Himalaiarekin amesten jarraitzen dute

Berriro ere espedizioak itzuliko dira aurtengo udaberrian Himalaiara. Horietako batzuk dagoeneko han dira, egokitzapen eta prestaketa lanak egiten. Beste behin Everest eta Dhaulagiri zortzimilakoek bilduko dute alpinista gehien.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiagatik izandako etenaldiaren ondoren, badirudi berriro ere normaltasuna itzultzen ari dela Himalaiara. Neguan K2n (Pakistan, Karakorum, 8.610 metro) izandako ezbeharren ondorioz espedizio askok azken unera arte zalantzak izan dituzten arren, badirudi udaberrian berriro ere alpinistaz beteko direla hainbat zortzimilako oinarrizko kanpalekuak. Dhaulagirin (Nepal, Himalaia, 8.167 metro) eta Everesten (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) bilduko dira gehien.

JONATAN GARCIA
Lagunaren omenez

2017an Alberto Zerain zenarekin Annapurna (Nepal, Himalaia) 8.091 metro igo zuenetik, ohikoak dira Jonatan Garciarentzat (Barakaldo, Bizkaia, 1985) Himalaiarako bidaiak. Manaslu (Nepal, Himalaia, 8.156 metro) izan zenharen bigarren zortzimilakoa, 2018an. Juan Pablo Mohr izan zuen sokalagun. Baina, aldi berean, ezin izan zituen igo 2016an Broad Peak (Pakistan, Karakorum, 8.051 metro), 2018ko udaberrian Dhaulagiri, eta 2020ko neguan Everest. Azken espedizio hori Alex Txikonekin egin zuen, eroriko bat izan zuen Khumbuko haranean, eta espedizioa uste baino lehenago amaitu behar izan zuen. Txikonekin batera, Garcia da Himalaiara espedizio gehien egin dituen Euskal Herriko alpinista azken urteetan.

Ez da samurra izan aurtengo negua harentzat. Ali Sadpararekin batera, Mohr ere K2n desagertu baitzen. «Ezagutu nuenetik, oso harreman ona izan genuen, eta hainbat espedizio egin genituen batera. Kostatu egiten zait haren galera onartzea, eta jakitea ezin izango naizela berriro ere harekin mendira joan. Oso adeitsua eta maitagarria zen, eta, aldi berean, oso indartsua eta azkarra», nabarmendu du. Haren omenez igo nahi du oraingoan Dhaulagiri.

Martxoaren 10ean ekin zion espedizioari, eta Katmandun lau eguneko berrogeialdia egin eta gero abiatu zen goi mendietara. Bigarrenez saiatuko da Dhaulagiri igotzen. Lehenbizikoan, 7.800 metrora iritsi zen Mohrekin batera. Baina eguraldi txarraren ondorioz, etxerako bidea hartu behar izan zuten. Oraingo honetan, Stefi Troguet izango du ondoan. Oso aurrekontu txikiko espedizioa da: 11.000 euro ingurukoa. Oxigenorik gabe eta altuerako xerparik gabe saiatu nahi dute igotzen. Ohiko ibilbidetik egingo dute. «Batera egin izan ditugu igoera batzuk, eta konfiantza handia daukagu. Fisikoki eta teknikoki ondo moldatzen da Steffi, eta buruz ere oso gogorra da». Garciarentzat hirugarren zortzimilakoa litzateke bere ibilbidean, Annapurna eta Manaslu ostean.

CARLOS SORIA
Hamaikagarrenean agidanez

Martxoaren 29an ekin zion Carlos Soria (Avila, Espainia, 1939) alpinista beteranoak ere Dhaulagiriko espedizioari. Oraingoan ere espedizioa egiteko diru laguntzak lortzea izan du buruhauste. Nepalera abiatu aurreko egunetan eskuratu zituen. Haren adina 82 urte ditu eta gailurrera iristeko beharko duen laguntza kontuan hartuta, espedizioaren kostua 130.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten du.

Hamaikagarrenez izango da Soria Dhaulagiri mendiaren oinarrizko kanpalekuan. Aurrekoetan nahi baino lehenago itzuli behar izan zuen etxera. Dhaulagirirekin batera, Shisha Pangma (Txina, Himalaia, 8.027 metro) da hamalau zortzimilakoen zerrenda osatzeko gelditzen zaion mendi bakarra.

Baina gelditzen zaizkion biak igotzen ez baditu ere, Soriak dagoeneko arrasto handia utzi du Himalaian. Izan ere, igoak dituen hamabi zortzimilakoetatik hamar 62 urte baino gehiagorekin osatu ditu. Zerrendaren hasieran daude; Everest 62 urterekin; K2 65ekin; Kanchenjunga (8.586 metro) 75ekin; eta Annapurna 77rekin. Baina denetan gogoangarriena, Makalukoa (Nepal, Himalaia, 8.463 metro) izan zen. Oxigenoaren laguntzarik gabe eta 69 urte zituela iritsi zen tontorrera.

Azken urteetako ametsa izan du Dhaulagiri. Gailurretik ehun metrora gelditu zen hara egindako azken saiakeretako batean, eta litekeena da hau izatea azken ahalegina. Oraingo honetan ere Luis Miguel Lopez Soriano eta Sito Carcavilla izango ditu ondoan. Pandemiarengatik, etxean geratzeko aukera aprobetxatu zuen sasoian jartzeko, eta kamera hipobarikoa ere probatu zuen. Gutxik bezala ezagutzen du Dhaulagiri, eta argi azaldu ditu haren zailtasunak. «Hirugarren kanpalekua oso deserosoa da lo egiteko, eta gailurreko eguna oso luzea izaten da. Jendeak ulertu ez arren, hara itzuli nahi dut».

Gogotsu eta itxaropentsu dago Soria, eta bere belaunaldiko jendeari omenaldi egin nahi die gailurra lortuz gero. «Nire belaunaldiko jende asko hil da pandemiagatik. Gustatuko litzaidake jendea konturatzea adinekoak ere gai garela ilusioak izateko eta gauza garrantzitsuak egiteko. Gazte askorentzat eredu izatea pizgarria da. Bizitza ez da amaitzen erretiroa hartzen duzunean», azpimarratu du.

STEFI TROGUET
Zortzimilakoak pilatzen jarraitu nahi du

2019ko udan Nanga Parbat (Pakistan, Karakorum, 8.125 metro) eta udazkenean Manaslu (Nepal, Himalaia, 8.163 metro) igotzea lortu zuenetik, ezagun egin da Stefi Troguet alpinista (La Massana, Andorra, 1992) zortzimilakoen munduan. 2020rako ere, Gasherbrum I (Pakistan, Karakorum, 8.068 metro) eta Gasherbrum II (Pakistan, Karakorum, 8.035 metro) mendiak igotzeko asmoa azaldu zuen, baina COVID-19aren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuen dena. Alabaina, iazko udan Alpeetan eta Pirinioetan entrenatzen ibili ondoren, erronka handiak ditu Himalaiara itzultzeko. Udaberrian, Dhaulagiri igotzeko saiakera egin nahi du; udan, berriz, K2 eta Broad Peak (Pakistan, Karakorum, 8.051 metro) igotzen saiatuko da.

Himalaian estreinakoz izan zen bi espedizio haietan, Nirmal Purja alpinistaren agentzia izan zuen bidelagun, baina, denen gainetik, Muhammad Ali Sadpara alpinista pakistandarra ezagutzeko aukera izan zuen. Hark erakutsitakoa ez du berehalakoan ahaztuko Troguetek, eta etorkizunean proiektuak partekatzeko asmoa ere bazuten. «Oso pertsona garrantzitsua zen niretzat, mendian aita baten parekoa. Asko kostatu zait haren desagertzea asimilatzea. Zalantza asko izan ditut K2ra joateko proiektuarekin, baina taldearekin hitz egin ostean, aurrera jarraitzea erabaki dugu».

Baina udan K2ra eta Broad Peakera joan aurretik, Troguet ere Dhaulagiri mendiaren oinarrizko kanpalekuan izango da, Jonatan Garciarekin. Aspaldi utzi zuen argi hamalau zortzimilakoak oxigenorik gabe igotzea zuela helburu, eta bide horretan saiatuko da buru-belarri hurrengo urteetan. «Hamalau zortzimilakoak oxigenorik erabili gabe igotzen saiatzea da nire helburua. Alpinismoaren historiari begiratzen badiogu, emakume gutxik lortu dute halakorik. Ez dut presarik, baina gogo handia daukat, eta finantzaketa lortzen badut, aurrera egingo du», azpimarratu du Troguetek.

COLIN O'BRADY
Everesteko eta Lhotseko zeharkaldia

Azken urteetako erronketako bat izan da Himalaian, Everest eta Lhotse (Nepal, Himalaia, 8.516 metro) mendiak oxigenorik gabe kateatzea. Asko izan dira saiatu direnak. Horien artean daude historiako bi alpinistarik onenetakoak: Ueli Steck eta Denis Urubko. Baina ez zuten lortu. Himalaiaren historian, bakarrak lortu du: Juan Pablo Mohr, 2019an. Steckek 2017an saiatu behar zuen, Tenji Sherparekin batera.Baina Nuptsen egokitzapen lanetan zebilela, eroriko baten ondorioz hil zen. Urubko, berriz, 2001ean saiatu zen Simone Mororekin batera, bainabertan behera utzi beharizan zuten ahalegina eguraldi txarraren ondorioz. Oxigenorik gabe hamalau zortzimilakoak osatzen hamabosgarren alpinista izan zen Urubko, eta askotan aitortu du zeharkaldi hori ez osatzea izan dela urte hauetan Himalaian gelditu zaion arantzetako bat.

Everest eta Lhotse jarraian igotzea, alpinismoan dagoen erronka handienetakoa da. Bi menditzar horietara igotzearekin batera, heriotzaren eremuan (7.500 metrotik gora) gutxienez 24 orduz egotea eskatzen du. Errekorrak ere ezarri dituzte zeharkaldi horretan. Bi mendiak lotzen Bizkorrena Mingma Dorchi Sherpa izan zen, 2019ko maiatzaren 27an. Oxigenoaren laguntzarekin egin zuen. Lehenbizi Everesteko gailurrera iritsi zen, 12:44an; eta, ondoren, Lhotsekora 18:45ean. Guztira, sei ordu eta minutu bat behar izan zituen, hain zuzen. Oraingo honetan, Colin O´Brady abenturazaleak (Washington, AEBB, 1985) egingo du saiakera.

Urte askotan triatloilari profesionala izan zen, baina, hura utzi ondoren, hainbat abenturatan murgilduta ibili da. Ez du lehen aldia izango Everesten. 2016an izan zen gailurrean oxigenoaren laguntzarekin. Orain ere zehazteke dauka erronka osatzeko ahaleginean jarraituko duen ibilbidea. Baina asmoa hor dago.

KAMI RITA
Everestera 25. aldiz

Everest mendian hainbat marka ezarri dira. Esanguratsuenetakoa da Kami Ritarena (Nepal, 1970). Orain arte 24 aldiz izan da munduko mendirik garaienean, eta aurtengoan beste behin igo nahi du. Hark lortutako errekorren artean, aipagarria izan zen 2019ko maiatzean aste berean bi aldiz igo zuela.

Baina ez da Everesten bakarrik ibilia Rita, haren ibilbidean zehar K2 eta Manaslu ere igoak ditu. Oparoak dira haren lorpenak. 1994an igo zen lehenbizikoz Everestera, 24 urte besterik ez zuenean. Haren aita Nepalgo lehen xerpetako bat izan zen, eta Lakpa anaiak ere hamazazpi aldiz igota dauka munduko mendirik garaiena. Gaur egun, Himalaian dabiltzan xerpen artean oso estimatua eta maitatua da Rita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.