Kirol eskaladako zailtasuneko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen larunbatean Climbat Barakaldo rokodromoan (Bizkaia). Maiatzaren 10ean jokatu zen Iruñeko Bihatz rokodromoan boulderrekoa —Ines Allende eta Eneko Carretero izan ziren txapeldun—, eta orain sokakoa egingo da. Blokeko txapelketa bezala, Barakaldokoa ere Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatu dute elkarrekin, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra organoaren barruan.
Nagusien mailan, Maddi Agirre eta Luken Hernandez izan ziren txapeldun. Nagusiak eta 19 urtez azpikoak bide beretan eta batera lehiatu ziren. Agirre 2008koa da, eta, beraz, 19 urtez azpikoetan ere beretzat izan zen txapela. Ordiziarra lesionatuta egon da neguan, ezkerreko hatz bateko hezurreko edema batekin, eta «kosta» egin zaio lehiaketetara itzultzea. «Ez nuen lortzen konfiantza hartzea, eta, alde horretatik, txapelketa honek asko lagundu dit», adierazi du Agirrek. Goizeko sailkapen fasean «oso gustura» sentitu zen eskalatzen, eta horrek «konfiantza handia» eman zion. Fase horretan, Iñaki Arantzamendik, Beto Rocasolanok eta Martzel Vicariok ekipatutako hiru bide eskalatu behar izan zituzten eskalatzaileek; «hiru bide oso polit», Agirreren esanetan.
«Txapel hau berezia izango da niretzat. Are gehiago lesioa gainditu berritan, asko lagundu baitit konfiantza hartzeko»
MADDI AGIRRE Eskalatzailea
Finaleko bidea ikusi zuenean, plaka batek dituen ezaugarri ugari zituela iruditu zitzaion eskalatzaile ordiziarrari, bere ezaugarrietarako ez oso egokia. «Niri hobeto egokitzen zaizkit bide etzanak, baina, gero, eskalatzen, oso ondo sumatu nuen neure burua, eta, azkenean, ondo igo nuen finaleko bide hori». Euskal Herriko txapela, «Euskal Herri osokoa izanik, beti izango da berezia» Agirrerentzat. «Are gehiago orain, lesioa gainditu berritan, asko lagundu baitit». Udazkeneko probei begira entrenatzen eta «udan harkaitzean gozatzen» jarraitu nahi du, orain, Agirrek.
Nesketan, nagusien mailan, Irati Zabala izan zen bigarren eta Sara San Martin hirugarren, Barakaldoko Climbat rokodromoko lehian. 19 urtez azpikoetan, berriz, Sara San Martin bera izan zen bigarren eta Enara Malo hirugarren.
Mutiletan, Luken Hernandez (Arrigorriaga, Bizkaia, 1995) Euskal Mendizale Federazioko (EMF) eskaladako teknikaria beteranoetako bat zen Barakaldoko txapelketan, eta «ezustekoa» izan da beretzat txapeldun izatea. «Berez, helburua zen gazteak ikustea eta haiekin lehian aritzea. Entrenatu ere ez naiz asko entrenatu azken boladan, eta oso lasai joan nintzen, presiorik gabe. Nik uste dut hori izan zela gakoa. Gazteak, bestela, ni baino askoz indartsuago daude, baina agian tentsio hori hobeto kudeatzen jakin nuen».
«Presio eta helburu handirik gabe joan nintzen. Nik uste dut hori izan zela gakoa. Gazteak, bestela, ni baino askoz indartsuago daude, baina agian tentsio hori hobeto kudeatzen jakin nuen»
LUKEN HERNANDEZ Eskalatzailea
Hernandez harkaitzeko eskalatzailea da batez ere, eta finaleko bideak harkaitzean izaten direnen oso antzekoa zela azaldu du. «Horrek ere lagunduko zuen, seguruenera. Bidea ez zen koordinaziokoa, gaur egun txapelketetan ikusten direnen modukoa, eta, agian, horregatik, gehiago borrokatu ahal izan nintzen». EMFko teknikari den aldetik, azaldu du federazioa «ahalegin handia» egiten ari dela txapelketak eta, oro har, eskalada bultzatzeko. «Gazteak ere badatoz, erreferentziazko eskalatzaileak badira, indartsu dago jendea, eta jarraitu beharko da esfortzu hori egiten». Pena pixka bat ere badu, ordea, bere belaunaldia «txapelketatik oso aparte» geratu delako. «Zailagoa da lana eta txapelketak uztartzea, eta ulertzen dut, neurri batean. Horregatik, lehiaketetan dabilen jendea oso gaztea da. Nik haien aita ematen nuen».
Mutilen artean, nagusien mailan, Luken Hernandez txapeldunarekin batera Ander Beitia eta Andoni Ruiz igo ziren podiumera. 19 urtez azpikoetan, berriz, Ander Beitia izan zen txapeldun, Andoni Ruiz bigarren eta Haritz Urkiola hirugarren.

Gaztetxoen artean, 17 urtez azpikoetan, Elene Otermin eta Lier Perez izan ziren txapeldun. Nesketan, Sofia Hernandez eta Emma Hernandez igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren koskara. Mutiletan, Paulo Garcia eta Miguel Diaz.
Azkenik, 15 urtez azpikoetan, Haizea Ibar izan zen txapeldun, Iraide Garcia bigarren eta Izaro Zubimendi hirugarren. Mutiletan, berriz, Asier Intxaurbe izan zen txapeldun, Lur Guenetxea bigarren eta Iraultza Azkue hirugarren.
SAILKAPENAK
Nagusiak (neskak)
1. Maddi Agirre.
2. Irati Zabala.
3. Sara San Martin.
Nagusiak (mutilak)
1. Luken Hernandez.
2. Ander Beitia.
3. Andoni Ruiz.
U19 (neskak)
1. Maddi Agirre.
2. Sara San Martin.
3. Enara Malo.
U19 (mutilak)
1. Ander Beitia.
2. Andoni Ruiz.
3. Haritz Urkiola.
U17 (neskak)
1. Elene Otermin.
2. Sofia Hernandez.
3. Emma Hernandez.
U17 (mutilak)
1. Lier Perez.
2. Paulo Garcia.
3. Miguel Diaz.
U15 (neskak)
1. Haizea Ibar.
2. Iraide Garcia.
3. Izaro Zubimendi.
U15 (mutilak)
1. Asier Intxaurbe.
2. Lur Guenetxea.
3. Iraultza Azkue.