Behi baten adarkaden ondorioz, Sara Alonso mendi korrikalaria ez da gehiago lehiatuko aurtengo denboraldian. Ezbeharra ez da Iruñeko sanferminetan gertatu; Katalunian entrenatzen ari zela egin zion eraso behiak, atzo, bizkarretik, eta, zenbait traumatismo eragiteaz gain, seigarren saihets hezurra hautsi zion.
Korrikalari donostiarrak Instagram bidez eman du albistea. «Txantxa puta bat badirudi ere, gaur izan nezakeen amesgaiztorik handiena da. Erabat izorratuta nago», hasi du kontakizuna. Aitortu du sinestezina dirudiela gertatutakoak, baina sekula bizi izan duen egoerarik beldurgarrienetakoa izan dela: «Pentsatzen nuen adarkadaka jarraituko zuela ni hil arte».

Ondorioz, azaldu du ezingo duela aurrera segitu itxura ederra zuen denboraldiarekin —Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazi du, besteak beste—. Alonso ez da izango Fonto Romeu eta Sierre Zinal lasterketetan, ezta bere aurtengo «erronkarik handienean» ere, Montblanceko Ultra Trailean. Dena den, itxaropena du Canfranc-eko munduko lehiaketan eta Golden Trail World Serieseko finalean egoteko.