MILAN-CORTINA D'AMPEZZOKO NEGUKO OLINPIAR JOKOAK

Manex Salsamendi 97. izan da estilo libreko 10 kilometroko proban

Johannes Klaebo norvegiarrak hirugarren urrea lortu du Olinpiar Joko hauetan, eta zortzigarrena bere ibilbidean. Euskal brasildarra 6.15,20 eginda helmugaratu da.

Manex Salsamendi, aurtengo Olinpiar Jokoetan, esprint proban. GABRIEL HEUSI / COB
Manex Salsamendi, aurtengo Olinpiar Jokoetan, esprint proban. GABRIEL HEUSI / COB
ramon olasagasti
2026ko otsailaren 13a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu ditu Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetako lanak Manex Salsamendi Silva iraupen eskiatzaileak (Rio Branco, Brasil, 2002). Gaur estilo libreko 10 kilometroko proban parte hartu du, erlojuaren aurka, eta 97. postuan bukatu du, Johannes Klaebo irabazlearengandik 6.15,20ra.

Salsamendik batez ere esprint proba prestatu eta landu du Neguko Olinpiar Joko hauetarako, bere ezaugarriak egokiagoak baitira distantzia laburretarako, eta esprint modalitate horretan 48. egin zuen asteartean. Jokoen aurretik emandako elkarrizketan adierazi zuen 10 kilometrokoan «ahalik eta emaitza onena lortzeko asmoz» aterako zela, baina proba horretan «zailago» ikusten zuela. Hala izan da: 113 partaide atera dira guztira, eta 97. izan da sailkapenean.

Hamar kilometroko probarekin ez da oso pozik geratu Salsamendi. «Banekien ez nuela aukera asko emaitza on bat lortzeko, baina hala ere, hobeto egin nezakeela uste dut. Bosgarren kilometrora arte ondo sentitu naiz, baina hortik aurrera oso gogorra egin zait, batez ere gihar aldetik, eta azken hiru kilometroetan asko sufritu dut».

JOHANNES HOESFLOT KLAEBO
Johannes Klaebo, Olinpiar Joko hauetan lortutako hirugarren urrearekin. FILIP SINGER / EFE

Proba bera ikusgarria izan da. Johannes Klaebo norvegiarra, faborito nagusia, zuhur abiatu da, indarrak gordez, eta hasierako erreferentzia puntuan hamalaugarren izan da, baina hortik aurrera abiadura bizitzen joan da, eta helmugan berea izan da denbora onena, berea urrea. Ikusgarria izan da Mathis Desloges frantziarraren proba ere. Norvegiarren nagusitasun erabatekoari aurre egin, eta bigarren izan da sailkapenean. Proban zehar, bazirudien Einar Hedegart norvegiar gaztea gai izan zitekeela Klaebo gainditzeko, baina azken kilometro eta erdian indarra galdu du, eta hirugarren izan da azkenean.

Milan-Cortina d’Ampezzoko Jokoetan hirugarren urrea lortu du Johannes Klaebok —aurrez Skiathloiko 10 kilometrokoan eta esprintean lortu zuen—, eta Olinpiar Jokoetan zortzigarrena du. Beraz, berdindu egin du Bjorn Daehlie Norvegiako erreferentzia eta idolo handiaren marka, baina, Milaneko Jokoak amaitzerako, gainditu ere egingo du, seguruenik.

Sailkapen guztiak Nazioarteko Eski Federazioaren webgunean ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.