Ida Amelie Robsahm mendiko korrikalari norvegiarra hil da, entrenatzen ari zela erorikoa izanda

Larunbatean gertatu zen ezbeharra, Raumako mendietan, Norvegian bertan. Sara Alonsoren laguna eta taldekidea zen Asics etxean. Azken hiru urteotan Zegama-Aizkorrin izan da, eta hiru aldietan hamar aurrenekoen artean sailkatu da, aurten, laugarren.

Ida Amelie Robsahm korrikalari norvegiarra
Ida Amelie Robsahm aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoian. IGOR QUIJANO / ZEGAMA-AIZKORRI
ramon olasagasti
2026ko irailaren 21a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ida Amelie Robsahm korrikalari norvegiarra, besteak beste, azkeneko Zegama-Aizkorri mendi maratoian laugarren izandakoa, hil egin zen larunbatean, Raumako mendietan (Norvegia) entrenatzen ari zela erorita. Antza, dozena bat metroko altueratik erori zen Robsahm, eta sorospen taldeek ezin izan zuten ezer egin hura bizirik ateratzeko. Robsahmek 30 urte zituen, eta azken bost urteotan munduko elitera iritsi zen trailaren munduan.

Robsahm Sara Alonsoren lagun mina eta taldekidea zen Asicsen. Hala idatzi du korrikalari donostiarrak bere sare sozialetan: «Ida, nire ahizpa izan zara, nire laguna, taldekidea, eta aurten, behar handiena nuenean, gehien lagundu didan pertsona. Urtebete besterik ez bada izan ere, sortutako adiskidetasuna mugagabea izan da, denok sentitzen dugun minaren parekoa. Irribarre betierekoa zuen aurpegian, eta irribarre horrekin oroituko dut beti. Zure urtebetetzerako egun batzuk falta zirela, niretzat zein berezia izan zaren esan nizun, eta pozik nago hori behintzat esan gabe ez zaidalako geratu, askotan ahaztu egiten baitzaigu horrelako hitzak esatea. Urrats bakoitza, kilometro bakoitza, zure aldekoa izango da hemendik aurrera, betirako. Eskerrik asko guztiagatik! Izugarri maite zaitut!».

Istripua larunbatean gertatu bazen ere, Norvegiako NRK komunikabideak gaur zabaldu du horren berri, familiaren idatzi labur batekin batera. Hala dio familiaren komunikatuak: «Idaren galerak sorrarazitako saminaren erdian, gure esker on zintzoena adierazi nahi diogu korrikalarien komunitateari. Ida funtsezko kidea zen komunitate horretan, eta egoera lazgarri honetan agertutako maitasunak eta kezkak asko esan nahi dute guretzat».

LEHEN BOST EMAKUMEAK 2026KO ZEGAMA-AIZKORRIN
Aurtengo Zegama-Aizkorriko lehen bostak. Eskuin-eskuinean, Sara Alonsoren ondoan, Ida Amelie Robsahm. GORKA RUBIO / FOKU

Ezbeharra Raumako mendietan gertatu zen, Romsdalseggen gailurretik gertu, 1.329 metro inguruan. Helikopteroak 13:43an erreskatatu zuen korrikalaria, baina sorospen taldeko kideek ezin izan zuten bizirik atera. Mendi ingurune horretan entrenatzen dira Kilian Jornet mendizalea –han bizi da– eta beste hainbat korrikalari norvegiar ere, besteak beste Sylvia Nordskar 2024ko Zegama-Aizkorriko irabazlea eta Robsahmen hurbileko laguna.

Ida Amelie Robsahm Bærum herrian jaio eta hazi zen, Oslo hiriburutik gertu, duela 30 urte. Kirolaria izan zen txikitatik, baina 25 urtera arte ez zen hasi korrika. Berehala nabarmendu zen trailaren munduan. 2022an, 27. izan zen Golden Trail World Series zirkuituko bere lehen proban, eta hurrengo urtean jada lasterketak irabazten ari zen. Hala, 2023ko Innsbruckeko Munduko Txapelketarako hautatu zuen Norvegiak. 2024an, bere lehen Zegama-Aizkorri mendi maratoian, bederatzigarren izan zen. Iaz, berriz, Sara Alonsok irabazi zuen urtean hain zuzen, zazpigarren izan zen Robsahm, aurreko urteko denbora sei minututan hobetuta. Aurtengo Zegaman, berriz, laugarren izan zen sailkapenean, eta, korrikarako baldintzak okerragoak izan arren, gai izan zen 2024ko denbora hamar minututan hobetzeko.

Aurten, besteak beste, bigarren izan zen Mont Blanceko maratoian, eta bosgarren UTMBko OCC proban, Sara Alonso hirugarren izan zen proba berean. Asics etxe bereko korrikalariak izanik, azken urteotan elkarrekin asko entrenatzen ziren Alonso eta biak. Zegamako eta Mont Blanceko ibilbidea eta zidorrak aztertzen, esaterako, elkarrekin ibili ziren. Eremu teknikoetan ondo mugitzen zen Robsahm, eta, denborarekin, korrikalari osoa bihurtu zen. Adituen iritziz, goranzko bidean zen oraindik korrikalari norvegiarra.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA