Jugal Himal II mendiaren lehen igoera osatu dute Mikel Zabalzak, Mikel Saez de Urabainek eta Ruben Perezek

Nepal ekialdeko Jugal mendigune ezezaguneko gailur garaienetan bigarrena da: 6.518 metro ditu, eta mendi zail eta teknikoa da. Hiru alpinistak urriaren 26an heldu ziren tontorrera, eta biharamunean kanpaleku nagusira jaitsi.

Jugal Himal mendigunea
Jugal Himal mendigunearen ikuspegia.
ramon olasagasti
2026ko urriaren 29a
18:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Handia egin dute Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970), Mikel Saez de Urabainek (Ordizia, Gipuzkoa, 1968) eta Ruben Perez Blazquez Ino errioxarrak: Jugal Himal II mendiaren (6.518 m) lehen igoera osatu dute, mendiaren hego-ekialdeko aurpegian bide berri bat zabalduta. Nepal ekialdean galdutako mendigunea da Jugal, Tibeteko mugan. Mendi tekniko eta zailez osaturiko eremua da, ingurune bakartu eta ezezaguna, alpinismorako eta trekkingerako 2023an zabaldu baitira hango ateak. Zabalza beti dabil halako mendigune ezezagunen bila. Duela hiru urte ere ingurune bertsuan izan zen, Juan Vallejo eta Iker Madoz lagun zituela, eta orduko hartan Phurbi Chyachu mendiaren gailurretik oso-oso gertu geratu ziren.

Iaz Jugal mendigune berean izan zen Zabalza, Iñaki Arakistain eta Mikel Perez de Larraya lagun zituela, orduan ere begiak Jugal II mendian jarririk, baina orduko hartan eguraldiak ez zien aukerarik eman, eta Jugal V (5.922 m) eta Gyaltsen (6.170 m) mendietara igo ziren. «Duela gutxi zabaldutako mendigunea da, eta, egia esan, mendi interesgarri asko dago esploratzeko. Gailur guztiak oso zailak eta teknikoak dira, eta horrexek berak egiten du lekua erakargarri», azpimarratu zuen orduan Zabalzak.

Jugal Himal II mendira astelehenean, urriaren 26an, igo ziren Zabalza, Saez de Urabain eta Ino, eta biharamunean kanpaleku nagusira jaistea lortu zuten. Etxera bueltan emango dituzte eskaladari buruzko xehetasun gehiago.

Jugal Himal I mendi nagusia (6.591 m) iaz igo zuen aurrenekoz espedizio korear-nepaldar batek. Orain, ahizpa txikia igo dute Zabalzak, Saez de Urabainek eta Inok.

Uda honetan Drifika mendian (Pakistan, Karakorum, 6.447 metro) izan da Mikel Zabalza, Angel anaia, Ignacio Ofizialdegi, eta Xuban Zumeta Irureta lagun zituela. «Inor gutxi topatuko zuen eremu batera joan nahi zuen Zabalzak, eta horregatik aukeratu zuen mendi hori», adierazi zuen Xuban Zumetak. Lehen kanpalekua 5.000 metrora ipini zuten, eta bigarrena, 5.900 metrora. «Ertzaren bukaerako zatia, ordea, oso arriskutsu zegoen, eta atzera egitea erabaki genuen», jakinarazi zuen Zumetak. Hala ere, 6.000 metroko beste mendi batera igo ziren. Saramason izena jarri zioten, eskerrik asko baltieraz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA