Urteroko ohiturari jarraituz, Bilboko Metroko hainbat geltoki mendiko argazki ikusgarriz jantzi dira egunotan, Mendi Film jaialdiaren bezperetan. Aurten ere BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak eta Metro Bilbaok elkarlanean CVCE Photo lehiaketako argazki sarituen eta hautatuen erakusketa inauguratu dute. Horrenbestez, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak sustatzen duen mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketa entzutetsu horretako hogei obra nabarmenenak formatu handian ikus daitezke Santutxu, Eliptikoa, Santimami, Deustu eta Abandoko geltokietan. Abenduaren 15era arte egongo dira argazkiak ikusgai.
Plaza Eliptikoko geltokiko argazkietako batean, Nico Favresse eskalatzaile belgikarra ageri da, besoak gurutze, Tsaranoroko (Madagaskar) Karombony horma ikusgarriari itsatsita, hatzekin hormako zimur txikiena haztatu nahian. Jan Novak argazkilariarena da irudia, aurtengo CVCE Photo lehiaketako sari nagusia.

Aitortza nagusi horrez gain, beste zenbait sari berezi ere izaten dira. Horietako bat, hain zuzen, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren kartelerako irudia izaten da. 2026an, Lei Bao argazkilariak Txinako Guangxi eskualdeko tiankeng edo putzu sakon batean ateratako argazkia da jaialdiaren 19. ekitaldiko kartela.
EITB Saria Kevin Youngentzat izan da aurten, Zulotik ateratzen argazkiagatik. Esplorazio espeleologikoko eszena bat da, eta irudian espeleologo bat azalera igotzen ageri da Galdamesen (Bizkaia), meategi mailen arteko lotura lanaldi baten ondoren. Euskal Mendizale Federazioaren Saria Chechu Arribasek eskuratu du, Rider of Storm argazkiari esker. Irudiak mendiko ertz baten gogortasuna erakusten du hotz, laino eta haize baldintza muturrekoetan, eta ematen du protagonista zaldiz doala ekaitzaren begian. Epaimahaiaren Sari Berezia Yhabril Mororentzat izan da, White Dance lanagatik.
Metro Bilbaokoa, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren egitarauan aurkeztutako bigarren erakusketa da. Aurreko astean zabaldu zuten Itsasmuseumen Yhabril Mororen Yhabril’10 – 10 años de luz, montaña y acciĂ³n erakusketa.