Malen Osa bueltan da, Skyrace des Matheysins proban garaipena lortuta

Korrikalari oñatiarrak atzetik aurrerako lasterketa egin du Skyrunner World Serieseko seigarren proban. Beretzat «oso garaipen garrantzitsua» dela azpimarratu du. Oihana Zubillaga zazpigarren izan da, eta Lide Urrestarazu zortzigarren.

Malen Osa Saint-Honore herrian helmugaratzen, garaile. VIVIEN WAUTHIER / SWS
Malen Osa Saint-Honore herrian helmugaratzen, garaile. VIVIEN WAUTHIER / SWS
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 3a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Malen Osa bueltan da, eta nazioartean entzute handia duen proba batean irabazita itzuli da, gainera: Skyrace des Matheysins lasterketan (25 km, 2.000 m+) garaile izan da gaur korrikalari oñatiarra, Skyrunner World Series zirkuituko seigarren proban. Hain zuzen, duela hiru aste laugarren kilometroan erretiratu beharrean izan zen zirkuitu bereko Calamorro Skyrace proban, karranpekin zituen arazoak zirela medio, eta handik pare bat egunera iragarri zuen etenaldi bat egingo zuela, «arazoaren jatorria aurkitu eta mentalki prest egon arte». Geroztik, entrenatzen jarraitu du, eta aste honetan Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartuko duela jakinarazi dute antolatzaileek. Gaur, berriz, garaipenaren poza eta konfiantzaren bidea berreskuratu ditu Osak. Zegamarako bultzada handia izan daiteke gaurkoa.

Frantziako Matheysine eskualdean egiten da Skyrace des Matheysins lasterketa. Ez da lasterketa luze-luzea kilometrotan, baina bai oso alpinoa eta bizia. Azken asteetan zalantza handiak izan dituzte antolatzaileek, goiko eremuetan pilatutako elurragatik, baina azkenean jatorrizko ibilbidea egiteko moduan izan dira, eta baldintzak oso egokiak izan dira korrikarako.

Osak lasterketa burutsua egin du, ibilbidea ondo aztertuz eta indarrak ondo kudeatuz. Lehen kilometroetan, Johanna Gelfgren suediarra joan da buruan. Sentier du Diable bidezidorraren hasieran (7,7. km), laugarren zen Osa, eta probaren erdibidean, Col du Tabor gainean (12. km), aurrena jarri da. Hortik aurrera, aurkariekin zuen aldea areagotuz joan da oñatiarra, eta pozez eta oso hunkituta helmugaratu da Saint-Honore herrian (2.49.51), ikurrina eskuetan zuela. «Garbi nuen lasai hartuko nuela eta nire lasterketa egingo nuela. Neure burua ez dut guztiz ondo sumatu igoeretan, baina kontzentratuta eutsi diot. Atzetik aurrera postuak aurreratuz joan naiz, harik eta gailurrean aurrena jarri naizen arte. Gero, tartea zabaldu ahal izan dut jaitsieran. Garaipen hau izugarri garrantzitsua da niretzat», adierazi du helmugan.

Eva Delafosse frantziarra izan da bigarren (2.52.28), eta Fabiola Conti italiarra hirugarren (2.58.36). Osaren garaipenaz gain, nabarmentzekoa izan da euskal korrikalarien lana. Hamar aurrenekoen artean beste bi lasterkari helmugaratu dira: Oihana Zubillaga (Domusa Teknik) zazpigarren izan da (3.00.50), eta Lide Urrestarazu euskal selekzioko kidea zortzigarren (3.03.39). Ainara Alkuaz hamaseigarren izan da (3.10.47), eta Leire Uribe hamazazpigarren (3.11.08).

Gizonezkoetan, Frederic Tranchand frantziarra izan da garaile, trail laburretako munduko txapelduna eta lasterketa teknikoetako nazioarteko espezialistarik handienetakoa. Hasieratik helmugara lasterketaren buruan joan da Tranchand (2.19.59). Alex Oberbacher italiarra izan da bigarren (2.24.09) eta Mattia Bertoncini (2.24.17) hirugarren, hau ere italiarra.

Euskal ordezkarien artean, Paul Ormaetxea euskal selekzioko kidea hamar aurrenekoen artean sartzear izan da. Muruetarra (Bizkaia) hamaikagarren izan da (2.30.34). Hodei Samaniego 21. helmugaratu da (2.36.11).

Skyrace des Matheysins probako sailkapen guztiak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA