Txindokiko ertzaren lehen eskalada hartatik 75. urte bete aurretxoan, urriaren 15ean zehazki, Eneko Pouk (Gasteiz, 1974) beste burutazio bat izan zuen: Euskal Herriko hiru ertz klasiko egun bakarrean eta sokarik gabe eskalatzea: Palomaresko ertza, Peña Karriakoa eta Txindokiko ertza bera. «Hirurak ezin konta ahala aldiz eskalatu ditugu, entrenatzeko, eta Arabako biak ia gure etxeko ataria bezala ezagutzen ditugu. Normalean sokarekin eta lagunekin egiten ditugu, baina inoiz bakarka eta sokarik gabe ere eskalatu izan ditugu, entrenatzeko eta Andeetarako, Himalaiarako edo Patagoniarako buruz eta gorputzez prestatzeko».
Eneko Pouren irudiko, hiru ertzak «interesgarriak eta gozagarriak dira teknika pixka bat duten mendizaleentzat». Urriaren 15eko hartan, ordea, hirurak lotzea otu zitzaion. «Aspalditik nerabilen ideia buruan, baina hainbeste bidaia eta espedizio, inoiz ez nuen tarterik hartzen», jakinarazi du Pou anaietan zaharrenak.
«Inoiz bakarka eta sokarik gabe eskalatu izan ditugu, entrenatzeko eta Andeetarako, Himalaiarako edo Patagoniarako buruz eta gorputzez prestatzeko, eta aspalditik nerabilen hirurak egun bakarrean lotzeko ideia»
ENEKO POU Eskalatzailea
Goizeko 8:00etan abiatu zen Eneko Pou Gasteiztik, artean ilunpetan, eta ordubete eskasean iritsi zen Pipaonera (Araba), Palomaresko ertzari ekiteko. «Ondo ezagutzen dut ertza, eta gozatu egin nuen, baina arretaz beti, bakarrik, sokarik gabe eta kiroletako oinetakoekin beste kontu bat baita. Araba eta Errioxa banatzen dituen ertz hau gozagarria da, baina alde bietara amildegi dezentekoa zabaltzen da, eta ezin da hutsegiterik txikiena ere egin», adierazi du. Bi ordu eta erdi geroago, berriro ere autoan zen.
Tortilla pintxo bat jan, furgoneta hartu, eta ordubete eta hogei minuturen buruan, Arroyo de San Zadornil herrira heldu zen (Burgos). «Palomaresen aldean, Peña Karriako ertza askoz motzagoa da, baina baita bertikalagoa eta zailagoa ere zenbait zatitan, harria hauskorragoa baita. Hemen ere amildegia dago Burgos eta Araba aldera, ikaragarria da». Gailurrera iritsi, eguneko bigarren argazkia atera, eta ordu eta erdi eskasean, berriro ere furgonetan zen.
Oraingoan ordubete eta 45 minutuko bidea zuen Txindoki magalera. «Larraitzera iritsi aurretik, urrunera begiztatu nituen Txindoki eta haren ertza. Euskal Herrian gutxi izango dira irudi hau baino ederragoak». Hiru ertzetan «zailena» geratzen zitzaion. «Eta, egia esan, halaxe izan zen. Kiroletako oinetakoekin eta sokarik gabe diedro eta kareharri leundu haietan gora igotzea ez zen samurra izan. Helduleku bakoitzari arreta jarriz igo nintzen. Zoragarria zen eguna, 30 gradu inguruko tenperatura, eta gozatu egin nuen Aralarko goi lautada berdeak ikusmiran nituela». Arratsaldearen hondarrean, eguneko argiak itzaltzen ari zirela jaitsi zen berriro Larraitzera. «Zoriontsu nengoen, baina 21:00etarako Gasteizen egon behar nuen, Eduardo Martinez eta Jesus Maria Otxoa aspaldiko espedizioetako lagunekin geratua bainintzen afaltzeko».