Mayi Mujika (Legazpi, Gipuzkoa, 1988) mendi lasterketetan eta bereziki ultra distantzian aritu izan da batez ere. Hainbat urtez mendi lasterketetako euskal selekzioko kide izan da, eta sona handiko lasterketak irabazi ditu: Madeira Sky Race, Goierriko Bi Handiak eta Euskal Herria Mendi Erronka, adibidez. Baina, aldi berean, kirolari osoa da, eta urtean zehar raid modalitatean, mendi duatloiko lasterketetan eta orientazio probetan ere lehiatzen da. Hala ibili da azken hilabeteetan, eta bide horretan segitu nahi du.
Hala ere, Mujikarentzat uda hasiera ez zen ona izan. Ekain amaieran Lyme gaitza harrapatu zuen: «Raid batean parte hartu nuen Aran ibarrean, Lleidan, eta gau batean mendian lo egitea egokitu zitzaigun. Hurrengo goizean 30 akain kendu nituen gorputzetik. Aurretik abisatu ziguten bazegoela arrisku hori, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Etxera itzuli nintzenean, bikotekideak besteren bat kendu zidan. Ez nion garrantzi handirik eman».
Baina handik hamabost egunera, lagunekin kanpin batean zegoela, sukarrarekin esnatu zen. «Bost egunez sukar oso altua izan eta gero, medikuarengana joatea erabaki nuen. Nik jada ahaztuta neukan akainen kontua, baina amak gogorarazi zidan Aran ibarrean nola ibili nintzen, eta esan zidan agian horregatik nuela sukarra. Probak egin nituen, eta denek negatibo eman zuten. Baina sintomak ikusita, Lyme gaitza nuela ematen zuen. Medikuak orduantxe bertan eman zidan antibiotikoa, eta hantxe hasi nuen tratamendua», oroitu du Mujikak.
Handik astebetera asko gutxitu zitzaion infekzioa. Medikuak harritu egin ziren. «Arraroa zen halako infekzio bat izanda hain ondo egotea. Hainbat proba egin zizkidaten, eta handik hiru astera infekzioen plantan sartzea erabaki zuten. Izan ere, hobera egin arren, sukarra ez zen erabat jaisten». Ez du berehalakoan ahaztuko ospitalera joan behar izan zuen egun hura. «Ehunmiliak proban parte hartzekoa nintzen, baina lasterketa hastekoa zen ordu berean eraman ninduten ospitalean. Abuztuan hasi nintzen gorputzari buelta ematen, pixkanaka».
«Ehunmiliak proban parte hartzekoa nintzen, baina lasterketa hastekoa zen ordu berean eraman ninduten ospitalera. Abuztuan hasi nintzen gorputzari buelta ematen»
Oporrak igaro eta gero, berriro ere sasoia hartzeko asmoz, non lehiatu zitekeen begira hasi zen. Lasterketa hau hautatu zuen itzultzeko: Hirutxikiak traila, Ermuan (Bizkaia.). 42 kilometroko lasterketa da, 2.100 metroko desnibel positiboarekin. «Bezperan berriro ere sukar pixka bat izan nuen, eta egunean bertan hotzikarekin ibili nintzen. Ibilbidearen erdian lasterketa utzi behar izan nuen». Arantza ateratzeko asmoarekin, Hiru Handiak lasterketan (101 kilometro, +10.600 metro) parte hartzen saiatu zen, baina ez zuen dortsalik lortzeko aukerarik izan. Etsipenak gain hartu aurretik, halere, Asturiasen jokatzen den etapetako lasterketa batean eman zuen izena. «Gustura aritu nintzen, eta sentsazio onak izan nituen».
Mendi duatloietara buelta
Handik gutxira Axier Alonsoren deia jaso zuen. Laguna du, eta zera aipatu zion, Kanpezun, Araban, Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko proba bat jokatzekoa zela, Euskal Herriko mendi duatloiko txapelketa, hain zuzen: «Dortsala jantzita aukera paregabea zen zerbait egiteko. Jada ahaztuta neukan zer zen mendi duatloietan parte hartzea! Ez zen denboraldiko helburuetako bat, baina ilusioa egiten zidan berriro ere EHMDZ zirkuituko proba bat jokatzeak». Gozatu egin nahi zuen dortsala jantzita, lehiatu. «Gustura aritu nintzen. Sei kilometro eta gutxi ziren hasieran korrika, eta niretzako ez da distantzia aproposa. Nik lasterketa luzeak ditut gogoko. Hala ere, lehen postuan jarri nintzen lehen zatian. Bizikletan beste tarte pixka bat atera nuen, eta azken korrika saioan aldea handitu nuen. Oso gustura amaitu nuen». Euskal Herriko mendi duatloiko txapela jantzi zuen Mujikak Kanpezuko proban.

Mujika lehiatu izan da aurrez ere Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan. 2019. urtean txapeldun izan zen. Baina ordutik proba bakar batean lehiatu zen. Garai hura ekarri du gogora: «Oraingoa desberdina da. Orduan proba askotan hartu nuen parte, eta lehia ere askoz estuagoa izaten zen. Aurten, aldiz, bi proba besterik ez ditut jokatu, aipatutako Kanpezukoa, eta Ibarrakoa. Bi proba horiek jokatuta, amaitu dut mendi duatloien denboraldia».
Sasoia antolatzerakoan Mujikak argi izan ohi ditu gauzak. «Non gogoa, han zangoa», dio esaerak. Bada, horixe egiten du. Lasterketa luzeak gustuko dituenez, ultra distantziakoei erreparatzen die, egutegia osatzeko garaian. Aurtengorako bi helburu nagusi zituen: ekaineko raida eta Ehunmiliak ultra lasterketa. «Lehen mugarria oporrak hasi artekoa izaten da, alegia, abuztura artekoa. Ondoren, gogoaren arabera ibiltzen naiz. Aurtengorako, hauek ziren lehen helburuak: Cangas Mountain, Tenerifeko ultra, Domusa Teknik ultra, Zegama-Aizkorri, Aran ibarreko raida, eta Ehunmiliak. Zaila izaten da urte guztia antolatzea».
Denboraldia aurrera joan ahala lasterketa luzeagoak korritzea erabaki zuen: «Pare bat probatan karranpekin ibili nintzen besoetan, makilak erabili nituelako. Baina ez zen beste munduko ezer izan. Gutxinaka gorputza egokituz joan nintzen, eta raida ere ondo etorriko zitzaidan Ehunmiliak probari begira. Bertan ere gau osoa pasatu behar nuen lehian. Azkenean korritu gabe gelditu nintzen, Lyme gaitza zela eta».

Raidaz zer oroitzapen duen galdetuta, irribarre egin du. «24 orduko lasterketa zen hura ere, baina azken orduko aldaketa batzuk zirela medio,18 ordura murriztu zuten. Proba irabaztea lortu genuen». Lortutako emaitza kontutan hartuta, taldekideek proposamen bat egin diote datorren denboraldiari begira: hiru probatan parte hartzea: «Ezetz esan diet, egun asko libratu behar ditudalako. Gainera, uda aurretik horrelako bi proba jokatzen baditut, ez nuke denborarik izango ultra distantziako lasterketak korritzeko. Domusa Teknik taldearekin ere konpromisoa daukat, eta ez nintzateke denera iritsiko».
«[2026an] Chamonixera joateko asmoa daukat, OCC proban lehiatzera. Uztailean, Aneto-Posetseko itzuliaren lasterketan aritzea gustatuko litzaidake»
2021eko abenduan mendi lasterketetako euskal selekzioa osatzen zuten hamazazpi korrikalarien artean zen Mujika. Urtean zehar zuzendaritza berriarekin hainbat desadostasun izan eta gero, euskal selekzioarekin lehiatzeari uko egin zioten orduko korrikalari guztiek. Mujikak oso gertutik bizi izan zuen gertakari hura. «Nire errendimenduan ez zuen eragin handirik izan orduan gertatu zenak. Haserrea eragin zidan! Munduko Kopan lehiatzeari utzi behar izan nion». Erabakia hartu ondoren korrikalarietako batzuek iritzia aldatu zuten arren, Mujikak bere horretan jarraitu zuen. Gaiaz galdetzean, argi hitz egiten du. «Geroztik ere askotan jaso dut selekziora itzultzeko deia, baina nik argi izan dut beti: gaur egungo zuzendaritzak jarraitzen duen bitartean, uko egingo diot. Gaur egun hartzen ari diren erabaki batzuk ere ez dira errazak ulertzen».
Selekzioa utzi arren, lehiatzeko gogoz ibili da Mujika, eta azken lau urteetan ere emaitza onak lortu ditu jokatu dituen lasterketa askotan, bereziki ultra distantzian. Horretan aritzen da gusturen. «Nire onena distantzia luzean ematen dut». Denboraldia amaitu berritan, etorkizuneko erronkei buruz zera esan du. «Ez naiz ezertan pentsatzen jartzen denboraldia amaitu baino lehenago. Gaur-gaurkoz, Chamonixera joateko asmoa daukat, OCC proban lehiatzera. Tenerifen jokatu nuen lasterketa batean lortu nuen gonbita, eta bertan egoteko gogoa daukat. Domusa Teknik taldekoekin joan naiz aurten, eta bertako giroa ezagutzeko aukera izan dut datorren urtera begira. Uztailean, Aneto-Posetseko itzuliaren lasterketan aritzea gustatuko litzaidake. Iaz ere jokatzeko asmoa neukan, baina konturatzerako dortsalak amaitu ziren. Halere, denbora hartu nahi dut denboraldia ondo antolatzeko».
MOTZEAN
Mendian egin duzun lagunik onena?
Selekzioan aritu ginen lagunak.Lasterketa bat?
Goierriko Bi Handiak.
Egiteko duzun bat?
Kima saria [Alpeak, Italia, 52 kilometro, +4.200 metro].Mendi lasterketetako talde bat osatzeko lau kide?
Nahia Quincoces, Hassan Ait Xau, Laida Elizegi eta Axier Alonso.
Beste kirol bat?
Bizikleta.Beste kirolari bat?
Laia Sanz motor gidaria.Musika talde bat?
La Polla Records.Abesti bat?
La locura (Parabellum).