Pedro Udaondo: kalamuzko soketatik katu-oinetara, bizitza oso bat mendiari emana

Eskalatzaile aitzindariari buruzko liburu bat ondu du Isidoro Rodriguez Cubillas lagunak, besteak beste haren seme-alaben eta sokalagun ahotsak bilduta. Ia seiehun igoera egin zituen Europako mendietan, Naranjoko eta Peña Santako neguko lehenak tartean.

Pedro Udaondo eskalatzailea Naranjo de Bulnes mendiko `Cepeda` bidean
Pedro Udaondo, Naranjo de Bulnes mendian, berak sortutako 'Cepeda' bidean. P. UDAONDOREN BILDUMA
ramon olasagasti
2026ko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendian ez zegoenean ere mendian zuen burua, hurrengo igoeran, beti motxila gertu, sokak eta burdineria guztia prest. «Burdinezkoa zen, ez zen nekatzen, eta gaztetako ilusio bera zuen 70 urtetik gora zituenean ere», nabarmendu izan dute haren sokalagunek beti. Ezinbestean, Pedro Udaondok (Bilbo, 1934 – Europako mendiak, 2007) mendian eman zuen azken urratsa ere, 2007ko martxoaren 17an. Europako mendietan, Txutxi Ubieta lagun mina eta biak Peña Santa de Enol mendirantz zihoazela, elur gogorrean irrist egin eta erorita.

Kranpoiak jantzita hil zela, azken hatsa hain maiteak zituen Europako mendietan eman zuela esatea lore jokotan aritzea litzateke, hutsunea samurtzeko ahalegin etsia. Baina azken arnasa ez, bizitza oso-osokoa hartu zuen mendian Pedro Udaondok; mendiak ematen zizkion arnasa, zoriona eta bizipoza. Zaletasun hutsetik harago, 14 urte zituela mendian hasi eta 73 urte betetzear zela hil zen arte, 60 urte luzez bizi izan zen mendiari emana. Eta orain, Isidoro Rodriguez Cubillas lagun minak (Villibañe, Leon, Espainia, 1951) liburu batean arnasberritu du Pedro Udaondo eta haren ibilbidea, eta sokalagun askoren eta haren seme-alaben ahotsak eta idatziak bildu ditu, gainera, liburura. Desnivel argitaletxeak eman du argitara. Izenburuak dio dena: Puro alpinismo.

Pedro Udaondo Atxarten eskalatzen
Udaondo Atxarten eskalatzen, estribuekin. P. UDAONDOREN BILDUMA

«Pedrok magnetismo berezia zuen, guztiok ez daukagun zerbait zuen, erakarri eta bere ingurura biltzen zintuen», adierazi du Rodriguez Cubillasek, liburuaren egileak. 1992an ezagutu zuen Cubillasek Udaondo, baina, belaunaldi bat gazteagokoa izanik, ezagutu baino askoz lehenagotik zuen haren entzutea. «Nire gaztetako heroietako bat zen». Izan ere, ordurako Udaondok egina zuen Naranjoko neguko lehen igoera Angel Landarekin batera, zabalduak zituen hainbat bide Naranjon bertan —Cepeda klasikoa, esaterako—, Peña Santa de Castillan —Torre del Pajaro Negro, besteak beste— eta beste hainbat menditan, eta eginak zituen punta-puntako igoerak Pirinioetan eta Alpeetan... Ordurako Udaondo bazen nor.

«Mendian anbiziotsua zen, eta, alpinista gisa, bere garaitik kanpokoa»

ISIDORO RODRIGUEZ CUBILLAS Eskalatzailea eta liburuaren egilea

Cubillasek oso gogoan du «heroia» hezur-haragizko bihurtu eta elkar ezagutu zuten eguna. Europako mendietan izan zen, non bestela. «1992an, Peña Santako lehen igoeraren mendeurrena bete zen, eta nostalgiko batzuk hori gogoratzera joan ginen. Bide desberdinetatik eskalatu genuen, elkarren berririk izan gabe. Gailurretik gertu, hego aurpegitik zetozenekin topo egin genuen, eta haietako bat nor izango eta Pedro Udaondo. Ordutik aurrera, maizago elkartzen hasi ginen, eta oso lagunak egin ginen».

Gerraosteko urte zailetatik zetorren Pedro Udaondo, larre motzeko sasoietatik, Europako mendietara iristeko aurrena Unqueraraino trenez joan, gero lineako autoz, eta gero oinezko bide luzea egin behar zen garaietatik. Kalamuzkoak ziren orduan sokak, iltzeak eta estribuak erabiltzen ziren hormetan, eta bota astunekin eskalatzen zen. Udaondo gazterik hasi zen Firestone enpresan lanean, eta lanak utzitako tarteetan joaten zen mendira. «Orduan ez zegoen gaurko eguraldi iragarpenik, eta, hala ere, ahal zuen guztietan egun batzuk ateratzen zen, eta gehienetan lortzen zuen eskaladako bideren bat egitea. Alde horretatik, anbiziotsua zen. Eta alpinista moduan, bere garaitik kanpokoa».

«Maitatua eta miretsia»

1961. urtean, Felix Mendezek, Espainiako Goi-mendi Eskolako Zuzendariak, Europaz kanpoko Espainiako lehen espedizioa antolatu zuen Andeetara, eta bateko eta besteko punta-puntako mendizaleak hautatu zituen talderako. Udaondo tartean. Lanean, ordea, ez zioten hiru hilabeterako baimenik eman. Udaondo, ordea, ez zen banu, balego eta balitz ibili zalea. 1961eko uda hartan bertan, bere Montesa motorra hartu, eta Alpeetara jo zuten Angel Landak eta biek. Eta Petit Druko Bonatti Pilarea eskalatu zuten, garai hartan harkaitzezko biderik zailena Alpeetan. Sokaldi hura bikaina izan zen, baina baita Udaondok eta Landak elkarrekin egin zuten azkena ere: Drukora igotzeko saio hartan izan zituzten desadostasunen ondorioz, handik aurrera nork bere bidea hartu zuen.

Pedro Udaondo eta Angel Landa sokada
Pedro Udaondo eta Angel Landaren sokaldi historikoa. Druko Bonatti Pilarea eskalatu ondoren, nork bere bidea hartu zuen. P. UDAONDOREN BILDUMA

Udaondok jakin zuen bere pasioa hiru seme-alabei transmititzen. Nestor seme zaharrenak eta Ainara alaba gazteenak, batez ere, asko eskalatu zuten aitarekin, baita Ibon Idigoras suhiak ere. Hala esan du liburuan Ainara Udaondok: «Pixkanaka, mundu hura aitarekin partekatzen hasteko aukera izan nuen, eta, nire ume begietatik, magikoa iruditzen zitzaidan. Harriturik, ohartu nintzen aita, aita ez ezik, Pedro Udaondo ere bazela, alpinismoko erreferentzia bat askorentzat. [...] Aita piztu egiten zen mendian. Etxean sentitzen zen. Eta nik gozatu egiten nuen eraldaketa horrekin. Gainera, ederra zen ikustea zenbat maite zuten joaten ginen lekuetan. Alaba batentzat, opari handia da aita maitatua eta miretsia dela sentitzea. Aita halaxe zen eskaladaren munduan».

«Iman moduko bat zuen Pedrok. Pasio handia zeukan mendirako, eta besteak ere bere mundu horretara erakartzea lortzen zuen pasio horrekin»

IBON IDIGORAS Pedro Udaondoren suhia eta eskalatzailea

Ibon Idigoras suhia (Bilbo, 1963) mendizalea zen lehendik, baina aitaginarrebaren eskutik hasi zen eskalatzen. «Iman moduko bat zuen Pedrok. Pasio handia zeukan mendirako, eta besteak ere bere mundu horretara erakartzea lortzen zuen pasio horrekin. Alpinismoan, nire lorpen guztiak harekin eta hari esker egin ditut, eta jende zoragarria ezagutu dut mendian».

Pedro Udaondo Ainara alabarekin Naranjo de Bulnes gailurrean
Ainara alabarekin, Naranjo de Bulnes gailurrean. P. UDAONDOREN BILDUMA

Aitaginarrebarekin mendian igarotako momentuak oroitzapen onenen gordailuan dauzka Idigorasek: «Peña Santara bidean, beheko larreetan egiten genituen bibakak, adibidez. Gero, goizean goiz jaiki eta urdailean inurri horiek sentitzea: emozioa, beldur pittin bat...». Une zailak ere bai, Alpeetako Aiguille de Bionnassay mendiaren ertzean igarotako hura, adibidez. «Pedro, Txutxi Ubieta ohiko sokalaguna eta hirurok ginen. Gaua gainera etorri zitzaigun ertzean ginela, eta hala esan zigun Pedrok: ‘Bueno, badakizue hau nola den, ezta? Inor alde batera jausten bada, besteak beste aldera bota behar du bere burua’. Estu ibili ginen. Halako pasarteek asko estutzen dute harremana eta adiskidetasuna», azpimarratu du Idigorasek. Huraxe izan zen Pedroren azken laumilakoa.

Kalamu sokatik katu-oinetarako ibilbide osoa egin zuen Udaondok 60 urtetan, eta, bide horretan, belaunaldikideekin eta eskalatzaile gazteekin ere harreman berezia izan zuen. Ez zuen zalantzarik izan, adibidez, 1990eko hamarkadan, Atxarteko harrobiak geldiarazteko protestetan gazteekin batera Labargorriko horman eskegitako hamakan txandak egiteko. Gazte haien artean zen Willy Bañales (Zierbena, 1966), Udaondoren azken hamabost urteetan ohiko sokalaguna izandakoa. «Ni hasi nintzenerako, ibilbide luze eta sendoko eskalatzailea zen Pedro, erreferentzia bat. Atxarten ezagutu nuen, baina Peña Santa de Castillan eskalatu nuen harekin lehenbizikoz: Manantial de la Noche bidea egin genuen. Bezperan beste bide bat eskalatua zen horma berean, baina ez zen nekatzen».

Pedro Udaondo eta Isidoro Rodriguez Cubillas
Udaondo eta Isidoro Rodriguez Cubillas, liburuaren egilea. P. UDAONDOREN BILDUMA

Hortik aurrera, askotan joan ziren Bañales eta Udaondo elkarrekin eskalatzera. «Ni oso gustura ibiltzen nintzen Pedrorekin, batez ere Europako mendietan. Beti ikasten nuen zerbait. Zirrikitu guztiak ezagutzen zituen: ‘Han iturri bat dago, hemen bibak bat egin genuen bide hura zabaldu genuenean...’. Hizketa bizikoa zen, irekia eta modernoa, eta niretzat plazer handia zen Pedrorekin joatea. Ia bigarren aita baten modukoa nuen», azpimarratu du Bañalesek. Europako mendietan «eminentzia moduko bat» izan arren «oso umila» zela nabarmendu du Ibon Idigoras suhiak, eta nahiago zuela oharkabean pasatu. «Mendian pozaren pozez egoten zen beti; bere lekuan zegoen, lasai».

70 urte zituela, Naranjoko mendebaldeko horman

Udaondoren erretiroa, berriz, guztiz kontrakoa izan zen: 58 urte zituen eta sasoiko zegoen; beraz, lanaldiaren lokarrietatik aske, munduko denbora guztia zuen eskalatzeko. Europako mendietara are maizago joaten hasi zen, eta igoerak bata bestearen atzetik kateatzen. Koadernoetan idazten zituen data, bidea, sokalagunak, erabilitako materiala, ohar teknikoak... «Poesia gutxi, baina alderdi teknikoa ondo jasotzen zuen. Eta koaderno bat bukatzen zuenean, beste bat hasten zuen», oroitu du Cubillasek. Mordoxka bete zuen. Egun batean, informazioa excel batera pasatuko ziola eskaini zion lagunak, eta oraindik ere begiak igurzten ditu, datuekin harrituta: 568 igoera egin zituen Europako mendietan, 141 igoera Naranjo de Bulnesen, 82 Peña Santan, eskaladako 56 bide zabaldu zituen eta neguko 21 lehen igoera egin zituen, horien artean Naranjo de Bulnes eta Peña Santakoak.

«Europako mendietako zirrikitu guztiak ezagutzen zituen. Beti ikasten nuen zerbait. Niretzat plazer handia zen Pedrorekin joatea»

WILLY BAÑALES Eskalatzailea

Europako mendietatik kanpo ere egin zituen espedizioak. Erretiroa hartu berritan, 60 urte bete zituen urtean, Patagoniara joan zen Jose Carlos Tamayo eta Jon Lazkanorekin, nora eta Cerro Torre ikusgarrira. Eguraldiak ez zien utzi eskalada burutzen. 1997an Pakistanen izan zen, Spantik mendian (7.027 m). Han ere, biriketako arazo batzuen ondorioz, ez zen gailurrera iritsi, baina mira eginda itzuli zen Karakorumeko menditzarrekin. 2002an, bere ametsetako bat bete zuen, eta Alpamayo gailurra jo zuen Cubillasekin, Idigoras suhiarekin, Txutxi Ubietarekin eta beste zenbait kiderekin.

Pep Masip eta Willy Bañales eskalatzaileak
Pep Masip eta Willy Bañalesekin eskalatu zuen azkenekoz Naranjoko mendebala. P. UDAONDOREN BILDUMA

Naranjoko mendebaldeko hormaren azkenetako igoera Willy Bañalesekin egin zuen, 2003an. «Urriaren bukaerako egun bat zen, eta Rabada-Navarro bidean sartu ginen. Gu baino goizago hasi zen jendea, haize zakarra zela eta, mendebaldeko hormatik jaisten hasi zen. Pedro oso azkar mugitzen zen, nik goitik aseguratzen nuela. Tiros de la Torcan, bidearen erdibidean, zer edo zer edan eta atseden hartu nahi ote zuen galdu nion, eta berak ezetz, atsedena behar bazuen esango zidala. Geldialdirik gabe igo ginen goraino». Pare bat urte geroago, Udaondok jada 70 zituela, La fiesta de Paca bidetik eskalatu zuten mendebaldeko horma Bañalesek, Pep Masip kataluniarrak eta hirurek.

Urrielluko aterpean etxekoa zen ia. «Hango armairuetako batean zaku bat uzten zuen, sokarekin, kaskoarekin eta tresneriarekin, pisuarekin gora eta behera ez ibiltzeko», oroitu du Cubillasek. Gaur egun, aterpeko lau geletako batek Pedro Udaondo izena du, eta han lo egiten dute biharamunean Naranjo eskalatzera doazen askok. Eta Udaondok ere Urriellun jarraitzen du nolabait, eskalatzaile haien ametsen gogaide.

liburuaren fitxa

Pedro Udaondo. Puro alpinismo liburuaren azala

Titulua: Puro alpinismo
Egilea: Isidoro Rodriguez Cubillas
Argitaletxea: Desnivel
Orrialdeak: 256
Prezioa: 21,85 €

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA