Hondarribitik El Port de la Selvara, hego haizearen kulunkan

Bihar abiatuko da Hondarribitik X-Pyr zeharkaldia, parapenteko hike and fly modalitateko proba nagusietakoa. 50 hegalari lehiatuko dira, munduko onenak, eta hiru euskal ordezkari izango dira. Beroak eta hegoak dezente baldintzatu dezakete aurtengoa.

Mattin Iñiguez parapentelaria
Mattin Iñiguez, iazko Red Bull X-Alps proban. MATTIN IÑIGUEZ
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegan ondo egitea, airean ordu askotako eskarmentua, estrategiarekin asmatzea, hegaldatzeko puntuetara oinez edo korrika ahalik eta bizkorren iristea, termikak ondo irakurtzea, baldintza egokiei antzematea, aireko autobideak harrapatzea, taldekideen babesa izatea, zorteak pixka bat laguntzea... baldintza eta gako asko izaten dira jokoan parapenteko hike and fly modalitatean. Igande goizeko 10:00etan abiatuko da Hondarribitik X-Pyr Pirinioetako lasterketa, modalitate horretako proba nagusietako bat. Mendikatea alderik alde zeharkatuko dute, oinez eta hegan, hogei herrialdetako 50 taldek.

Beroaren kezka dute hegalariek. Bero zakar samarra eta hego haizea emanda daude datozen egunetarako, eta ikusi beharko da horrek zer-nola eragiten duen partaideen estrategian eta esfortzuan. Eta ikusi beharko da, orobat, noraino eramaten dituen hego haizeak. Jon Arruti Altube (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) Euskal Aire Kirol Federazioko (EAKF) lehendakariak iragarri du «inoizko markarik onenak» hautsiko dituztela parapentelariek. «Hondarribitik abiatu, eta ez harritu aurrenak bi ordu eta erdi baino gutxiagoan Larhunera iristen badira». Buru-belarri dabil Arruti egunotan proba antolatzen, EAKF eta Nafarroako Federazioa ere antolatzaileen artean baitira.

X-PYR lasterketa.

Larhun gaina da lehen mugarria, eta handik hegaldatuko dira ekialderantz. «Beroa iragarri dute, baina ustez baldintza onak ere bai. Beraz, termika ahalik eta onenak harrapatzeko eta hegan ahalik eta urrunen iristeko ahalegin horretan, oso azkar igoko dira Larhunera. Eta han goitik kapazak dira lehen egunean bertan Villanuara iristeko. Hori da derrigorrezko bigarren mugarria, Villanua. Lehen egunean iritsiko balira, errekor historikoa lortuko lukete», jakinarazi du Arrutik.

Parapentelarien artean, munduko punta-puntako lehiakideak izango dira: besteak beste, Chrigel Maurer suitzarra, Red Bull X-Alps —munduko probarik gogorrena— zortzi aldiz irabazitakoa eta X-Pyr lau aldiz irabazitakoa; Pierre Remy frantziarra, munduko eta Europako txapeldun izandakoa; Christian Schugg alemaniarra, aurreko ekitaldiko txapeldunordea; Simon Oberrauner austriarra, X-Pyr irabazitakoa; Toma Coconea Running Man errumaniarra eta korrikalari handia; eta Standa Mayer txekiar historikoa, parte hartu duen proba guztietan helmugara iristea lortu duena. 29 lehiakide lehen aldiz ariko dira X-Pyrren, eta beste 21 aurrez noizbait parte hartutakoak dira. Sei emakumezko izango dira, inoizko gehien. Modalitate honetako proban emakumezko partaideen ehuneko historikoa da, gainera.

«Larhun goitik kapazak dira lehen egunean bertan Villanuara iristeko. Hori da derrigorrezko bigarren mugarria. Lehen egunean iritsiko balira, errekor historikoa lortuko lukete»

JON ARRUTI ALTUBE EAKFko lehendakaria

Mundu mailako elite horrekin buruz buru, hiru euskal ordezkari ere izango dira aurten: Mattin Iñiguez (Zegama, Gipuzkoa, 1985) eta Aner Bueno (Azpeitia, Gipuzkoa, 1987) euskal selekzioko kideak, eta Romain Larripa (Ziburu, Lapurdi, 1992).

Urte asko joan dira 2012ko lehen ekitaldi hartan Iñigo Gabiria elorriarra X-Pyrren garaile izan zenetik. Kirola orduan ez zen hain ezaguna, jende gutxiago zebilen hegan, eta materiala ere askoz astunagoa zen. Geroztik, gero eta jende gehiago dabil hegan, profesionalizatu egin da kirola, eta materiala asko arindu da. Gaur egun, batez beste, derrigorrez eraman beharreko material guztia kontuan hartuta —parapente hegala, arnesa, segurtasuneko paraxuta, sakelakoa, satelite bidezko tracker-a, kaskoa eta motxila—, 6 eta 8 kilo artean eramaten dituzte hegalariek. Eta Gabiriak, duela hamalau urte, 15 kilo eraman zituen.

Horregatik, «kirola profesionalizatu eta maila ikaragarri igo den honetan, euskal selekzioko bi talde X-Pyrren izatea, hiru euskal ordezkari izatea, guretzat handia da», azpimarratu du Jon Arruti Altubek, EAKFko lehendakariak.

Romain Larripa parapente hegalari ziburutarra
Romain Larripa bere «jokaleku kutunetik» abiatuko da, Hondarribiatik eta Larhun kaskotik.

El Port de la Selvan «freskatzeko gogoz»

Romain Larripa duela sei urte hasi zen parapentean hegan egiten, eta abiatzeko ordua hurbiltzen doan heinean, «zirrara eta esker ona» sentitzen ditu. Aspaldiko ametsa du X-Pyrren parte hartzea, eta Hondarribiatik abiatzeak «oso esanahi berezia» du ziburutarrarentzat. «Urteak daramatzat Larhun mendigunean entrenatzen. Ezin konta ahala ordu egin ditut han korrika, oinez eta hegan. Nire jokalekua da, han elikatu dut nire pasioa. Horregatik, Larhun tontorrera iristea une berezia izango da niretzat. Han egongo dira nire familia, lagunak eta abenturaren hasieratik babestu nauten guztiak. Zeharkaldi hau haien aurrean osatzea, niretzat hainbeste esanahi duen mendi honetan, sari ederra litzateke».

«Ordu asko egin ditut Larhun mendigunean korrika, oinez eta hegan. Nire jokalekua da, han elikatu dut nire pasioa. Horregatik, Larhun tontorrera iristea une berezia izango da. Han egongo dira senideak, lagunak eta hasieratik babestu nauten guztiak»

ROMAIN LARRIPA Parapente hegalaria

Helmugara iristea da Larriparen helburu nagusia, «eta Pirinioetako zeharkaldi hau bete-betean bizitzea». Lehen aldiz hartuko du parte, eta «umiltasun osoz» heldu nahi dio abenturari. «Noski, emaitza on bat lortzea gustatuko litzaidake, baina batez ere erabaki zuzenak hartu nahi ditut, une bakoitzaz gozatu nahi dut eta esperientzia hau nirekin izango den lantaldearekin partekatu. Pirinioak airez eta oinez zeharkatzea da nire ametsa. Eta erakutsi nahi dut pasioz, ekinez eta jende askoren babesaz, lor daitekeela amets bat egi bihurtzea».

Mattin Iñiguez «ikaragarrizko gogoz» dago abenturari ekiteko. Aurten lehenbizikoz arituko da X-Pyr proban. Duela bi urteko ekitaldian parte hartzekotan zen, baina prestakuntzan izandako azken orduko lesio baten ondorioz lurrean geratu zen azkenean. Aurten ere ez da entrenatu nahiko lukeen beste. Iaz Red Bull X-Alps proban parte hartu zuenetik, aldaka dela, belauna dela, ondorioak pairatzen ari da, eta, hala, ezin izan du korrika askorik egin Pirinioetako probarako entrenatzeko. «Batez ere bizikletan eta gimnasioan ibili naiz. Eta hegan ere dezente. Ondorioz, saiatuko gara ahalik eta gehien hegan egiten. Oso ibilbide polita daukagu aurten. Aurreko urteetan baino elur askoz gehiago dago goietan, Pirinioak ikaragarri eder daude, eta ea gozatzen dugun».

Aner Bueno parapente hegalaria
Aner Bueno euskal selekzioko kidea ere lehen aldiz ariko da Pirinioetako zeharkaldian. ANER BUENOK UTZITAKOA

Orain arteko ekitaldietan ez da inoiz hego haizerik izan Larhuneko lehen etapan. Orain dela bi urtekoan, esaterako, euritan abiatu ziren. «Hortaz, aurten garrantzitsua izango da lehen eguneko estrategia. Uste dut partaideen aldetik aukera desberdinak eta kuriosoak ikusi ahal izango ditugula. Ea lehen hegaldian noraino iristeko gai garen. Horrek eragin handia izan dezake hurrengo egunetan ere», aurreratu du Iñiguezek. Hegalari zegamarrak Nerea Beltran de Heredia izango du lantaldeko laguntzaile nagusi.

«Azken urte eta erdian ordu asko egin ditut prestatzen, hegan, ordu asko bakarrik, eta orain lagunen babesaz gozatzeko gogoa daukat»

ANER BUENO Parapentelaria

Aner Bueno ere «ilusio handiz» dago, zeharkaldirako eta «batez ere taldekideekin gozatzeko». Iosu Juaristi laguntzaile nagusia eta gainerako taldekideak lagunak ditu, gertuko jendea. «Horregatik, haiekin aste hau, esperientzia hau, gozatzea da nire helburua eta ilusioa. Ez gara profesionalak, eta ni neu ez naiz oso lehiaketa zalea. X-Pyr, ordea, abentura pertsonal moduan hartzen dut, eta haiekin gozatzeko gogoa daukat. Azken urte eta erdian ordu asko egin ditut prestatzen, hegan, ordu asko bakarrik, eta orain lagunen babesaz gozatzeko gogoa daukat. Haien aholkuak entzun, haiek prestatutako ogitartekoak jan... Ilusio handia daukat lagunekin bideaz gozatzeko».

Larhun eta Villanuako lehen mugarrien ondoren, hurrengoa Aneto gailurraldean izango dute, konpasaren muturra Aneto tontorrean jarriz gero, 3.000 metroko erradioan. Midi de Bigorre da hurrengoa. Hara iristeko, atzerantz egin beharko dute, ipar-mendebalderantz. «Inguru hori delikatua izaten da hegan egiteko, eta, beraz, Arbizon tontor inguruan izango da baliza», azaldu du Arruti Altubek. Hortik Pic des Trois Seigneurs gailurrerantz joko dute, erabat mendebalderantz, eta, ondoren, mendikatea hegoalderantz zeharkatuko dute berriro, Andorra ipar-mendebaldetik. San Joan de les Abadesses herria izango dute hurrengo mugarria, eta, han sinatu ondoren, Santa Helena de Rodes baselizarantz jarraituko dute. Handik jada Port de la Selva begiztatu ahal izango dute urrunean.

«Aurten, hego haizearekin, garrantzitsua izango da lehen eguneko estrategia. Uste dut partaideen aldetik aukera desberdinak eta kuriosoak ikusi ahal izango ditugula»

MATTIN IÑIGUEZ Parapentelaria

Hegan eta korrika «hainbeste entrenatu eta gero», Port de la Selvara iristeak, hego haize epelaren besoetan Pirinioak aldez alde zeharkatu eta gero Mediterraneoko uretan freskatzeak, horrek ere «ilusio handia» egingo lieke Larripari, Iñiguezi eta Buenori. Helmuga jotzeak, alegia. «Horrez gain, mundu mailako jende horrekin esperientzia hau bizitzea, haiek nola moldatzen diren ikustea, hori ere ederra izango da. Iaz, X-Alpsen, laguntzaileen ikuspuntutik bizi ahal izan nuen, eta oraingoan haiekin lehian izango naiz», azaldu du Buenok.

Hego haizearen kulunkan, zenbat egun beharko dituzte hegalariek Mediterraneora iristeko? Jon Arruti Altubek erantzun dio galderari: «Termika egokiak hartuz gero, Ezkaurretik hasita Panticosa eta Ordesa alderantz, horiek guretzat autobide modukoak dira, eta distantzia luzeak egin daitezke erraz eta azkar samar. Munduko onenak daude tartean, eta, baldintzak lagun izanez gero, gai izan daitezke egunean 200 kilometro hegan egiteko. Hortaz, ekaitz handirik sartzen ez bada, asteazkenerako edo ostegunerako hortxe-hortxe ibiliko dira lehenengoak, El Port de la Selvako helmugan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA