Elurra, behe lainoa, haizea eta eguraldi baldintza zailak izan dituzte gaur mendiko eskiko Andres Regil zeharkaldiaren 57. ekitaldian. Binakako Euskal Herriko Txapelketa eta Euskal Herriko Kopako hirugarren eta azken proba izan da Europako Mendietan egiten den mendiko eskiko lasterketa beteranoa. Gizonezkoetan, Julen Errandonea eta Ibai Primicia nafarrak gailendu dira, eta emakumezkoetan, Yolanda Romero eta Cristina Pardilla espainiarrak —bikote bakarra izan da—.
Baldintza zail horien ondorioz, prestatuta zegoen ibilbidea moldatu behar izan dute antolatzaileek, eskiatzaileen segurtasunaren mesedetan. Proba abiatu ondoren, gainera, haizeak zakartzera egin du, eta, ondorioz, lehen hamabost bikoteak igaro ondoren, puntu batean moztu egin behar izan dute.
Azkenean, nagusitasun handiz, Julen Errandonea eta Ibai Primicia izan dira irabazle (2.10.00). Oier Moreno eta Markel Barrio gazteak helmugaratu dira bigarren, zortzi minutura, eta Liebanako (Kantabria, Espainia) Diego Diaz Pando eta Raul Bravo hirugarren, 25 minutu pasatxora.
Emakumezkoetan, bikote bakarra izan da lehian, Yolanda Romero eta Cristina Pardilla espainiarrek osatutakoa, eta haientzat izan da garaipena (4.42.57). Bikote mistoetan lehiakide gehiago izan dira, eta horretan, Claudia eta Jose Antonio Gutierez asturiarrak (Espainia) izan dira garaile, Amaia Martin eta Imanol Rodriguez izan dira bigarren eta Pilar Quesada eta Samuel Orts hirugarren.
Beteranoetan, Ruben Ortiz eta Francisco Manuel Martinez espainiarrak gailendu dira A mailan, eta Juan Carlos Perez eta Juan Carlos San Martin B mailan. 18 urtez azpikoetan —horiek B ibilbidea zuten—, Ibai Hernani eta Unax Sologaistoa euskal selekzioko kideak izan dira azkarrenak. Eta 14 urtez azpikoetan, Oihan Iturraspe eta Xenki Legarreta.
Euskal Herriko binakako txapelketa ere izan da Regil zeharkaldia, eta, beraz, maila bakoitzeko irabazleak izan dira txapeldunak: Ibai Primicia eta Julen Errandonea seniorretan; Amaia Martin eta Imanol Rodriguez bikote mistoetan; Unax Sologaistoa eta Ibai Hernani 18 urtez azpikoetan; eta Oihan Iturraspe eta Xenki Legarreta 14 urtez azpikoetan.
Euskal Herriko Kopako hirugarren eta azken proba ere izan da Regil zeharkaldia. Urtarrilaren 25ean jokatu zen lehen proba Candanchun, Causiat Extrem, eta otsailaren 7an bigarrena Erronkariko Pirinioetan, Bandres-Karolo Memoriala. Regil zeharkaldian, hirugarren proban, Kopako sailkapenaren buruan ziren eskiatzaile asko falta ziren, Pierra Menta entzutetsuan lehiatzen ari direlako egunotan, eta horrek eragina izan du sailkapenetan. Hala, hiru probetako emaitzak batuta, honela geratu dira mendiko eskiko Euskal Herriko Kopako sailkapenak:
Senior Gizonezkoak
1. Ibai Primicia. 208 puntu.
2. Asier Labairu. 190 pt.
3. Oier Moreno. 168 pt.
Senior Emakumezkoak
1. Uxue Loizu. 190 pt.
2. Andrea Zarranz. 163 pt.
3. Amaia Martin/Nahia Quincoces. 100 pt.
U23 Gizonezkoak
1. Oier Moreno. 300 pt.
2. Aritz Kortazar. 90 pt.
3. Oier irazusta. 81 pt.
U20 Gizonezkoak
1. Markel Barrio. 280 pt.
2. Unax Hernando. 162 pt.
3. Hugo Robles. 100 pt.
U18 Gizonezkoak
1. Ibai Hernani. 200 pt.
2. Unax Sologaistoa. 190 pt.
3. Kimetz Korta. 181 pt.
U14 Gizonezkoak
1. Xenki Legarreta. 100 pt.
2. Ohian Iturraspe. 100 pt.
3. Kai Lopez / Aiur Hernani. 100 pt.
M40 Gizonezkoak
1. Imanol Rodriguez. 260 pt.
2. Aitor Arbulu. 171 pt.
3. Iñigo Orkaiztegi. 163 pt.
M40 Emakumezkoak
1. Nahia Quincoces. 100 pt.
2. Lur Basterretxea. 90 pt.
M50 Gizonezkoak
1. Mikel Navarro. 200 pt.
2. Joseba Tobar. 171 pt.
3. Telmo Martinez de Albornoz. 126 pt.
M50 Emakumezkoak
1. Uxue Fraile. 100 pt.
M60 Gizonezkoak
1. Carlos Olivar. 290 pt.
2. Angel Olaso. 100 pt.
3. Diego Mina. 90 pt.