‘Harri, orri, arkatz’ dokumentala: bide bat altxorraren bilaketan

Jon Herranzek ‘Artea eskaladako krokisean’ proiektuari buruz osatutako filma estreinatuko da gaur Mendi Filmen. Krokisek, arteak, kontakizunak sor dezaketen «inspirazioa eta bulkada» nabarmendu dute elkarrizketatutako hainbat eskalatzailek eta artistek.

Eli Azurmendi, Juancar Sanz, Jon Herranz eta Rafa Elorza, 'Harri, orri, arkatz' proiektuaren bultzatzaileak
Eli Azurmendi, Juancar Sanz, Jon Herranz eta Rafa Elorza, 'Harri, orri, arkatz' proiektuaren bultzatzaileak eta dokumentalaren egilea. EXPO CROQUIS
ramon olasagasti
Bilbo
2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harri, orri, arkatz. Hiru hitz hoskide, eta jolas bat. Eta eskaladako krokisen definizio perfektua: harrian sortutako lerroa orrira eramatea eta arkatzaren bidez adieraztea. Istorio bat kontatzen duten lerroak dira krokisak, eta haietako asko, gainera, egiazko artelanak ere badira. Horregatik pentsatu zuten Eli Azurmendik, Rafa Elorzak eta Juancar Sanzek polita izan zitekeela krokisen inguruko erakusketa bat atontzea, erakusteko zer gauza politak egiten dituen jendeak. Baina orduan marrazten hasi ziren bideak jomuga sinesgaitzetara eraman ditu: jende mordo bat ezagutu dute, krokisaren historian sakondu, altxor harrigarriak aurkitu, bilduma zabala osatu, krokis bakoitzak kontatzen dituen istorio txikien bidez krokisaren inguruko kontakizun zabalago bat hezurmamitu...

Harri, orri, arkatz: erakusketa, liburua, dokumentala. Jolasaren hedapena dirudi. Izan ere, erakusketa muntatu ondoren, liburua plazaratu zuten, finantzaketa kolektiboko kanpaina arrakastatsu baten bidez: argitalpen ikusgarria da, eta bigarren edizioa kalean da jada. Orain, berriz, dokumentala osatu dute, Jon Herranzek zuzenduta (Getxo, Bizkaia, 1980). Gaur estreinatuko da, Mendi Film jaialdiko 19:30eko saioan.

Erakusketa adierazpide bat da, epe jakin batean jendaurrean obra batzuk agertzea, haiekin laketzeko. Liburua, irudiz eta testuz ondutakoa, beste adierazpide bat da, irakurketaz eta irudiez noiznahi gozatzeko modua ematen duena. Eta dokumentala ere beste horrenbeste: narrazioari mugimendua, soinua, ahotsa eransten dizkio, eta beste lengoaia batean eman eskaladako krokisaren eta artearen inguruko kontakizuna. Adierazpide bakoitzak bere bereizgarriak ditu, eta Herranzek ere garbi zuen: «Ez nuen nahi dokumentala liburuaren kalko bat izaterik. Nahi nuen dokumentalak ekarpen bat egitea proiektuari, beste geruza bat ematea, ate batzuk zabaltzea, galderak planteatzea... Finean, nahi nuen dokumentalak proiektu hau aberastea».

«Mapa bat informazioa da, A puntutik B puntura joateko balio du, baina, marrazkiak gehituz gero, hor sartzen dira sugestioa, inspirazioa, norberaren fantasia, ezezaguna den horretan barneratzeko gogoa... Arteak, eskaladako krokisetan, asmo bera du»

JON HERRANZ 'Harri, orri, arkatz' dokumentalaren zuzendaria

Dokumentalaren lehen printza, Herranzen buruan eta gidoian, ez zen krokis bat izan, mapa bat baizik: Erdi Aroko mapamundi haien irudia, non munstroak, mendiak, herensugeak, itsasoko sugeak eta abar agertzen ziren. «Krokisen alde artistiko eta piktorikoak eta mapa haietako irudiek, nolabait, asmo bera dute: jendea leku horietara joan dadin bultzatzea. Mapa bat informazioa da, A puntutik B puntura joateko balio du, baina marrazki horiek gehituz gero, hor sartzen dira sugestioa, inspirazioa, norberaren fantasia, ezezaguna den horretan barneratzeko gogoa... Arteak, eskaladako krokisetan, asmo bera du: jendea bide horietara joatera gonbidatzea...».

'Arri, Orri, Arkatz' dokumentaleko irudia
Eli Azurmendiren kolore paleta, dokumentalean. JON HERRANZ

Ikuspegi horren hedapenean, hainbat ahots bildu ditu Herranzek: hastapenetik proiektuaren arima izan diren hiru kideak, noski —hau da, Azurmendi, Elorza eta Sanz—, eta, haiekin batera, Kazuya Hiraide zena, Eduardo Martinez de Pison geografoa, Armand Ballart eskalatzaile eta marrazkilaria, Simon Elias, Sean Villanueva eta Nico Favresse alpinistak, Rhiannon Klee eskalatzaile eta artista, Solene Roge kazetaria, Jesus Mari Lazkano margolaria...

«Inora joan eta ez baduzu kontatzen, gailurra jotzen baduzu eta ez baduzu kontatzen, zure bizipena izan duzu, eta hor geratuko da. Baina kontatzen baduzu, ahalmena duzu bestei paisaia ikusarazteko, mezu bat transmititzeko, besteak inspiratzeko...», dio Eduardo Martinez de Pison geografo, idazle eta alpinistak dokumentalean. Muineko mezua hori da, nolabait: izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Herranz: «Esplorazioa edo eskaladako bide bat zabaltzea, zer da, ekintza indibiduala edo kolektiboa? Fisikoki nork bere aldetik egiten du, edo talde txiki batean, baina horri buruzko marrazki bat egiten badu, zerbait idazten badu, istorio hori kontatzen badu, esplorazio hori eta istorio hori gizartera zabaltzen dira, eta jakintza kolektiboaren parte bihurtu». Begi keinu bat bilakatzen da, ziztada bat, aztoramendu bat, beste norbait bide edo lurralde horietara menturatu dadin.

«Niri krokisen alderdi emozionala interesatzen zait batez ere, jendeari ikusaraztea krokis baten atzean egon daitekeen guztia: istorio bat, musika bat, motibazio bat... Irudipena dut istorio horiek guztiak batuta beste istorio handiago bat sortu dugula»

ELI AZURMENDI 'Harri, orri, arkatz' proiektuaren bultzatzaileetako bat

Eli Azurmendiren hitzetan, Herranzek «oso ondo islatu ditu proiektua eta mezua, eta ez zen erraza hainbeste ahots elkartu eta horien bidez narrazioa harilkatzea». Pozik dago dokumentalarekin, guztiz «identifikatuta» sentitzen da, eta gustura dago Harri, orri, arkatz proiektua ixteko moduarekin. Atzera begiratu eta ikusten duenean erakusketa txiki bat izan behar zuena azkenean zer bihurtu den, «harritu» egiten da Azurmendi. «Barruan buru-belarri lanean ari zarenean, ez duzu kanpotik ikusten emaitza. Pentsatzen dut denborarekin gehiago gozatuko dudala egindakoaz, eta kontzienteago izango naizela».

Hala ere, jabetzen da proiektua «inspirazio iturri» izan dela askorentzat. «Han eta hemen egin ditugun tailerretan, jende asko etorri zaigu, sumatu dugu interesa. Gaur egun eskalatzaile gazte askok marrazten dute, krokisak egin ere bai, badute kuriositate hori... Aurreko batean Elorrion egon nintzen, eta gazte mordoxka etorri zen gaztetxetik: ilusio handia piztu zidan. Halakoetan, ohartzen zara marrazteko gogo hori, krokisen gaia, bizirik dagoela».

'Arri, Orri, Arkatz' dokumentaleko irudia
'Harri, orri, arkatz' erakusketako zenbait krokis. Dokumentaleko irudia. JON HERRANZ

Proiektuak balio izan du, orobat, eskalatzaile eta marrazkilari askoren lana erakusteko, nork bere etxean jasota zeuzkan krokis horiek jendearen bistan jartzeko, krokisetan alde erabilgarri bat ez ezik alde artistiko bat ere badagoela ikusarazteko... «Niri krokisen alderdi emozionala interesatzen zait batez ere, jendeari ikusaraztea krokis baten atzean egon daitekeen guztia: istorio bat, musika bat, motibazio bat... Irudipena dut istorio horiek guztiak batuta beste istorio handiago bat sortu dugula Harri, orri, arkatz proiektuarekin».

Solene Roge kazetariak dokumentalean dioen moduan, mapak, krokisak, abentura askoren abiapuntu dira, eta altxorraren mapa jartzen du adibidetzat, Stevensonen Altxor uhartea liburukoa, kasurako. «Alderaketa polita da, eta oso ondo bat egiten du krokisek sortzen duten inspirazioarekin. Ezezaguna den horretara jotzeko bulkadarekin», nabarmendu du Herranzek. Gisa berean, Azurmendik, Elorzak, Sanzek eta orain Herranzek, kontakizun bat sortu dute beren abentura honetan, lerro bat marraztu, eta, egindako bide edo bilaketa horretan, altxor kutxa bat ez, baizik eta hiru azaleratu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.