Eguzkia lainoei gain hartuz eta udaberriko giro betean, abiatu da Zegama-Aizkorri maratoiaren 24. ekitaldia, abiada bizian hasi ere, korrikalarien azido laktikoa probatuz, kilometro bertikal tekniko eta lehergarrian. Lasterka egiteko eguraldi ona izan dute partaideek, nahiz eta aurreko egunetako euriaren ondorioz lokatza ere dezente izan duten. Irauleko kanalean, berriz, haizeak harro samar jotzen zuela adierazi dute. Nolanahi ere, aurten osorik egin ahal izan dute proba: 3.000 metroko luzera eta 1.015 metroko goranzko desnibela, Zegama eta Iraule gailurra lotuz.
Naiara Irigoienek (Iruñea, 1985) maite du Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala, maite duenez. Gaur arratsaldean hirugarren urtez jarraian lortu du irabaztea korrikalari iruindarrak. 2022an, lehen partaidetzan, bigarren izan zen. Irigoienek 44 minutu eta 13 segundo behar izan ditu probaren 3 kilometroak ia 1.000 metroko desnibela gainditzeko. Bigarren Anita Iversen Lilleskare norvegiarra izan da (46.29), eta hirugarren Silvia Lara Dieguez espainiarra (46.42).
Irigoien pozik zen hirugarren garaipenarekin. «Lurra nahiko lokaztuta zegoen, eta, beraz, dibertigarria izan da. Goian garbi zegoen, eta Irauletik ikuspegiaz gozatu ahal izan dut. Aurten ez dut maratoia korrituko; beraz, orain atseden hartu eta igandeko lasterketa beste modu batean bizitzeko aukera izango dut», azaldu du iruindarrak.
Iu Net, laugarrenean bai
Gizonezkoetan, Iu Net kataluniar gaztea izan da irabazle (35.42). Azken bi urteetan bigarren izan ondoren, azkenean lortu du garaipena Netek. Bigarren, Lluis Puigvert Palacios izan da (36.07), kataluniarra hau ere, eta hirugarren Ibai Larrea Aranguren antzuolarra (36.45). Aurreko larunbatean jokatu zen Txindokiko kilometro bertikalean, bigarren izan zen Larrea eta hirugarren Net. Kataluniar gaztea «oso pozik» zen garaipenarekin. «Laugarren aldia dut kilometro bertikal honetan, eta, hiru bigarren posturen ostean, garaipena lortzea oso berezia da, are gehiago lesio luze baten ondoren lehiatu gabe egon eta gero. Oso ondo sentitu naiz, indartsu hasi naiz, eta amaieran oraindik indarra neukan Lluis (Puigverd) gainditzeko».

Kilometro bertikaleko sailkapen ofizialak esteka honetan.
Dena prest da igandeko maratoirako. Eguraldi txukuna dago iragarrita, baina, aste barruan egindako euriaren ondorioz, lokatza ere izango da. Inoiz baino irekiago ageri da aurtengo Zegama-Aizkorri. Emakumezkoetan, Sara Alonso eta Malen Osa dira faboritoetako bi. «Motibazioz gainezka», dena ematera aterako dira, «gozatzea, lehiatzea eta irabaztea helburu». Hor izango dira Oihana Kortazar eta Maite Maiora ere, biak ala biak Zegaman irabaztea zer den dakiten beteranoak.
Gizonezkoetan, Kilian Jorneten faltan, iaz bigarren izandakoa ageri da faboritoen tropeltxoan buru, Elhusine Elazzaui marokoarra. 2017ra arte probako marka (3.45.08) zuen korrikalaria, Stian Angermund norvegiarra, Zegaman berragertuko da, dopineko kontrol batean positibo eman eta 16 hilabeteko zigorra bete ondoren. Zegaman izango dira, halaber, Manuel Merillas espainiarra, duela bi urteko txapelduna, Roberto Delorenzi suitzarra, Skyrunner World Series 2024ko txapelduna, Luca del Pero italiarra, Transvulcaniako maratoi erdian garailea, Andreu Blanes Alacantekoa eta Antonio Martinez espainiarra.
Euskal korrikalarien artean hor izango dira, besteak beste, Aritz Egea urretxuarra «elite mailako bere azken Zegama-Aizkorrin», Ander Iñarra, Anartz Artola, Aitor Ajuria, Ander Gerrikaetxeberria, Aitor Zunzunegi eta beste hainbat.