Ines Allende irabazle izan da Espainiako Kopan, eta bigarren Espainiako Txapelketan

Kirol eskaladako hainbat lehiaketa izan dira asteburuan Caceresen. Udane Mujika txapeldun izan da blokeko Espainiako Txapelketan, 19 urtez azpiko mailan, eta bigarren maila nagusian. Hamabost urtez azpikoetan, hiru euskal eskalatzaile igo dira podiumera.

Kirol eskaladako 2026ko Espainiako Txapelketako podiuma
Ines Allende, Iziar Martinez eta Aina Vila, zailtasuneko Espainiako Txapelketako hiru aurrenekoak. JESUS GARCIA-MANZANARES
ramon olasagasti
2026ko urriaren 5a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol eskaladako hainbat lehiaketa izan dira asteburu honetan Caceresen: batetik, zailtasuneko modalitatean, Espainiako Txapelketa jokatu da, eta, aldi berean, zailtasuneko Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba ere izan da lehia hori; bestetik, boulder modalitatean, Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopako bigarren proba jokatu dira, lehia berean; azkenik, abiadurako eta paraeskaladako Espainiako Txapelketak ere jokatu dira Caceresen.

Zailtasuneko Espainiako Txapelketari dagokionez, Iziar Martinez zen faborito nagusia, eta ez zuen huts egin. Finalean, ordea, ia ezustekoa eman zuen Ines Allende 17 urteko eskalatzaile gasteiztarrak. Sailkapen fasean aurretik geratu ziren eskarmentu handiagoko lehiakide gehienak baino gorago igo zen Allende finaleko bidean. Iziar Martinez izan zen azkena lehiatzen, eta Allende baino helduleku bat gorago iritsi zen. Azkenean, beraz, Martinez txapeldun, eta Allende bigarren. Finalean sartu zen Maddi Agirre ere, eta zortzigarren izan zen azkenean.

Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba ere bazen Caceresekoa, eta, hiru probetako emaitzak kontuan hartuta, Allende gaztea izan da Kopako txapeldun, batez ere Sant Marti de Touseko (Katalunia) bigarren proban lortutako garaipenari esker. Kopako sailkapen nagusian, Maddi Agirre zazpigarren izan da, eta Elur Arteaga, bederatzigarren.

Mutiletan, maila nagusian, ez zen euskal ordezkaririk lehiatu Cacereseko proban. Javi Cano beteranoa izan zen txapeldun, Raul Escribano eta Santiago Oronich 18 urteko bi gazteei aurrea hartuta.

Gazteen artean, 19 urtez azpikoetan, Ines Allende bera izan zen txapeldun. Mutiletan, maila berean, Haritz Urkiola 15. izan zen, Ander Beitia 17., eta Aiert Mendizabal 20.

Hamazazpi urtez azpikoetan, Elene Otermin finalaren atarian geratu zen, eta bederatzigarren izan zen azkenean. Kopako sailkapen nagusian, zazpigarren izan da Otermin.

Hamabost urtez azpikoetan, nabarmentzekoak izan ziren emaitzak. Txapelketan, Markel Korta bigarren izan zen, Iraultza Azkue hirugarren eta Lur Guenetxea laugarren. Espainiako Kopako hiru emaitzak kontuan hartuta, berriz, Lur Guenetxea izan da Kopako txapeldun, Iraultza Azkue hirugarren, eta Markel Korta laugarren.

Udane Mujika eskalatzailea
Udane Mujika, Caceresko blokeetako batean. EMF

Boulderreko Txapelketa

Boulderreko Espainiako Txapelketa eta, aldi berean, Espainiako Kopako bigarren proba ere jokatu dira Caceresen. Boulderreko Espainiako Kopan, aurten bi proba besterik ez dira izango, eta, beraz, Cacereseko asteburuko lehian erabaki dira Kopako sailkapen nagusiko postuak ere.

Espainiako Txapelketari dagokionez, Udane Mujika bosgarren izan zen maila nagusian, eta bigarren 19 urtez azpikoetan. Elduaindarra (Gipuzkoa), iaz Espainiako Kopako txapeldun izan ondoren, aurten hatz bateko lesioarekin ibili da hainbat hilabetez, eta pixkanaka ari da osatzen. Espainiako Kopan, berriz, bi emaitzak kontuan izanda, Mujika bigarren postuan geratu da maila nagusian, eta txapeldun 19 urtez azpikoetan.

Blokeko Espainiako Txapelketako podiuma 15 urtez azpikoen mailan
Markel Korta, Asier Intxaurbe eta Iraultza Azkue, Espainiako Txapelketako podiumean, 15 urtez azpikoetan. EMF

Bai maila nagusian eta bai 19 urtez azpikoetan Loreto Peinado 16 urteko madrildar gaztea gailendu zen Caceresen, Geila Macia faborito nagusiari aurrea hartuta. Ines Allende finalean sartu zen blokeko txapelketan ere, eta zortzigarren izan zen azkenean –19 urtez azpikoetan, zazpigarren–.

Blokeko probetan, nabarmentzekoa izan zen hamabost urtez azpiko gaztetxoen jarduna. Espainiako Txapelketan, mutiletan, podiumeko hiru postuetara igo ziren euskal selekzioko eskalatzaileak: Asier Intxaurbe izan zen txapeldun, Markel Korta bigarren, eta Iraultza Azkue hirugarren. Kopako bi probetako emaitzak kontuan hartuta, berriz, Markel Korta izan da Kopako irabazlea, eta Intxaurbe geratu da bigarren.

Hamazazpi urtez azpikoetan, Elene Otermin bosgarren izan zen, eta Lier Perez zazpigarren.

Maila nagusian, mutiletan, ez zen euskal ordezkaririk lehiatu. Guillermo Peinado izan zen Espainiako txapeldun. Anai-arrebak gailendu ziren, beraz, blokeko Espainiako Txapelketan.

Zailtasuneko eta bouderreko proben aurretik, abiadurakoak jokatu ziren, aurreko astean. Horretan, Nafarroako Federazioko hiru ordezkarik zilarrezko domina lortu zuten: Leire Ruiz de Argandoñak, Unax Utergak eta Haizea Pintok, hain zuzen.

Paraeskaladako Txapelketan, azkenik, AL 1 mailan, Rakel Mateo eta Oier Aramendi izan ziren garaile. Ez zen beste lehiakideri izan. RP 1 kategorian ere Marta Peche nafarra izan zen irabazle.

Sailkapen guztiak, FEDMEren webguneko esteka honetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA