Eguraldiaren eraginez laburtu egin dute Zegamako kilometro bertikaleko ibilbidea

Elurra egin du azken orduetan, eta sentsazio termikoa zero azpitik 3 gradukoa dela azaldu dute lasterketaren segurtasun batzordeko kideek. Irauleko tontorrean beharrean Itzubiagan amaituko da gaur arratsaldeko proba, 760 metroko goranzko desnibela igota.

Naiara Irigoien, Zegama-Aizkorri kilometro bertikalaren irabazlea
Naiara Irigoien, iazko Zegama-Aizkorri kilometro bertikalean. R. SALANOVA / ZEGAMA-AIZKORRI
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 15a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikaleko Segurtasun Batzordeak gaur arratsaldean jokatuko den probarako aurreikusitako ibilbidea aldatzea eta laburtzea erabaki du, eguraldi txarra ikusita eta ibilbideko goialdeetan giroak okerrera egiteko aurreikuspena kontuan hartuta. Elurra egin du Aizkorriko gailurrerian, eta sentsazio termikoa zero azpitik 3 gradukoa dela azaldu dute batzordeko kideek.

Azken orduetan izandako euri zaparrada handiak, elurra, goialdeetako haize bortitza, ikuspen eskasa eta lurzoru labainkorra aintzat hartuta, antolakuntzak kilometro bertikala laburtzea erabaki du, «parte hartzaile guztien, boluntarioen eta lasterketako langileen segurtasuna bermatzeko helburuz».

Horrela, Zegamako plazatik irtengo dira lasterkariak, 16:00etatik aurrera eta banakako erlojupeko formatuan. Helmuga, ordea, Irauleko gailurrean beharrean (1.520 metro), Itzubiagako txabolan izango da, ibilbide osoaren denbora kontrola egiteko aurreikusita zegoen tarteko puntuan. Aldaketa hori eginda, lasterketak 5 kilometro inguruko ibilbidea eta 760 metroko goranzko desnibela izango ditu. Berezko ibilbideak 1.015 metroko goranzko desnibela zuen.

Antolakuntzak eskerrak eman dizkie korrikalariei, taldeei eta zaleei, «segurtasun eta erantzukizun irizpide hutsez hartutako erabaki horren harira erakutsitako ulermenagatik».

Iaz, Naiara Irigoien eta Iu Net izan ziren azkarrenak Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalean. Aurtengoak 250 parte hartzaile bilduko ditu, eta trail running-eko asteburu bizi baten lehen proba izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA