Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Gaindituko ote ditu inork Tove Alexandersson eta Kilian Jornet?

Suediarrak ikusmin handia sortu du bere lehen parte hartzean. Kataluniarrak bere hamabigarren garaipena lortu nahi du 25. urteurreneko ekitaldian. 584 korrikalarien artean ez dute lehiakiderik faltako. Egunotako euriak dezente gogortu dezake ibilbidea.

2024KO ZEGAMA-AIZKORRIKO BOST AURRENEKOAK
2024ko argazkia. Erdian, Kilian Jornet, lasterketa hamabigarrenez irabazteko hautagai nagusia, eta haren ondoan, besteak beste, Elhusine Elazzaui iazko irabazlea eta Manuel Merillas, 2023koa. GOTZON ARANBURU
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zegama-Aizkorri mendi maratoiak ez du osagai gehigarririk behar, baina, aurten, trailaren munduko mendi festa nagusiak badu ospatzeko arrazoirik: 25 urte beteko ditu, eta, okasiorako, orain arteko ekitaldi guztietan irabazle izan diren korrikalariak gonbidatu dituzte antolatzaileek. 30 izan dira 25 urteotan txapela jantzi duten korrikalariak, eta horietatik 24 Zegaman izango dira aurten, batzuk parte hartzen eta beste batzuk larunbat goizean lasterketaren historian txapeldun izandakoei egingo zaien omenaldian gonbidatu.

Irabazle horien artean, ezinbestean, Zegamako seme kutunetako bat ere izango da: Kilian Jornet. 11 aldiz irabazi eta gero, hamabigarrenaren bila aterako da igandean kataluniarra. Eta haren ahala mugagabea ez dela erakutsi nahian ariko dira Zegaman bertan txapela jantzitako batzuk eta garaikurreko aizkora preziatuan haien izena zizelkatzea amesten duten beste zenbait: Elhusine Elazzaui iazko irabazlea, Manuel Merillas (2023koa), Remi Bonnet (2018koa), Daniel Pattis, Luca Del Pero, Lorenzo Beltrami eta beste.

Emakumezkoen artean ere izugarria da ikusmina. Aurten, Tove Alexandersson suediarra lehen aldiz izango da Zegaman. Orientazioko probetan zaildua da, eta ez da traileko lasterketetan beste hainbat adina lehiatzen, baina ateratzen denean, ez da hari itzal egingo dionik. Iaz, Canfranceko (Aragoi, Espainia) Munduko Trail Txapelketan —44,4 kilometro eta 3.400 metroko goranzko desnibela — ia 34 minuturen aldea atera zion bigarrenari, nori eta Sara Alonso donostiarrari. Zegaman ere buruz buru arituko dira biak. Alonsok suediarra jotzen du faborito, baina berak hobeto ezagutzen du Aratz eta Aizkorri aldeko kareharri leundua, eta ez du berehalakoan etsiko. Eta Malen Osak ere, bi aldiz parte hartu eta podiumaren bigarren eta hirugarren kosketara igo ondoren, ez du beherago egon nahiko. Haiekin buruz buru ariko dira beste hainbat korrikalari handi ere: Judith Wyder —bigarren iaz—, Theres Leboeuf —bosgarren—, Nuria Gil —2026ko Espainiako mendi lasterketen txapelduna— eta Anna Tarasova, besteak beste.

Munduko Trail Txapelketak Canfrancen
Iaz Canfrancen jokatutako Munduko Trail Txapelketako hiru aurrenekoak: Sara Alonso, Tove Alexandersson eta Naomi Lang. RFEA 

Guztira, 584 korrikalari lehiatuko dira aurtengo Zegama-Aizkorrin, Golden Trail World Series zirkuituko lehen proban. Euskal herritarrak izango dira asko eta asko, zozketarako izena eman zuten 11.529 haietatik zortea izan zuten batzuk eta aurreko urteetan gutxieneko denbora eginda edo gonbidapen bidez parte hartzeko aukera eskuratutako beste hainbat. Emakumezkoen artean, lasterketa irabazteko hautagaien artean dira euskal lasterkari horietako bi —arestian aipatutako Alonso eta Osa— eta, haiekin batera, aurrean ibiltzeko hautagaien artean dira Lide Urrestarazu, Ainara Alkuaz, Oihana Zubillaga, Ainhoa Garikano, Ainhoa Intxausti eta beste hainbat.

Gizonezkoen artean ere Zegama mimoz prestatzen aritu dira euskal korrikalari asko, eta maila eta sasoi ikaragarrian etorriko dira, besteak beste, Aitor Ajuria, Gontzal Murgoitio, Paul Ormaetxea, Oier Zubeldia, Aitor Zunzunegi, Hassan Aitchaou eta beste hainbat.

Ikusi beharko da igandean zer eguraldi egiten duen, baina azken aste eta egunetako euriak dezente lokaztuko du ibilbidea eta gogortuko korrikalarien jarduna. Hainbatek esan dute Alexanderssonek emakumezkoen errekorra gaindi zezakeela, baina ez du ematen baldintzak horretarako aproposenak izango direnik. Gaur egun, Nienke Brinkman holandarrak 2022an egindakoa da markarik onena: 4.16.43. Gizonezkoetan, berriz, Kilian Jornetek du errekorra: 3.36.40.

Emakume bat hizlari

Lehen aldiz, emakume bat ariko da hizlari: Laura Rodriguez elgoibartarra. Azken urteetan aritu diren Jose Antonio de Pablo Depa-rekin eta Mikel Apaolaza beasaindarrarekin batera ariko da.

Igandekoaren atariko, bihar, 16:00etan, Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikalaren 12. ekitaldia izango da. Zegaman irten eta Irauleko tontorrean (1.520 m) bukatuko da; ibilbideak 3.000 metro ditu, eta 1.015 metroko goranzko desnibela. Aurten 250 parte hartzaile izango dira. Kilometro bertikalean, gizonezkoetan, Oriol Cardona mendiko eskiatzaile eta korrikalari ezagunak du errekorra (32:59) eta, emakumezkoetan, Laura Orgue kataluniarrak (41:40).

Igandean, 10:30ean, Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketaren 15. ekitaldia izango da. Gazteek 10,4 kilometroko distantzia eta 1.016 metroko desnibel metatua gainditu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA