Balmaseda mendi taldeak 75. urteurrena du aurten, eta ospakizunetarako, Maria Jose Cardell Pipi (1974, Granada, Espainia) eta Denis Urubko (1973, Nevinnomyssk, Errusia) gonbidatu ditu. Bi emanaldietan leporaino bete zen Klaret antzoki ederra. Urubkoren emanaldiaren ostean egina da elkarrizketa. Aurten Urrezko Pioleterako izendatuta egon dira Cardell eta Urubko, iaz Nanga Parbat mendian (8.125 m) estilo alpinoan irekitako Nezabudka bideagatik.
Urubko inoizko alpinistarik handienetako bat da: bi Urrezko Piolet irabazi ditu, hamalau zortzimilakoak igoak ditu —horietako bostetan bideak irekiz eta estilo alpinoan— eta orain Everesten zabaldu nahi du bide bat, estilo arin horretan. Euskal Herrian egona zen aurrez ere, Amurrion, Arrigorriagan eta Azpeitian, besteak beste. Balmasedako proiekzioan, Euskal Herrian «alpinismorako sentiberatasun eta kultura berezia» dagoela nabarmendu zuen. «Hemen jendearen interesa eta eskuzabaltasuna askoz handiagoa da, eta gustura etortzen naiz hona. Oso eskertuta nago», adierazi zuen, eta jendearen txalo zaparrada harrotu.
Nanga Parbateko igoeraren harira, sarri aritu zara zortzimilakoetan estilo alpinoan eginiko igoerei buruz. 50 urte bete ziren iaz Peter Habeler eta Reinhold Messnerrek Gasherbrum I estilo horretan igo zutenetik, baina geroztik hogeitaka baino ez dira izan. Zer gogoeta sortzen dizu horrek?
DENIS URUBKO: Oro har, alpinistak lehen aldiz mendi batera iristean, bide erraz eta logikoenetatik saiatzen dira hara igotzen, eta, ondoren, bide zailagoak bilatzen saiatzen dira. Helburua ez da hobea izatea, goragoko kirol erronka bat planteatzea baizik. Niretzat, horixe da estilo alpinoa: ibilbide bat irudikatzea eta hura gauzatzeko modurik garbiena bilatzea. Xake partida baten moduan planifikatu behar da dena: altuerara girotzea, taldekideak aukeratzea, logistika zehaztea. Abentura zirraragarria da, eta, finean, artea bihurtzen da. Amaieran, bidea zabaltzea lortuz gero, jendaurrean aurkezten dut, artea baita, eta artista batentzat atsegina baita jendearen aitortza jasotzea: «igoera bikaina, estilo ona, bide interesgarria...». Opari emozional zoragarria da. Baina bai, oro har, gutxi dira zortzimilakoetan estilo alpinoan eginiko igoerak.
Altueraz apalagoak diren mendietan, 6.000 eta 7.000 metrokoetan, ugariagoak dira estilo arin horretan eginiko igoerak. Alde handia dago horietatik 8.000 metroko mendietara?
URUBKO: Mila metro horiek, egiaz, amildegi hutsa dira. Altuerak sortzen duen oxigeno eskasia da gakoa. Altuera horietan oso zaila da arnastea eta jarduera bat egitea. Alderdi fisikoa funtsezkoa da, baita gizatasunari eustea ere, ia animalienak liratekeen jokabide irrazionaletara lerratu gabe eustea, alegia. Garrantzitsua da elkarri laguntzea, ametsari tinko heltzea, taldekideen arteko harreman onari eustea. 8.000 metrotik gora jarduera zail bat egiteko eta bizirik irauteko, oso sasoiko egon behar duzu. Zortzimilakoetan ere aldeak daude, txikienetatik handienetara. Everest, altuena, aparteko mundu bat da besteen aldean. Nolanahi ere, zortzimilakoena karga sinboliko handiko marra da gure iruditerian. Sistema metrikoari jarraitzen diogunon apeta. Gasherbrum IV, adibidez, 7.925 metroko mendia da, heriotzaren eremua deritzon marra hori igurzten duen mendia, baina ez da 8.000 metrora iristen. Gauza bera gertatzen da Gyachung Kang mendiarekin, baina biak dira mendi ederrak.
Hala ere, ez da marketin kontua soilik, niretzat 8.000 metroko marra hori sinbolikoa da: muturreko maila iristeko aukera ematen dit altuera horrek, eta hori ez dago edonoren esku. Esklusibotasun hori, niretzat, funtsezkoa da. Ez da hobea edo okerragoa naizela; desberdina naiz besteen aldea. Besterik gabe, nire lana da. Agian gehiago prestatzen naiz, entrenamendu desberdinak egiten ditut, badakit nola egin. Agian horregatik ohiko alpinismoa esaten zaion horretatik kanpo nago. Noski, harkaitzean ez naiz Adam Ondra bezain ona. Goi mendian eskalatzaile asko dabil, baina 8.000 metroko marra horretatik gora, gutxi dira exijentzia handiko mailan mugitzeko gai. Ni kirolaria naiz, anbiziotsua naiz, eta, alde horretatik, besteek baino hobeto egiten saiatzen naiz.
Zer iritzi duzue zortzimilakoetako gaur egungo panoramaz?
URUBKO: Aldaketa handia izan da azken urteotan. Zortzimilakoak jendearentzat motibagarri izan daitezke naturara ateratzeko, abenturak bizitzeko, gailur ederrak begiesteko... Baina zintzoa izan behar da. Gaur egun, zortzimilakoak askoz eskuragarriagoak dira: aski da ordaintzea. Jendea etxera itzultzen da esanez Everestera igo dela, eta heroitzat hartzen dute, baina agian behe-behetik oxigeno maskara jantzita igo da, soka finkoei lotuta eta une oro xerpa bat ondoan duela. Alpinismo komertziala da hori. Ni ez nago horren kontra, baina zintzoa izan behar da, eta gauzak diren bezala esan.
Mendi horiek, gainera, diru iturri garrantzitsua dira Nepalen, eta herrialdearen garapenerako onuragarri dira. Baina, marketinarekin loturiko guztian bezala, badira alderdi negatiboak ere. Adibidez, globalizazioa edo komertzializazio basatia. Gaur egun, Everestek, eredu erabat komertzialaren mende funtzionatzen du. Eta bide bat zabaldu nahi dugunok ere espedizio komertzialen arau berei jarraitu behar diegu: baimen bat ordaindu, 20.000 euro inguru, zerbitzuak ordaindu, izotz jauziko mugak errespetatu.... Uste dut gobernuek ez dutela sektore hau modu egokian kudeatzen. Adibidez, Everesten estilo alpinoan bide bat zabaldu nahi duenak ez luke baimen hori ordaindu behar. Artetik edo esplorazio purutik hurbilago dauden jarduerak egin nahi ditugunok salbuetsita egon beharko genuke ordainketa horietatik.
PIPI CARDELL: Ekologiari dagokionez ere, mendian hainbeste jende egoteak arazo larriak sortzen ditu, eta presio handia eragiten du naturan. Everesteko izotz jauzia burdinaz, sokaz eta zaborrez beterik dago, ertzak ere berdin, batez ere hego isurian. Batzuk saiatzen dira jasotzen, baina elurte etengabeek estali egiten dute dena, eta ezinezkoa da zabor horiek biltzea. Arazo larria da.
«Gehien maite duzunarekin alpinismoarekiko pasioa eta horrelako jarduera bat konpartitzea zerbait intimoa da, oso sentipen sakona»
DENIS URUBKO Alpinista
Hainbat bide zabaldu dituzue estilo alpinoan elkarrekin: Chapaev mendian 2017an, Ushba mendian 2018an.... Nolakoa izan da sokakide moduan elkarrengana egokitzeko prozesua?
CARDELL: Niretzat, Denisekin eskalatzea pribilegioa da. Beti esan dut elkarrekin zabaldutako bideak nekez egingo nituela neure kabuz, bera ondoan izan ez banu. Pribilegioa izateak ez du esan nahi, ordea, Denisekin eskalatzea erraza denik. Ez du esan nahi dena egina dagoenik, edo ni sorbaldan eramaten nauenik. Inoiz kargu hartu izan dit, azken batean, bion segurtasuna guztiaren gainetik dagoelako. Denis maila estratosferikoan mugitzen da, eta ni saiatzen naiz maila horretara egokitzen, eta bera ere bai nirera egokitzen. Bakarrik doanean edo nirekin doanean ez doa abiadura berean. Beti gertatzen da: soka bat osatzean, beti dago norbait indartsuagoa edo trebezia tekniko handiagokoa. Horregatik, saiatu gara soka gisa prestatzen. Aipatutako espedizio horiek guztiak funtsezkoak izan dira Nanga Parbateko bidea eraikitzeko. Mendian, gure bizitza sokakidearen esku dago askotan. Beraz, Denisek proiekzioan behin eta berriro esan duen moduan, erotuta egon arren, ez da ergela, eta ez da halako mailako jardueretarako fisikoki eta buruz prestatuta ez dagoen norbaitekin soka berera lotuko. Niretzat, esperientzia zaila izan da, ahalegin titanikoa egin behar izan dut Denisen kide izateko, baina uste dut soka ona osatu dugula azkenean. Nik ez dut inoiz haren parera iristeko helburua izan, baina nire %200 eman behar izan dut une oro.

Nanga Parbatekoaren aurretik, beste lau igoera zenituen 8.000 metroko mendietan estilo alpinoan. Bikotekidearekin izateak bereziago egin zuen Nanga Parbatekoa?
URUBKO: Bai, lagunekin igo izan naiz bide berriak zabalduz eta estilo alpinoan, eta bakarrik ere bai; orain, emaztearekin, gehien maite dudan pertsonarekin igo izanak bestelako dimentsioa eman dio igoerari. Lagunekin egindako igoeren aldean oso bestelakoa izan da. Adiskidetasunaz haragoko zerbait. Sentimendua zera da... nola adierazi ondo, gizon moduan... Babesa? Ez zait askorik gustatzen hitza, baina horixe da sentitzen dudana. Zerbait intimoa, oso sentipen sakona. Gizon naizen aldetik, gehien maite duzunarekin alpinismoarekiko pasioa eta horrelako jarduera bat konpartitzea oso bestelako sentimendua da. Nanga Parbaten Mariarekin eginiko igoerak gure zibilizazioaren sorburura eraman nau, naturara, erlazioak puruagoak ziren garaietara, gaur egungo zibilizazioaren artifiziorik gabe. Nanga Parbaten, Adam eta Eva ginen, paradisuan: oso sinplea zen dena, gizonezko bat eta emakumezko bat, gizateriaren hastapenetan. Nanga Parbatekoa maila handiko jarduera izan zen, muturreko baldintzetan eta alpinoan; ia biluzik geunden mendiaren aurrean. Nanga Parbateko igoeraren ondoren, jabetu naiz dena eman diodala alpinismoari, eta gogoko dut etapa edo ziklo bat itxi izana: dena bizi izan dut jada; bete dut amesten nuen guztia.
Zuk zer diozu, Pipi?
CARDELL: Noski, askoz intentsitate handiagokoak dira bizipenak. Mendiko eremu zailetan, muturreko edo tentsio handiko egoeretan, sokakide gara, bat gara, eta horretan gaude buru-belarri. Hala ere, zenbaitetan, Nanga Parbateko bibaketako batean gertatu zen moduan, hondoratu egin zaitezke, muga-mugako egoerak direlako, eta halakoetan, sokakideaz gain bikotekidea ondoan izatea, kezkarik gabe negar egitea, hari zure beldurrak azaleratzea, garbi izatea ulertuko zaituela eta ez duela ahulezia gisa joko, eta jakitea horrek igoeraren bilakaeran ez duela eragingo, hori ere oso garrantzitsua da. Mendian, gainera, une guztiak ez dira muturrekoak izaten, eta tarte horietako maitasunak indar handia ematen du. Eta energia horrek, garai kritikoetan, aurrera egiteko bultzada ematen dizu.
«Niretzat, esperientzia zaila izan da, ahalegin titanikoa egin behar izan dut Denisen kide izateko, baina uste dut soka ona osatu dugula azkenean»
PIPI CARDELL Alpinista
Proiekzioan aipatu duzu Everest estilo alpinoan eta beste bide batetik igotzea dela zure erronka.
URUBKO: Hori da. Everest ez da inoiz igo bide berri batetik eta estilo alpinoan. Everesten altuerak muturreko bihurtzen du proiektua, eta urrats asko eman behar ditut aurrez, prestatzeko. Broad Peakera negu honetan egingo dudan espedizioa izango da horietako bat. Urtebete egin dut Andaluzia aldean harkaitzean eskalatzen, eguzki beroan, tximinoen antzera. Orain, gorputza muturreko baldintzetara egokitzeko eta zaldi baten antzera prestatzeko garaia da. Everesteko igoerari ekin aurretik, Changtse mendian (7.543 m) girotuko naiz altuerara, eta mendi horretan lagun izango dut Maria Jose. Eta bera anbiziotsua denez, esan zidan: «Zergatik ez dugu beste bide bat irekitzen Changtsen?». Zergatik ez.
Erabakia duzu mendiaren zer aurpegitatik saiatuko zaren bide hori zabaltzen?
URUBKO: Funtsean, bi aukera ari naiz aztertzen. Kirolari naizen aldetik, prest egon behar dut, aukera sortzen denean, bata edo bestea gauzatzeko. Tibeteko isurialdean, Txinako gobernuak ezarritako arazoak daude, auzi politikoak eta zenbaitetan komertzialak. Ondorioz, Everest, edo Chomolungma —nik nahiago dut horrela deitu— itxi ere egin izan dute. Chomolungmak leku sakratua izan beharko luke, ukiezina; alabaina, duela urte batzuk, mendizale batzuek su artifizialak jaurti zituzten glaziarraren gainean. Horrek inpaktu ekologiko larria eragin zuen, eta Txinak itxi egin zuen mendiaren Tibeteko sarbidea. Nepalen ere badira arazoak. Masifikazioaren ondorioz, ezin da nahieran mugitu izotz jauzian, eta espedizio komertzialek arau murriztaile zorrotzak dauzkate ezarrita: kanpaleku nagusiko leku jakin batean jartzera behartzen zaituzte, Hego Leporaino soka finkoak jarrita egon arte zain egon behar da... Horrek kezka sortzen dit. Hego isurikoa egoera kriminala iruditzen zait. Beraz, badakit badela aukera bat iparraldetik, eta hegoaldetik ere badakit nondik jo. Ea nola doazen gauzak; baldintza batzuk ez daude nire esku.
«[komunikaziorako bitartekorik ez eramateaz] Istripuren bat izan eta laguntza eskatuko bagenu, arriskua hartzera behartuko genituzke beste batzuk, leku zailetan sartzera, eta ez dugu beste inor arriskuan jarri nahi»
DENIS URUBKO Alpinista
Zuk, Denis, mendian hainbat erreskatetan parte hartu izan duzu, Iñaki Otxoa de Olzaren salbamenduan, adibidez, eta liburu bat idatzi duzu horri buruz. Zuek biok, ordea, Nanga Parbaten, ez zenuten inolako komunikazio tresnarik eraman, zerbait gertatuz gero ez zenutelako nahi inork bere bizitza arriskatzerik zuek salbatzeko.
CARDELL: Denisek eta biok nahiago dugu gure prestakuntza zorroztu, batak bestea erreskatatzeko gertu egoteko. Guk geure kabuz erabaki dugu horrelako bide zailetan barneratzea, arriskuak onartuz, baina ez dugu beste inor arriskuan jarri nahi, batez ere halako bideetarako prest ez badaude.
URUBKO: Mariak ondo azaldu zuen bere aurkezpenean: geurekoikeria modu bat da agian; alpinismo mota hau egitea gustatzen zaigu. Ez dugu beste inor arriskuan jarri nahi. Istripuren bat izan eta laguntza eskatuko bagenu, arriskua hartzera behartuko genituzke beste batzuk, leku zailetan sartzera. Edo helikoptero gidariek ere askotxo arriskatu beharko lukete. Ama Dablameko igoera batean, adibidez, bi lagunek, nagikeriagatik edo ezinagatik, ez jarraitzea erabaki zuten, eta helikopteroari deitu zioten, blokeatuta zeudela esanda. Helikopteroak mendizaleetako bat hartu zuen, baina istripua izan zuen, eta hirurak hil ziren: gidaria, ondokoa eta mendizalea bera. Istripu hark ez zukeen gertatu beharko.
Ulergarria izan daiteke, baina zuek igo izan zarete besteak erreskatatzera. Nanga Parbateko espedizio berean, adibidez, txekiar batzuei laguntzera igo zineten.
CARDELL: Bai, kontziente garelako prest egon gaitezkeela erreskate horiek egiteko. Denisek askotan esan izan du: «Zergatik joaten naiz ni beti, edo ia beti?». Besteak ez daudelako hain prestatuak, ez dutelako horrelako erreskate baterako behar den prestakuntza tekniko edo fisikorik. Berak, aldiz, badu. Nanga Parbateko horretan, txekiarrei laguntzera igo ginen, ahituta zeuden, izozketa sintomak zituzten, baina azkenean gai izan ziren beren kabuz jaisteko.
«Mendiko eremu zailetan, muturreko edo tentsio handiko egoeretan, sokakide gara, bat gara, eta horretan gaude buru-belarri»
PIPI CARDELL Alpinista
Wanda Rutkiewicz, Chantal Mauduit, Nives Meroi, Gerlinde Kalterbrunner, Edurne Pasaban... lehen ere izan dira emakumeak Himalaiako mendi handietan, baina gutxi gizonezkoen aldean. Zortzimilakoetan, estilo alpinoko lehen igoeratik 50 urte bete direnean etorri da emakumezkoen aurrenekoa. Zer gogoeta sortzen dizu horrek?
CARDELL: Zortzimilakoetan izan diren emakumeak erraldoiak izan dira. Duela gutxira arte, ez da erraza izan emakumeek mendi handietan izan duten ibilbideari aitortza egitea. Egia da, hala ere, alpinismo teknikoan, eskaladan, emakumezko gehiago dabilela zortzimilakoetan baino. Emakumeak beste emakume batzuekin eskalatzen eta jarduera distiratsuak egiten. Hori zortzimilakoetan gutxiago ikusten da. Baina altueraz mendi apalagoak izanik, ez zaie hainbesteko aitortzarik egiten. Alpinismo teknikoan dabiltzan emakume asko ezezagunak dira publiko zabalarentzat, besterik gabe, zortzimilakoetan ez dabiltzalako, baina alpinista ikaragarriak dira.
Everesteko proiektua elkarrekin egiteko asmoa duzue?
CARDELL: Ez, ez. Everest estilo alpinoan eta bide berri batetik, hori beste upel bateko sagardoa da. Altuera handia, zailtasun handia; horretarako Denisen esperientzia, prestakuntza eta gaitasuna behar da.
URUBKO: Elkarrekin egiteko proiektuez ari garela, Gasherbrum IVa aipatu dugu lehen, eta gure ideia eroetako bat hori da: mendi horretan bideren bat zabaltzea. Zerbait abstraktua da oraindik, baina hortxe dago ideia.
CARDELL: Mendi puska da: kanpaleku nagusitik gailurrera ia 4.000 metroko igoera, The Shining Wall edo Horma Distiratsuan zehar. Hortxe dago, egunen batean, agian...