Emaitza bikainak lortu dituzte euskal eskiatzaileek mendiko eskiko Espainiako taldekako txapelketan

Uxue Loizu eta Andrea Zarranz txapeldun izan dira, Asier Labairu eta Ander de Miguel bigarren, eta Axier Alonso eta Loic Thevin hirugarren. Gazteen artean, 20 urtez azpikoetan, Markel Barrio eta Hugo Robles gailendu dira.

Asier Labairu eta Ander de Miguel Espainiako taldekako txapelketan
Asier Labairu eta Ander de Miguel, Espoteko proban. FEDME
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 23a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko eskiko Espainiako taldekako txapelketak jokatu ziren atzo Espoten (Katalunia), Espot Esqui Club Valls d’Aneu taldeak eta Mendi eta Eskalada Kiroletako Espainiako Federazioak (FEDME) antolatuta, eta emaitza ezin hobeak eskuratu zituzten euskal eskiatzaileek. Emakumezkoetan, Uxue Loizu eta Andrea Zarranz nafarrak izan ziren txapeldun. Gizonezkoetan, berriz, bigarren izan ziren Asier Labairu eta Ander de Miguel nafarrak, eta hirugarren Axier Alonso eta Loic Thevin euskal selekzioko kideak. Antonio Alcalde eta Miguel Caballero aragoiarrak izan ziren garaile.

Eskiatzaileek ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten. Hamahiru kilometro eta 2.120 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zuten partaideek Aneu haranean, baita zazpi igoera eta beste horrenbeste jaitsiera eta oinezko bi zati ere. Emakumezkoetan, 3.17.17ko denboran osatu zuten ibilbidea Loizuk eta Zarranzek.

Andrea Zarranz eta Uxue Loizu txapeldun Espainiako taldekako txapelketan
Andrea Zarranz eta Uxue Loizu podiumean. FEDME

Gizonezkoetan, garaipen sendoa lortu zuen Alcalde-Caballero bikoak (2.20.20). Atzetik, lehia polita izan zuten Labairuk eta De Miguelek eta Alonsok eta Thevinek. Lehen hirurak Pierra Mentan parte hartzetik zetozen, oso sasoi onean, eta antzeman zen atzoko proban. Azkenean, Labairu eta De Miguel helmugaratu ziren bigarren (2.29.05), eta Alonso eta Thevin hirugarren (2.33.30). Pozik zen Labairu egindako lasterketarekin: «Urteak generamatzan dominak lortzetik gertu, eta oraingoan zilarra eskuratu dugu. Lan onaren saria izan da, ez gurea bakarrik, Nafarroako Federazio osoarena baizik, oinarritik gauzak ondo egiten ari baita, eta hori nabaritzen da».

Alonsok ere nabarmendu du «denboraldi osoko gorputzaldi onena» izan zuela Espoten, eta pozik zen errendimenduarekin. Alabaibam proban hirugarren egin ondoren, ofizialki Nil Bacardit eta Josep Roset kataluniarrei eman zieten brontzezko domina, Loic Thevinek ez duelako espainiar nazionalitatea. Thevin, berez, FEDMEn federatuta dago, eta FEDMEk berak txapelketan parte hartzen utzi zion, baina gero, araudia eskuetan hartuta, podiumetik kanpo utzi zituen euskal selekzioaren ordezkariak.

Axier Alonso eta Loic Thevin Espainiako taldekako txapelketan
Axier Alonso eta Loic Thevin euskal selekzioko kideak hirugarren izan ziren. FEDME

Lasterketaren harira, Alonsok gogoeta hau ere egin nahi izan du: «Atzo pozik bueltatu nintzen Espotetik, baina arduratuta ere bai. Zaila egiten zait ulertzea: abenduan leku berean jokatutako Espainiako Kopako bertikal eta esprint batean askoz jende gehiagok eman zuen izena atzo mendiko eta benetako mendiko eskiko lasterketa eder baten baino. Nire uste apalean, zeozertan huts egiten ari gara».

Gizonezko seniorretan, berriki Andres Regil zeharkaldia irabazi duten Julen Errandonea eta Ibai Primica nafarrak seigarren izan ziren.

Gazteetan, 20 urtez azpikoetan, Markel Barrio eta Hugo Robles oso erraz nagusitu ziren.

Sailkapen guztiak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!