eta indibidualistagoa eta kontserbadoreagoa den honetan, film honek zubiak eta harremanak eraikitzearen garrantzia azpimarratzen du, eta lankidetzarako eta komunitate bizitzarako bideak ireki.

Film laburrik onena
Le moulin des artistes

Bisualki liluragarria da film labur hau. Artea dedikazioz eta debozioz bizitzeko erabaki ausartari buruz ari da. Erritmo leunaren eta hizkuntza bisual indartsu baten bidez, pelikulak agerian jartzen du eguneroko bizitzaren ontasunen eta konformismoa baztertzeko behar den ausardiaren arteko kontrastea.

Sariak banatzeko ekitaldia, igandean

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 14an izango da, jaialdiaren azken egunean. Saioa 17:00etan hasiko da, eta saridunetako asko han izango dira. Gainera, Champions of the Golden Valley eta See What I Saw: Karakorum filmak proiektatuko dituzte. Azken saioan, 19:45ean, Le Moulin des Artistes, Best Day Ever eta K2 mon amour film sarituak emango dituzte.

Hauek izan dira aurtengo jaialdiko epaimahaikideak: Crystal Merril (AEB) Mountainfilm Telluride-ko zuzendaria, Michael Brown (AEB) eta Elena Goatelli (Italia) zinemagileak, Aleksandar Zarapxiev (Mazedonia) Echo Film jaialdiko zuzendaria, eta Carmen Martinez (Euskal Herria) Bizkaiko Koral Elkarteko gerentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.