Aurreko urteko urrian iragarri zuten antolatzaileek aurten ez zela Ehunmiliak lasterketarik izango. 2008an proba antolatzeari ekin ziotenetik «pilatutako nekea» izan zen etenaren arrazoi nagusietako bat: «Erabaki zail asko hartu behar izan ditugu, eta horrek zama handia sortu digu. Nekeak eta ordezko faltak eragin handia izan du taldean», azaldu zuten orduan. Gaur kaleratutako oharrean, berriz, jakinarazi dute zortzi hilabeteotan zorion mezu ugari jaso dituztela, baina ez direla gai izan «proiektuari aurre egiteko behar den erreleboa aurkitzeko». Horren ondorioz, azaldu dute «Ehunmiliak probaren antolakuntza batzordea eta, horrekin batera, proiektua bera behin betiko eta erabat desegingo» direla.
Diru kontuek ere izan zuten eragina iaz erabakia hartzeko orduan: «Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera bera eduki. Proiektuaren mailari eusteko, gastuek gora egin dute etengabe, eta ez dugu jakin diru sarrerak neurri berean egokitzen. Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko, ahalegin handiak eta lan gehigarriak egin behar izan ditugu». Egoera hori kontuan hartuta, «ezinezkotzat» jotzen zuten kalitatezko lasterketa bat antolatzea.
Aurreko urteko iragarpenean, eskerrak eman zizkieten urte hauetan guztietan lagundu dieten erakunde, babesle, korrikalari eta boluntarioei. «Haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango».
Nekea eta higadura, 14 ekitalditan
2010ean egin zen lehenbiziko Ehunmiliak proba. 2025ekoa hamalaugarren ekitaldia izan zen, eta iaz ere milatik gora partaide lehiatu ziren Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan; zehazki 1.260 korrikalari.
2020. eta 2021. urteetan, pandemia zela eta, ez zen lasterketarik egin. 2022ko edizioan, pandemiaren aurreko ekitaldietan bezala, dortsalak amaitu egin ziren, baina probaren atarian BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Mikel Valdivielso orduko zuzendariak aurreratu zuen «zailtasun handiak» izan zituztela aurrekontua osatzeko. Probak Goierrin ez ezik Euskal Herri osoan duen esanahi berezia ere azpimarratu zuen Valdivielsok elkarrizketa hartan. «Goierrirentzat baino gehiago, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat zer esan nahi duen esango nuke. Goi mailako proiektu bat tinko izateak asko esan nahi du. Ekonomikoki ere bultzada bat ematen dio inguruari. Goierrikoentzako ilusio ikaragarria da, eta Beasainen, esaterako, eguraldi ona hasten den bezala, jendeak Ehunmilietako elastikoak ateratzen ditu kalera. Etxe gutxi izango dira Goierrin Ehunmilietako elastikorik gabe».
Erreportaje honetan, berriz, lasterketaren azken bi urteotako zuzendariak, Andoni Zubeldiak (Beasain, 1979), nekearen ondoriozko higadura aipatu zuen: «Guztira hemezortzi urte joan dira proiektua martxan jarri genuenetik, eta urtez urte jardun gara beti. Proiektu sendoa izan arren, iraileko batzarretan erabakitzen genuen jarraitu edo ez, babesleekin, boluntarioekin eta gertuko jendearekin bildu eta gero. Azken bi urteetan, neke handia nabaritzen hasiak ginen jada».
Ehunmiliak egiteko herri, elkarte eta boluntario sare oso zabal baten laguntza eskerga behar da, batez ere probaren egunean, baina aurrez, sukalde lanean, astero-astero zazpi bat lagun elkartu izan dira aspaldiko urteotan. Eta lan horretarako, erreleborik ez dute aurkitu. «Hasierako urteetan, urtero eskatzen genuen laguntza antolaketa lanetarako, baina erantzun eskasa izaten zen beti. Orain, aldiz, ez dugu deialdirik egin inor batzeko. Erabakia argia izan da: gaur egungo antolakuntzak ez du jarraituko. Egin genezakeen deialdi bat, baina egoera atzera-bueltarik gabekoa zen. Urte hauetan guztietan pilatutako nekea izan da uzteko arrazoi nagusia. Bestalde, hasi ginenetik, familia kontuak tarteko, bizitza asko aldatu zaigu, eta gero eta zailagoa egiten zitzaigun elkartzea».
Aurrekontu aldetik, handituz joan da Ehunmiliak, eta urteren batean 280.000 euroko aurrekontua ere izan dute. Zubeldiak azaldu zuen proba «bideragarria» dela, baina lan asko egin beharra dagoela. «Adibidez, iraileko igande guztietan Zelatunera igo izan gara arropa saltzera. Guretzat askoz errazagoa litzateke korrikalari bakoitzari 10 edo 20 euro gehiago kobratzea, baina hori ez zetorren bat gure filosofiarekin. Eztabaida hori beti izan dugu mahai gainean, baina ez genuen horrelako irtenbideetara jo nahi. Nahiago izan dugu guk geuk lan egin».
Beasaingo Udala izan da Ehunmilien babesle nagusia, eta Zubeldiak onartu zuen «ezustean» hartu zutela erabakia. «Ez zuten ulertzen erabaki hori hartu izana azken urtean dena borobil aterata ere. Izan ere, herrian jende gehien mugiarazten duen kirol ekitaldia da. Hala ere, diruarekin ez genukeen konponduko oraingo egoera. Hori bai, erreleboa etorriko balitz, gaur egungo antolakuntza batzordeko kideak prest egongo ginateke laguntzeko», iragarri zuen orduan Zubeldiak. Gaur jakinarazitako erabakiak argi uzten duenez, ez da erreleborik izan.
Azken irabazleak
Iazko ekitaldian, Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra (Bizkaia) eta Maria Victoria Soler espainiarra gailendu ziren Ehunmiliak proban. Ekaitz arriskua zela eta, irteera ordua atzeratu, eta ibilbidea 125 kilometrora laburtu zuten. Gerrikaetxebarriak 15.04.06ko denboran osatu zuen 125 kilometroko ibilbidea. Herriko seme bat izan zen bigarren, Unai Dorronsoro beasaindarra, hain zuzen; handik bi minutura iritsi zen hura. Eta Fidel Fernandez 2024ko irabazlea izan zen hirugarren.
Maria Victoria Solerrek 21.52.13ko denboran osatu zuen 125 kilometroko ibilbidea. Eva Lizarralde oiartzuarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren (22.16.46), eta Cristina Bataller kataluniarra, hirugarren (22.17.43).
Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Olatz Azazeta izan zen lehen emakumea (13.48.53). Altsasuarra bigarren izan zen iaz. Raffaela Ciavola gasteiztarrak (14:32:15) eta Leire Martinez santurtziarrak (14.46.45) osatu zuten G2H probako podiuma.
Gizonezkoetan, berriz, Ander Iñarra lezoarra izan zen lehena helmugan (10.42.43). Iñarra garailearen atzetik iritsi ziren Mikel Intsausti beasaindarra (11.09.49) eta Aitor Zunzunegi legorretarra (11.22.29).