1951. urteko urriaren 21a, gaur 75 urte. Hiru mendizale doaz Larraiztik gora, Txindokiko lehen bihurguneetan sigi-saga. Jose Mari Peciña, Antxon Saenz Basagoitia eta Joxe Bernardo Arrate dira, Tolosa Futbol Taldeko mendi sekzioko kideak hirurak. Aurrez hainbatetan igoak dira Txindokira, baina oraingoan mendiaren bi aurpegiak labana ahoak bezala ebakitzen dituen ertzera doaz. Larrunarriren beso zorrotzetik igotzea da haien asmoa. Eskalatzea. Oria iturrira iristear, artzain batek ohartarazi die: «Azkar ibiltzen al zarete? 15:00 alderako euria dator».
Hiruen buruan, kezka bera piztu da: hirugarrenean ere eguraldiak zapuztu behar ote digu asmoa? Izan ere, aurrez beste bitan saiatuak dira Txindoki bere gandor zorrotzetik igotzen. Bi urte lehenago ahalegindu ziren lehen aldiz, 1949ko azaroaren 7an. Peciñaren lagun batek irakatsi zizkien oinarrizko teknikak, Jaime Reñe kataluniarrak: nola segurtatu, kalamuzko soka, egur takoak eta iltzeak nola baliatu... Peciña, Reñe eta Saenz Basagoitia saiatu ziren lehen aldi hartan, baina, nahiko goian zeudela haizea ikaragarri zakartu, eta jaitsi beharrean izan ziren. Urtebete geroago, 1950ean, berriro saiatu ziren. Reñeren ordez, Joxe Bernardo Arrate batu zen sokaldira. Aurreko aldian baino gorago igo ziren bigarrenean, baina zazpi ordu eta erdiko ahaleginaren ondoren, ekaitza lehertu zitzaien, eta jaitsi beharrean izan ziren berriro.
Hirugarren saiakera balekoa izango delakoan, 09:30ean heldu dira ertzaren oinarrira. Sokara lotu, eta ekin diote eskaladari. Diedroetan eta arrakaletan egurrezko takoak eta iltzeak sartuz, nolabait lortzen dute elkar segurtatzea. Goraxeago iltze bat erori zaie, eta burdinaren tintin hotsak punpaka ohartarazi die zer gerta daitekeen eroriz gero. Eguerdi aldera, plaka polit batera heldu dira. Saenz Basagotiak, aurreko bi aldietan handik igarota, izen horrexekin bataiatu zuen eremu hori. Heldu dira «paretara», aurreko bi aldietan ibilbidea amaitu zuten horretara. Aldatuta dago, harri jausiak izan dira nonbait aurreko alditik. «Hala ere, baikor gara, aurreko bi txandetan baino hiru aldiz denbora gutxiago behar izan baitugu honaino iristeko, eta eguraldiak eutsiko diola ematen du. Ez genuke Txindokiko Damaren haserrea piztu nahi, haren jabetzak inbaditu ditugula eta», idatziko dute gerora.

Lagunaren sorbalda gainera igota, iltze bat sartzea lortu dute horma hori gainditzeko, eta azkenik, zailtasun guztiak atzean utzi ondoren, 14:45ean bistaratu dituzte gailurreko gurutze txikia eta buzoia. «Gure irrintzi ozenak udazken arratsalde honetan haizatu dira. Handia, ikaragarria da gure poza. Txindoki ez zitzaigun inoiz hain eder eta distiratsu agertu», idatziko dute gerora Pyrenaica aldizkariko artikulu batean. Esanguratsua da artikuluaren sinadura: Irurak-Bat. Nekez definitu daiteke hobeto sokaldi bat.
Larraitzera bidean, lehen igoera haren lekuko izan diren artzainei adierazi diete, han, ertzean, hobeto egon direla Tolosako edozein tabernatan baino. «Hala ere, ez dut uste konbentzitu ditugunik. Jakinarazi diegu, bestalde, ez genuela Txindokiko Damaren urrezko orrazirik eta aberastasunik bilatzen». Duela 75 urte, nola adierazi zer bilatzen zuten Larrunarriren kareharrizko larruan. «Etorkizun oparoa» iragarri zioten ertzari, eta denborak arrazoi eman die. Eskalada bideetan klasikoetan klasiko bihurtu da Txindokikoa.
Chiruca botak, iltzeak...
Josetxo Uria (Tolosa, 1934) 17 urteko gaztea zen Peciñak, Saenz Basagoitiak eta Arratek ertza lehen aldiz eskalatu zutenean. Peciña bera ez zuen asko ezagutu —1953an hil zen Mont Blancen, beste hiru lagunekin izandako zorigaiztoko istripu batean—, Joxe Bernardo Arrate gehixeago, baina batez ere Saenz Basagoitia izan zuen «lagun-laguna». «Oso zorrotza zen Antxon, oso alemaniarra, baina mendizale eta lagun ona. Asko estimatzen nuen. Garai hartan, igandeetan joaten ginen mendira, eta Antxon, ez zekienean zer egin, Txindokira joaten zen beti. Imajina daitezkeen bide guztietatik igo zen mendi horretara».

Eskalada ordurako hedatzen hasia zen Euskal Herrian han eta hemen, Atxarten, Santa Barbaran, eta abar, baina Txindokikoa «mugarri bat» izan zela nabarmendu du Sasietak. «Oinez ibiltzetik goragoko eskala batera igaro zen mendizaletasuna garai hartan. ‘Has gaitezke goragoko maila bateko jarduerak egiten’, halako zerbait». Nolanahi ere, Sasietak oroitu du ordura arte mendian oinez baino ibiltzen ez ziren mendizale batzuek ez zutela begi onez ikusi eskalada hura. «‘Zertarako saltsa horietan sartu? Mendizaletasuna da hori?’, nik uste halako zerbait pentsatzen zutela. Kontuak kontu, Tolosaldeko mendizaletasunean gutxienez, banalerro bat izan zen Txindokiko ertzaren eskalada, ordura arteko oinezko mendizaletasunaren eta eskaladaren artekoa».
Pixkanaka, Tolosaldetik bertatik, Donostialdetik, Irundik... hasi ziren eskalatzaileak Txindokiko ertzera joaten, tantaka-tantaka hasiera haietan. Aurten hil den Suso Aiestaran izan zen, adibidez, lehenetariko bat ertza eskalatzen. Alberto Caceres (Donostia, 1943) 12 urteko mutil kozkorra zen 1951. urtean, baina ordurako hasia zen mendira zaletzen, eta 17 urterekin menturatu zen lehen aldiz Txindokiko ertzera. «Bi sokaldi egin genituen: bat Eugenio Blanco eta Fernando Serranok, eta bestea Patxi Berriok eta biok. Patxi Berrio izan zen nire ohiko sokalaguna Naranjon istripua izan zuen arte. Urduri ginen: lehen aldia genuen, eta oso gazteak ginen, baina oso ondo atera zen dena, eta ederki pasatu genuen».
«Oinez ibiltzetik goragoko eskala batera igaro zen mendizaletasuna garai hartan. ‘Has gaitezke goragoko maila bateko jarduerak egiten’, halako zerbait»
JOSETXO SASIETA Mendizalea
Artean ez zen katu oinik eta arnesik, kalamuzko soka gorputzari lotuta eta Chiruca botak jantzita eskalatzen zuten garai hartako eskalatzaileek. «Hiru laurdeneko galtzak, amak gabardina zahar batekin jositako jaka bat, 9 milimetroko kalamuzko soka, egurrezko estribuak, burdinazko mosketoiak eta guk egindako iltzeak... Material horrekin eskalatzen genuen», ekarri du gogora Caceresek.
Materialean ez ezik bestelako ertzetan ere argi ikusten da 75 urteren joana. Txindokiko ertzeko ohiko plana nola izaten zen oroitu du Caceresek: «Donostian 06:00etako trena hartu, Alegian jaitsi, eta esne partitzailearen autobusean joaten ginen Amezketara. Han, Bixenteren ostatuan mokadu bat egin, eta gora. Amezketara bueltatzen ginenerako 17:00ak izaten ziren, justu autobusa hartzeko ordua. Alegiara itzuli, eta trenean berriro etxera. Ahal genuen aldiro joaten ginen. Urtean hamabost aldiz bai».

Joxe Sasietak ez du hainbestetan eskalatu Txindokiko ertza, berak akuilu lanak egin ditu gehiago Tolosako Alpino Uzturre elkartetik. Nolanahi ere, gogora ekarri du 1950eko hamarkadan eskalatu zuela lehen aldiz: «1960an neguko igoera bat egin genuen Mikel Arrastoak eta biok Gredosen, eta gogoan dut horren aurretik izan zela». Mikel Arrastoaren izena aipaturik, hamarkada haietako eskaladan Arrastoak izan zuen garrantzia eta utzitako arrastoa azpimarratu dute hala Sasietak nola Caceresek. «Bere buruari, egiten zituen jarduerei garrantzia kentzen zien beti, gehiegi ere bai zenbaitetan. Taldeari eta besteei emandako gizona zen. Artzaina bezala, azken ardia non zihoan begira joaten zen beti», nabarmendu du Sasietak.
«Mikel Arrastoa guztion aita izan da: jende asko eraman zuen Txindokiko ertzera. Ertzetik aparte, hainbat bide zabaldu zituen Txindokin, Fronton ezaguna tartean, eta belaunaldien artean lokarri lan garrantzitsua egin zuen»
ALBERTO CACERES Mendizalea
«Arrastoa guztion aita izan da», Caceresen hitzetan: «Jende asko eta asko eraman zuen Txindokiko ertzera. Ertzetik aparte, hainbat bide zabaldu zituen Txindokin, Fronton ezaguna tartean, eta belaunaldien artean lokarri lan garrantzitsua egin zuen. Berak egiten zizkigun estribuak, bizikleten hagunekin». Arrastoa bezala, Pako Sorrondegi ere ekarri du gogora Caceresek, eta 1969ko otsailean, negu minean, egindako eskalada berritu: «Garai hartan, Txindoki probarri garrantzitsua zen asmo handiagoko beste jarduera batzuetarako trebatzeko, eta hala, Patxi Berrio eta Ramon Ortiz Naranjoko mendebaldeko hormaren neguko lehen igoera egitera abiatu baino asteburu bat lehenago, Txindokiko ertza eskalatu genuen Patxi Berriok, Pako Sorrondegik eta hirurok». Baina ez zen horretan geratu kontua, egun hartan Txindokiko ertzean bertan ziren 1974an Tximist espedizioko kide izan ziren hainbat eskalatzaile ere, entrenatzen: Rodolfo Kirch, Luis Abalde eta Ricardo Gallardo. «Eta haiekin deman hasi ginen: baietz bigarren aldiz egin?, esan genien, baita egin ere. Bi aldiz eskalatu genuen 1969ko otsaileko egun hartan».
Mikel Arrastoaz gain, badira Txindokiren historian aipatu beharreko beste pertsona asko ere, baina Alberto Caceresek ez luke ahaztu nahi Javier Miralles ordiziarra (Gipuzkoa). Txindokiren begirada zorrotzena Goierri aldera hedatzen den moduan, Goierriko eskalatzaileak ere Txindokira begira hazi dira. «Eta Miralles, aitzindarietako bat izateaz gain, urte askoan Txindokin lan handia egindakoa da. Harena da, esaterako, lehen eskaladaren 65. urteurrenean jarritako plaka».
Pixkanaka eskalada normalizatuz joan zen, euskal eskalatzaileak Alpeetara joaten hasi ziren —esaterako, Pedro Udaondok eta Angel Landak Druko Bonatti pilarea eskalatu zuten 1963an—, eta Alpeetako eskalatzaileak Euskal Herrira etortzen ere bai. 1963. urte hartan bertan, Lionel Terray alpinista entzutetsua Euskal Herrira etorri zen, eta Tolosako Iparragirre zinemako emanaldian Josetxo Sasietari egokitu zitzaion aurkezpena egitea. «Esan zidan: ‘Ez zara urduri jarriko, ezta?’. Eta nik: ‘Zer uste duzu, nik egunero aurkezten dudala Lionel Terray?’. Bonattiren eskaladen berri ere iristen zitzaigun. Hala, giro horretan, oinezko ibiltari huts izateari utzi, eta eskalatzaile ere bihurtu ginen, bihurtu ziren, hainbat mendizale». Eta bide horretan, Larrunarriko ertza mugarri garrantzitsua izan zen, gerozko 75 urteetako historiak agerian utzi duenez.